|
Encarna de la Maza González andreari elkarrizketa. SATSE Euskadiko sindikatuko idazkaria: "Erizain dihardutenen artean, % 17, gutxi gorabehera, gizonak dira. Euskadin, erizainen % 9 gizonak dira, eta % 91, emakumeak. Ginekologian, emaginen artean, ehunekoek behera egiten dute: % 3 gizonezko eta % 97 emakumezko".

1. 2012ko azken hileetan, SATSE sindikatuko ordezkari eta langile guztiek Emakundeko Gizonduz programaren bidez jaso dute berdintasunaren alorreko prestakuntza. SATSEk berdintasunaren alde egin du argiro. Zergatik? Nola balioesten duzue Gizonduzen lankidetza?
SATSE EUSKADIn badakigu, gizarte-eragile garen aldetik, berdintasunerako eskubidearen berme juridikoak jarri behar ditugula, baina horretaz gain, eredu bat ezarri behar dugula, emakumeen eta gizonen arteko benetako aukera-berdintasunarekin engaiatutako lan-kultura sendotzea sustatutako duena; kalitateko enplegu bat lortzeko proposamenak adierazi behar ditugu, eta lan-espazioa eraldatu behar dugu, espazio gizatiarrago, zuzenago eta demokratikoagoa izan dadin, nahitaezko baldintza baita aurrerabiderako eta gure jardunaren oinarri diren printzipio etikoak betetzeko.
Horretarako, beharrezkoa da guztiok alor honetan behar bezala prestatuta egon gaitezen, eta Gizonduz programak helburu hori lortzen lagundu digu. Hori dela eta, oso uste ona dugu bai programa hori egoteaz, bai programaren edukiaz eta garapenaz.
2. Zer helburu du horrelako prestakuntzak? Zer lortu nahi da? Prestakuntzaren alderdiren batean sakontzen jarraitzea aurreikusi duzue?
Helburu nagusia da ordezkariak legitimotasunez eta baliabideez hornitzea, horrela sustatu eta galdegin ahal izango baitute enpresetan eta Administrazio Publikoan berdintasunari buruzko neurriak eta planak egin eta aplikatzea, negoziazio kolektiboaren bidez.
Langileen jakintzak, ahalmenak eta gaitasunak generoa aintzat hartuta egokitzea; hori da gure Berdintasun Planean proposatu dugun helburuetako bat. Beraz, alor horretako prestakuntza egiten jarraituko dugu plana indarrean dagoen artean.
3. Zuen ustez, eguneroko jardunean erizainek zer zeregin dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez?
Erizainak osasun-agenteak gara, pertsonen osasuna zaintzeko ardura dugu, eta herritarrengandik horren hurrean lan egiten dugunez, zeregin garrantzitsua dugu gure eremuan benetako berdintasuna lortzeko.
OMEk honela definitzen du osasuna: erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera, gaixotasunik ez izatetik baino harago doana. Osasuna ez da soilik gai biologikoa, gai soziala ere bada, hainbat aldagairen menpe dagoena, sexuaren menpe, besteak beste. Osasunaren arloko gaietan genero-ikuspegiaz jarduteko, garrantzitsua da genero-begirada izatea, emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasun anatomiko, biologiko eta psikologikoak kontuan hartuko dituena, eta emakumeek zer osasun-premia dituzten jakitea, horrela hobetuko baitira haien bizitzak, senideenak, eta, oro har, gizartearena. Osasuna gure lan-eremua denez, alderdi horietan guztietan eragin dezakegu. Horregatik, SATSE-Euskadin behin eta berriz azpimarratzen dugu oinarrizkoa dela osasuna ikuspegi horretatik aztertzea, eta generoaren desberdintasunei eta ez-parekotasunei buruzko informazioa eman behar dela, osasunaren arloko langileei, bereziki.
Horren haritik, gehienbat emakumeei eragiten dieten gaixotasunei buruzko bideoak eta prentsa-kanpainak egin ditugu ‑titietako minbiziari buruzkoak, esaterako‑, eta barne-prestakuntza egin dugu Osasunari eta Generoari buruz, gure ordezkariak gai horien guztien gainean trebatzeko.
Ezin dugu ahaztu erizainok zeinen zeregin garrantzitsua dugun emakumeen kontrako indarkeria-kasuak antzematen eta emakumezko biktimak zuzen artatzen, kontuan hartuta arazo horrek osasunean arazoak sortzen dizkiela.
4. SATSE-Euskadi Berdintasun Plana egiten dabil. Zeintzuk dira erronka nagusiak? Zer helburu estrategiko planteatzen dituzue?
Plan honen helburuetako bat da genero-ikuspegia zeharka txertatzea SATSE EUSKADIk egiten dituen jarduera guztietan. Halaber, berdintasun benetakoa eta eraginkorra izateko neurriak ezartzea barne jardueran, sexuaren araberako desberdintasuna sortzen duten edo sor dezaketen egoerak saihestea, eta jarduera positiboak indartzea. Nahi genuke plan hau lagungarri izatea plantilla hobeto baliatu eta kudeatzeko; izan ere, horrela, ordezkarien eta langileen iraunkortasuna, gogobetetzea eta motibazioa ahalbidetuko litzateke. Beste helburu bat lehenago ere aipatu dugu: ordezkariak legitimotasunez eta baliabideez hornitzea, beren jarduera-eremuetan berdintasunari buruzko neurriak sustatu eta galdegin ditzaten; izan ditzatela baliabideak errespetuan eta berdintasunean oinarritutako lan-kultura bat ezartzea aldarrikatzeko.
Gure erronken artean dago afiliatuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaz eta generoaren araberako estereotipoez sentsibilizatzea, baita ahaldundu daitezen sustatzea ere.
5. Erizaintzaren sektorea feminizatuta dagoenez, zer eragin sortzen ari da gizon kopurua handitzea?
Munduan erizain diharduten % 17 gizonak dira, gutxi gorabehera. Euskadin, erizainen % 9 gizonak dira; emakumeak, berriz, % 91. Obstetrizia eta Ginekologia, Emaginak, espezialitatean, % 3 dira gizonezkoak, eta % 97 emakumezkoak.
Ehuneko horiek handitzea beti egongo da lotuta erizaintzako lan- eta lanbide-proiekzioa hobetzearekin. Gizonezko erizainak gehitzeak lanbidean izan dezakeen eraginari dagokionez, esan dezakegu gizonezko erizain berriek, emakumezko erizainen posizio profesional eta sozialetatik bereizteko, oraingoz beste lan batzuetara bideratzen dituztela urratsak: Adibidez: kudeaketa edo zuzendaritza lanpostuetara; edo bestela, erizain enplegua aldi baterako lantzat hartzen dute, beren ikasketak beste karrera batzuetan jarraitzeko edo autonomia, independentzia, gaitasun tekniko edo gizarte-aitorpen handiagoko lanpostu batera hurbiltzeko.
6. Zuen ustez, positiboa litzateke karrera hau gizon gehiagok hautatzea?
SATSEn uste dugu erizaintzako lanbidea ez dagoela lotuta gizon edo emakume izatearekin, erizaintzako profesional izatearekin baizik; hau da, erizainek jardun behar dute, estereotiporik gabeko erizainek.
Orobat, Erizaintzarako positiboa litzateke erakundeek lanbidea aitortzea, eta aitortza hori gauzatzea lan egiteko modu autonomoagoei lege babesa eta laguntza emanez eta herritarrek egun duten beharrei egokitutako erizain-dotazioa ahalbidetuz.
7. Erizaintza feminizatuta egon da historikoki. Zuen ustez, horregatik gutxiesten da?
Alde batetik, lanbidea feminizatuta egon da, eta, bestetik, emakumeek gizonezkoei utzi zizkien sendatzaile eta emagin gisa zituzten jakintzak eta trebetasunak, eta ondorioz, zaintzaile izateari utzi, medikuen laguntzaile bihurtu ziren osasun-erakundeetan. Horrek guztiorrek kalte egin zion erizaintza profesionalaren garapenari. Horren eraginez, mediku eta emakume erizainaren arteko harremanak betidanik hartu izan ditu gizarteak gizon eta emakumeen arteko harremanerako agindutako genero-rol berberak: medikuak gizonak ziren, eta kontrola, agintaritza eta jakintza zeukaten; erizainak, berriz, emakumeak ziren, aginduak bete baino ez zuten egin behar, eta zailtasunak besterik ez zituzten jakintza zientifikoan aurrera egiteko beren eskumenen eremuan.
8. Erizaintza desberdina litzateke gizonen eremua izanez gero?
Gaur egun, emakumezko erizainak eta gizonezko erizainak kidego profesional berean daude, baina antzinako bi adar batuta: emakumeena, erizain eta emaginez osatuta, eta gizonena, praktikanteez osatuta. Sailkapen profesional hori 1915ean jaio zen, lana sexuaren arabera bereizita egotean oinarrituta. Praktikanteek, 1952. urtera arte, autonomia profesional handia izan zuten eta praktika pribatu liberalean jardun ziren nagusiki. 1952an, bateratu egin ziren praktikante, erizain eta emaginen ikasketa-planak, eta OLTak sortu ziren. Hala ere, emakumezko OLTak behartuta zauden ospitaleetan barnetegi-erregimenenean prestatzera (edo antzeko eregimenean); gizonezko OLTek, berriz, ez zuten horrelako betekizun eta kontrolik. Prestakuntzan ere nabarmenak ziren desberdintasunak: emakume ikasleen ikasketa-planean “etxeko ikasketak" izeneko ikasgai bat zegoen; gizon ikasleek, aldiz, "autopsia mediko-legala" izenekoa zeukaten. Emakumezko OLTak eta gizonezko OLTak ere bereizita jarraitu zuten bi elkargo profesionaletan.
Demokrazia iristean, 1977an, erizaintzaren lanbidea Unibertsitatean sartu zen, eta EUD izendapenaz (Erizaintzako Unibertsitate Diplomadunak) ikasketak bateratzeko behin betiko prozesua abiatu zen. Baina ordutik 35 urte igaro diren arren eta erizaintzako unibertsitate-ikasketak une honetan Erizaintzako Gradua titulua lortzera bideratuta dauden arren, oraindik ere gizonezko erizain batzuek ez dute baztertu nahi erizainen aspaldiko izendapena: Osasun Laguntzaile Teknikoa (OLT); hori ikus daiteke kontsulta pribatu batzuen errotuluetan, baita aldizkari profesionaletan ere.
Ondorioz, sistema soziokulturalak ez ezik, erizainek eurek ere ez dute erraz onartzen “erizaintzako zaintza-lanei" ikuspegi profesionalizatu bat ematea. Gizonezko erizainek oraindik ere gurago dute lanaren zati teknikoa, eta horretarako, nahiago dute praktikante edo OLT deitura, “erizain” izendatzea baino; praktikan, emakume erizainen lanetik bereiziko dituzten lanpostuak hautatzen dituzte, "zaintzea" gutxi aitortutako lana dela iritzita. Erizaintza maskulinizatzea, gizonezko erizain askoren iritziz, onuragarria da aitorpen profesionala berreskuratzeko eta goratzeko, eta gizarte- eta lan-posizioa hobetzeko.
9. Bereizkeriazko traturik ikusten al duzue emakumezko eta gizonezko erizainen arteko lan-praktikan?
Irudipena dugu desberdina dela medikuaren eta gizonezko erizainaren arteko harremana eta medikuaren eta emakumezko erizainaren artekoa. Lehenengo harremana horizontalagoa da, eta erizaintzaren zeregin propiora mugatua; bigarrena, aldiz, bertikalagoa da, eta emakumezko erizaina medikuaren menpe egoteaz gain, ama eta etxeko andre batentzat espero den eredura ere egokitu behar da.
Egoera hori aldatzen ari da emakumeak medikuntzan sartzen ari direlako, gizonak erizaintzan sartzen ari direlako eta Erizaintza autonomoa izan dadin nahi delako. Erizaintza feminizatuta egoteak lanpostu-banaketan eragiten du, eta haien lanbide garapena eta lan-produktibitatea oztopatzen. Lanpostuen banaketari dagokionez, esan behar da zaintzarekin lotutako lanpostu gehienak emakumeek betetzen dituztela, eta tresnak erabiltzearekin edo teknika paramedikoak egitearekin lotuta daudenak, gizonek. Baina, bestalde, egungo ekonomia-egoerari esker, emakumezko erizainen lana heroiko bihurtzen ari da, gero eta gehiago. Emakumezko erizainen lanera etxeko eremuko ereduak eramaten ari dira. Horrela, emakumezko erizainak askoz ere jarduera gehiago egiten ari dira, lanbideagatik dagozkienez gain. Beren lana etenez beteta dago, eta erabiltzaileek eskatzen duten edozein arazo konpontzeko eskatzen zaie. Gizonezko erizainek, berriz, askoz ere eten gutxiago izaten dute, eta askoz ere gai gutxiago galdatzen zaie. Nabarmentzekoa da, halaber, gizonezko erizainen artean ez bezala, emakume erizain askok lanbidea uzten duela, zailago duelako etxeko lanak eta lanbidekoak bateragarri egitea; egoera hori larritu baino ez du egiten lanaren gogortasunak eta ordutegien desordenak (goiz, arratsalde eta gaueko txanda birakariak). Emakumezko erizainen artean absentismo handia dago, eta kudeatzaileak kexu dira. Hori aipatu egoeraren isla da, zeren eta, askotan, familiako edo etxeko arazoren bat izaten da sakonean, seme-alabaren edo adineko edo menpeko baten zaintzarekin lotutako arazoren bat.
10. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako aurreko Foroan adierazi zenutenez, "osasunean inbertitzea berdintasunean inbertitzea da"... Zer lotura dago berdintasunaren eta osasunaren artean? Azalpena sakontzerik bai?
SATSE-Euskadin uste sendoa dugu osasunean inbertitzean berdin inbertitzen dela berdintasunean. Erizaintzako zaintza profesionaletan inbertitzeak eta osasun alorreko murrizketak gelditzeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean inbertitzea dakar. Funtsezkoa dugu horretaz jabetzen hastea. Zergatik? Zaintza-lanen ardura gehienbat emakumeek hartzen dutelako, oraindik ere. Ditugun azken datuek adierazten dutenez, edozein adineko menpekoen % 81 familiarteko batek zaintzen du, eta zaintza-lan horiek egiten dutenen profila emakumeena da gehienbat. Zaintzak emakume-aurpegia du.
Beraz, osasun arloko eredua behar beste baliabidez hornitzen ez bada, asko okertuko da zaintzaile informalen (gehienbat emakumeen) egoera, eta berriz ere handituko da genero-arrakala.
Osasun alorrean murrizketak egiteko politikak Ongizatearen Estatua eraisten ari dira, eta genero-rolak betikotzen, ideia hau betikotzen: zaintza-lanak ez dituzte zaintzaile profesionalek egin behar, emakumeek baizik, eremu pribatuan gelditzen zaien denboran.
Osasuneko gastu publikoan egindako “aurrezkiak”, horrenbestez, Estatuak erkidegora eta familietara bideratzen dituen kostuak baino ez dira. Baina, emakumeengana bideratzen dira, batez ere.
11. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez, baikor zaudete? Ezkor?
Ondotxo dakigu inguruabarrak ez direla onenak, mundua menderatzen dutenek oso ondo antolatu dutela diskurtsoa, sindikatuak beharrezkoak ez garela sinestarazteko, berdintasun-politikak beharrezkoak ez direla pentsarazteko ‑berdintasuna dagoeneko lortu dugulako‑ … Baina langileen eskubideen kontrako atentatuek, egunero ikusten ditugun gizarte-desberdintasunek ‑zeintzuek gehiago kolpatzen dituzten emakumeak‑ … hori horrela ez dela erakusten digute, eta orain, inoiz baino gehiago, erne eta zoli egin behar dugula, eta lanean jarraitu behar dugula beste gizarte-eredu bat lortu arte: gizarte-eredu zuzen eta demokratiko bat, non antolaketa sozial erantzukidea sustatuko den eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatuko.
|