Julio César González Pagés Maskulinitateen Sare Iberoamerikarraren koordinatzaileari egindako elkarrizketa.

"Matxismoaren prozesuak ziklikoak dira eta belaunaldi bakoitzak hegemonia maskulinoko modu berriak sortzen ditu"

Kubako gizonei buruzko irudi oso estereotipatuta iristen zaigu ozeanoaren alde honetara. Zer da “Arra, Gizona, Maskulinoa izatea” gaur egungo Kuban?

Hain zuzen ere, esaldi horixe da gizon kubatarrek gehien esaten zigutena azken hamar urteetan herrialdeko probintzia guztietan egin ditugun maskulinitate tailerretan. Gizon kubatar arruntarentzat “arra, gizona, maskulinoa” izatea sexualitatea baino zerbait gehiago da; maskulinitate hegemoniko bat berrestea da, horrek emango baitio bidea bere protagonismoa legitimatzeko bi gizon taldeen artean erdibiderik ez dagoen mundu batean: menderatzailea edo menderatua zara.

Ba al dago Kuban belaunaldien arteko jauzirik gizonek berdintasunaren alde duten inplikazioari dagokionez? Nola ikusten dituzu gazte kubatarrak zentzu horretan?

Gazte kubatarren artean matxismoa aurpegi desberdinak hartzen joan da, baina, zoritxarrez, oso osasun ona du oraindik ere. Askok uste dute estetika aldatzeak, adibidez bizarra kentzeak edo fisikoa gehiago zaintzeak, jarrerak aldatzea dakarrela, baina ez da horrela. Genero berdintasunari buruzko oinarrizko gaietan oso estatistika kezkagarriak ditugu.

Matxismoaren prozesuak ziklikoak dira eta belaunaldi bakoitzak hegemonia maskulinoko modu berriak sortzen ditu. Arreta jarri behar diogu horri eta azaleko azterketak saihestu, izan ere, gazteenak gai garrantzitsu hauetan ez direla hain kontserbadoreak pentsatu ohi dugu beti.

Iaz Bartzelonan egin zen Maskulinitateei eta Ekitateari buruzko lehen Kongresu Iberoamerikarrean hartu zenuen parte. Zer nabarmenduko zenuke han ikusi, entzun eta bizi izan zenuenetik? Aurkitzen duzu elementu komunik Kuban edo Latinoamerikako beste leku batzuetan gertatzen ari denarekin?

Kongresu garrantzitsua izan zen, batez ere Espainian berdintasunaren inguruko gaietan egiten ari dena ezagutzeko. Internet bidez ezagutzen ditugun lagun asko aurkitu ahal izan genituen. Bartzelonan zenez, Latinoamerikako jende askok ezin izan zuen joan bidaia oso garestia zelako.

Hori dela eta, egia esan, Latinoamerikatik oso gutxi izan genuen, hitzaldi nagusiak Australia, Italia eta Espainiako adituek eman baitzituzten, baina ez Latinoamerikako gizonek behar duten ikuspegi geografiko, multietniko eta arrazialarekin.

Itxaropen handiarekin iritsi nintzen Maskulinitateen lehen Kongresu Iberoamerikarrera, baina espektatibok ez ziren bete, ez baitzen eztabaida plurala izateko zubirik eraiki. Aktibismoaren eta akademiaren arteko topaketa egongo zela iragartzen zuten slogan batean, baina ez zen horrelakorik lortu. Aktibistek eta akademikoek bananduta eztabaidatu genuela begi-bistakoa izan zen, nahiz eta foro berean parte hartu genuen guztiok.

Zure ustez, berdintasunaren aldeko gizonen mugimendua sortzea posible da edo beharrezkoa da? Nolako osasuna izango luke mugimendu horrek Kuban?

Mugimenduak sortzen dira eremu publikoan eragin handia duen militantzia bat dagoenean eta horrek gizartearen gainontzeko zatia konbentzitzen duenean gaiak duen garrantziaz. Gaur egun, hori utopikoa da, baina ez da ezinezkoa. Oraindik ere oso gizon gutxi mobilizatzen dituzte dauden taldeek, baina beharrezkoak dira hegemonia maskulinoei aurre egiteko ezinbesteko aldaketaren hasiera izan bailitezke.

Kuban Indarkeriaren Aurkako eta Berdintasunaren Aldeko Gizonen Plataforma sortu genuen Kubako Maskulinitateen Foroa, Arnulfo Romero Hausnarketa Taldea eta Maskulinitateen Sare Iberoamerikarra eta Afrikarra (RIAM) koordinatzaile zirela iazko abenduan, baina oraindik ere antolatzen ari gara. Lan handia kostatzen da gizon kubatarren zati handi bat mugitzea ohikoak ez diren gaietan.

Zer harreman du berdintasunaren aldeko gizonen mugimendu horrek mugimendu feministarekin?

Aliantza hori ez da ezinezkoa. Berdintasunaren aldeko gizonek eta mugimendu feministak bere agenda dute bakoitzak, baina gai batzuetan elkarrekin egon behar dugu gizartearen eta gure gobernuen arreta lortzeko. Horrela lortu ahal izango dugu oraindik ere ideologia politikoetan eta boterean nagusi diren egitura patriarkalak aldatzea. Aliantza horrek sendotu egingo gaitu gure ametsetan beti eraiki nahi dugun mundu hobeago eta posible hori lortzeko mugimendu eraldatzaile gisa.

Zer da Maskulinitateen Sare Iberoamerikarra? Zeintzuk dira zuen helburuak? Zein proiektu ari zarete garatzen?

Maskulinitateen Sare Iberoamerikar eta Afrikarra (RIAM) 40 herrialdetako gizon-emakumeen talde batek osatzen du. Euren helburua da maskulinitateen inguruko gaietan gure eskualde osoan egiten den lan akademikoa eta aktibista lotzea. Latinoamerikan topagune bat behar genuen liburuak, tesiak, saioak, topaketen memoriak, foroak eta bideoak partekatzeko eta errealitate latinoamerikarrari gehiago lotutako gizon izateko beste modu batzuk erakusteko, eta horrexegatik sortu zen sarea.

Badira beste talde batzuk eskualdean, baina Sareak guztiei laguntzeko asmoa du, ahaleginak bateratu eta edozein hegemonia teknologiko eta ekonomiko hausteko. Gure lanak eta bideoak doan lor daitezke eta webgunetik “jaitsi” daitezke batere zailtasun barik, izan ere Latinoamerikan internet ez da lehen mundua delakoan bezain azkarra. Haustura ekonomikoak, kulturalak eta beste edozein motatakoak gainditzea dugu helburu.

Helburu asko ditugu, baina nagusia patriarkatuaren, matxismoaren eta indarkeriaren aurkakoa da, mundu guztian oso osasun ona baitute. Proiektu asko egiten ari gara hiru gai batera landuz, musika, kirola eta sexua, alegia, guztiek ere interes handia pizten baitute gizonen artean. Gizon-sektore zabaletatik sortutako eztabaida proposamenak plazaratu nahi ditugu. Izan ere, argi dugu ez dugula nahi proiektuak geure bizipen pertsonaletatik sortutako errealitateei buruz egiterik.

Arreta eman digu Sare Iberoamerikarraren adar “Afrikarra” ezagutzeak. Nola sortu zen ekimen hori?

Hemen Hegoa-Hegoa elkarlanaren prezeptuak funtzionatzen du. Afrikako ikasle asko ditugu Kuban. Horregatik, hasteko, 10 herrialderekin hartu genuen konpromisoa maskulinitateei buruzko gaietan doan garatzeko soziologoak, psikologoak eta beste arlo batzuetakoak. Helburua zen Afrikako unibertsitateekin harremanak egitea, adibidez GIB-IHESaren ikerketetan ibilbide luzea zuten unibertsitateekin. Dagoenekoz, lortu ditugu lehen emaitzak eta oso itxaropentsuak dira, egia esan.

Badago benetako topagune iberoamerikarrik? Nolako harremanak dituzue Europako eta munduko beste leku batzuetako kideekin?

Bai, sarea osatzen duten eskualdeko 32 herrialdeekin topaketa, txosten, tailer eta konferentzia iraunkorrak izatea lortu dugu. Gainera, Iberoamerikako aditu gehienekin elkarlanean ari gara eta etengabe bidaltzen dizkigute euren ikerlanak.

Europan, Espainia eta Portugalekin dugu lotura, bi herrialdeekin lotzen gaituzten harreman historiko eta kulturalak kontuan hartuta eta gure sustrai matxistak aztertzeak duen garrantziagatik, izan ere sarritan alderdi kulturaletik edo hezkuntzarenetik justifikatzen dira sustraiok. Australia eta Asiatik ere jaso dugu laguntza baina lehentasunezko gure lurraldeak hauek dira: Iberoamerika eta Afrika.

Orainari eta etorkizunari buruz, ezkorra? baikorra?

Beti oso baikorra naiz, izan ere lortu nahi ditugun aldaketak kasu askotan agian ikusi ere ez ditugu egingo. Dena den, beste belaunaldien etorkizunaren alde ari gara lanean, alegia, bakearen kultura eta indarkeria desagerraraztea lorpen iraunkorrak izango diren etorkizun baten alde. Horregatik, orainetik egiten dugu lan, atsedenik gabe eta ezkortasuna albo batera utzita.