Elkarrizketa: Graciela Hernández
Graciela Hernández Morales soziologoa eta hezitzailea da. Emakunderen Nahiko programako VI. mintegian hartu zuen parte 2012an “Nork bere bizimodua erabaki, aukeratu eta sortzeko borondatea” izeneko ponentziarekin: “Kolorez eta bizitzaz betetako mundu bat imajinatzen dut, poroak zabal-zabalik dituzten gorputzez, esku sortzailez eta kuriositatezko begiradez betea. Alegia, etengabe mugitzen ari den mundua”
Gure lehen galderak zure ponentziaren izenburuarekin du zerikusia: Aukera berak al dituzte neskek eta mutikoek euren bizimodua aukeratu eta sortzeko?
Neskek eta mutikoek dituzten aukerak ez daude harremanetan soilik legeekin edo boterea sortzeko moduarekin. Zerikusia du neska-mutikoengan jartzen diren itxaropenekin, bidean aurkitzen dituzten askatasun erreferenteekin, norberaren historiarekin eta abar.
Ez dakit; hain denez konplexua hau guztia, zaila egiten zait baiezko edo ezezko erantzuna ematea. Adibide bat soilik jarriko dut: har dezagun mekaniko lanbidea, ez da harritzekoa neska batek horretan lan egiteko gogorik ez izatea tailer mekaniko batean sartu eta han dagoen giroa ikusten duenean.
Une historiko honetan, olde ultrakapitalistak mehatxatzen gaituelarik, emakumeak aukerak galtzen ari dira gizonekin konparatuta.
Zentzu horretan, zuk diozu gaur egungo emakumeek eta neskatilek ikasi dutela euren aukerak zabalduz gero eta “gizonen gauzatzat” hartu ohi ziren jardueretan sartuz gero, irabazi egiten dutela. Oraindik gizon eta mutiko askok, berriz, sentitzen dute “emakumeen gauzatzat” hartu direnetan sartuz gero, galdu egiten dutela.
Zein neurritan dira desberdinak oraindik ere neskek eta mutikoek eraikitzen dituzten bizi proiektuak?
Presio handia dago emakumeak gizonen berdinak izan gaitezen; hain zuzen ere, emakumeok geure egin ditzagun tradizionalki gizonenak izan diren proiektuak. Alegia, gizakiok dependentzia dugula, zainketak eta arreta behar dugula ahazten duten proiektuei buruz ari naiz. Lan merkatuan beste ezertaz ere arduratu gabe mugitzen den gizonez dihardut.
Hala eta guztiz ere, emakume gehienek kontuan izaten dute lan beharra ez ezik giza bizitzaren iraunkortasuna ere, bere familiatik hasita.
Eta, halabeharrez, gero eta gizon gehiagok uko egiten diote soilik errentagarritasun ekonomikoari begiratzen dion maskulinitate eredu horri, desertatu egiten dute. Agian, eredu horretarako emakumeak lortzeko ahaleginak zerikusia du desertzio horiek ordeztearekin.
Hau guztia diot, garrantzitsua iruditzen baitzait hausnartzea zein norabidetan garamatzan sortzen ari garenak. Horrenbestez, nire nahia ez da homologazioa, baizik eta aniztasuna. Hain zuzen ere, gizon-emakumez osatutako aniztasuna, bizitzaren zainketa eta iraunkortasuna kontuan izango duena eta guztioi geure alderdi eta ahalmen guztiak garatzeko aukera emango diguna.
Zure idatzietan bi helburu nagusi aipatzen dituzu baterako hezkuntzarentzat. Alde batetik, justizia; neska-mutiko guztiek eskubide eta aukera berberak izan ditzatela. Eta beste alde batetik, askatasuna; neska-mutiko guztiek euren “gizon izatea” edo “emakume izatea” nahi duten bezala adieraz dezatela, bortxakeriarik eta aurrez ezarritako klixerik gabe. Gaur egungo eskola norabide horretan doa?
Ezetz esango nuke.
Nire ustez, gaur egun eskolan zein mundu honetako beste arlo batzuetan diskurtso nagusiak gorputza eta sexua gai hutsal bihurtzen ditu, sexu batekoa nahiz bestekoa izan axola ez balio bezala. Eta hortik abiatuta ari dira berdintasun eredu batzuk sortzen.
Beraz, lantzen ari den bidea ez da neska-mutikoek nork bere sexua, bere gorputz sexuduna, aitortu dezatela eta aitorpen horretatik erabaki dezatela norantz jo nahi duten eta zer-nolako zentzua eman nahi dion bakoitzak duen sexuari aukera, eskubide eta baliabide guztiekin.
Alderantziz, nire ustez oso etereoa den zerbait sortzen ahalegintzen ari dira, gorputzik eta haragirik gabeko berdintasuna, alegia. Eta hori, nola edo hala, gorputza/arima edo gorputza/arrazoia dikotomia patriarkalera itzultzea da.
Pena ematen dit, izan ere nire ustez bidean galtzen ari da bi sexu desberdin hierarkiarik eta desberdintasunik gabe egoteak eman dezakeen aberastasuna.
Zure ponentzian plazaratu duzunez, zein berdintasun nahi dugun eta berdintasuna diogunean zeri buruz ari garen pentsatu behar genuke sakon. Zer esan nahi duzu?
Aurreko galderaren erantzunean erantzun diot pixka bat honi ere.
Emakumeok gizonekin berdintzeko ahaleginaren arriskua nabarmenduko nuke. Duela gutxiko bi adibide ditut. Orain dela aste batzuk, emakume batzuk Bartzelonako burtsan elkartu ziren IBEXeko enpresen goi zuzendaritzan egoteko eskubidea aldarrikatzeko. Aste horretan bertan, Pentagonoak argi berdea eman zion emakumeak gerretako lehen lerroko postuetan egotea bermatzen dion araudiari.
Hori nahi dugu? Gerrara joateko eta burtsan espekulatzeko prest dagoen jende gehiago?
Nik, behinik behin, beste zerbait nahi nuke. Ez dut nahi berdintasun patriarkalik (gizon patriarkalaren ereduaren neurrira egindakoa). Ezta berdintasun kapitalistarik ere (errentagarritasun ekonomikoari bizitzari baino lehentasun handiagoa ematen dion gizonaren eredutik abiatuta egindakoa).
Nire ustez, premiazkoa da gauza horiei buruz hausnartzea.
Nola sor daitezke mundua berdintasunez ulertu eta bizitzeko neska-mutikoentzako tresnak baterako heziketa proiektu batetik?
Uste dut garrantzitsua dela kontuan izatea mundua bakarra dela eta sexuak, berriz, bi.
Zer esan nahi dut horrekin? Bada, emakumeen esperientzia historiko guztia aitortu egin behar dela bere aberastasun eta konplexutasun guztiarekin eta eskolara ekarri behar dela. Horrenbestez, neska-mutikoek ulertuko dute maskulinoa partziala dela, alegia munduaren zati bat besterik ez dela.
Gainera, oso garrantzitsua da gizona izateko beste modu batzuk ezagutzea ere, ez soilik “irabazle handiena”. Irakasleek aberastasuna ekarri behar dute eta giza aniztasunean aberastasuna aurkitzen ikasi behar dute.
Hortik aurrera, gakoa neska-mutikoengan konfiantza izatean datza, entzun egin behar zaie, euren bidean lagundu eta desio dutena, alegia, zoriontsu egingo dituen hori izan daitezen lagundu.
Gure lana zein da, neska-mutikoak bizitzarako ala merkaturako prestatzea? Bizitzeko balio izango duen lan baterako ala lan egiteko balio izango duen bizitzarako? Prestakuntza edo bideratze hori, zein neurritan baldintzatzen dute gaur egun genero estereotipoek?
Uste dut erantzun diodala dagoenekoz galdera honi.
Emakume izateari uko egin ez dion batek, hau da, historia femeninoari eta bere gorputzari bizkarra eman ez dion batek badaki zenbat kostatzen den bizitzea, zaintzea, mundu hau bideragarri egitea eta abar.
Emakumeak, bizitzak iraun dezan, besteak bere burua utzi gabe zaintzen ikasi beharko du, baina zaintzeari ere utzi gabe.
Gizonek, berriz, mundu oso bat dute deskubritzeko emakume hauengandik ikasiz eta bizitza eurekin partekatuz, hain zuzen ere, botere posizio batean kokatu gabe eta emakumeok euren kopia bat izatea eskatu gabe.
Nire ustez, abiapuntu horrekin gizon-emakumeok askeagoak eta zoriontsuagoak izango ginateke.
Honako hau diozu: “Geure burua gorputz gisa onartzeak esan nahi du geure ahultasunarekin eta dependentziarekin harremanetan jartzea” Nola etor daiteke bat zure adierazpena independentzia eta autonomia, besteaz uko egitea bezala ulertuta, gero eta gehiago nabarmentzen dituen eredu batekin? Gaur egun gorputzak gauza bera esan nahi du emakumeentzat eta gizonentzat?
Nahikoa da gogoan izatea inor ez ginatekeela hemen izango, ez gizon ez emakume, amak ez bagintu mundura ekarri, ez bagintuzte zaindu eta ez baligute jaten eman eta ez baligute maitasuna eta arreta eman.
Izutu egiten nau independentziaren aldeko apustu horrek. Nire ustez, nolabait, giza izaera ahaztea da eta bizitza bakoitzak besteengan zer nolako eragina duen ere ahaztea.
Gauzak ulertzeko modu hau maskulinitate patriarkal ereduari dagokio. Eredu horrek mespretxatu egiten du arropa garbitzen duena eta jaten ematen dizuna. Eredu horren eraginez mutil batzuek pentsatzen dute lelokeria bat dela esker onekoa izatea edo gauzak “mesedez” eskatzea.
Beste alde batetik, emakumeek ikasi behar dute dependentziak ez duela esan nahi norbaiten mende egotea. Besterik gabe, norbere burua gizakitzat hartzea esan nahi du, eta horrek ez du esan nahi nahitaez nork bere zentroa galdu behar duenik edo horregatik nork bere bizitzaren jabe izateari utzi behar dionik.
Niri, behintzat, besteekiko dependentzia dudala jakiteak askatasuna eman egiten dit, eta ez kendu. Harremandun askatasuna ematen dit, humanoagoa eta bizigarriagoa.
Zure idatzietan nesken eta mutikoen berezitasunei arreta jarri beharra azpimarratzen duzu. Nola egin daiteke hori? eta nola lotu daiteke pertsonen eraikuntza sozialarekin?
Nik entzutea nabarmenduko nuke doktrinamendua baino, oraina etorkizuna baino, harremana errentagarritasuna baino, zentzua notak baino.
Nire ustez, edozein pertsonak sekulako potentziala du, baina entzun gabe eta konfiantzarik gabe zaila da potentzial hori azaleratzea.
Hortik abiatuta, kolorez eta bizitzaz betetako mundu bat imajinatzen dut, poroak zabal-zabalik dituzten gorputzez, esku sortzailez eta kuriositatezko begiradez betea. Alegia, etengabe mugitzen ari den mundua.
Bukatzeko, ezkorra ala baikorra zara berdintasunaren inguruan?
Esan ditudanak esanda, gero eta zailagoa egiten zait berdintasunari buruz hitz egitea. Erosoagoa egiten zait justiziari eta askatasunari buruz jardutea. Gero eta emakume gehiago ikusten dut bere gorputzen eta bizitzen jabe egiten, eta gero eta gizon gehiago bizimodu gizatiarrago baten bila. Indartsu datorren korronte ultrakontserbadore bat ere ikusten dut.
Dena den, konfiantza dut gizakiarengan eta IZATEKO, osotasunez bizitzeko eta erresistitzeko dituen gogoengan.
