|
Loli García Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikarako zuzendariari egindako elkarrizketa: “Emakumeak lan munduan sartu ginenean, gure gizartean ez zen hausnartu nork edo nola egingo zen ordura arte emakumeek egiten zutena”

1.- Gobernu Kontseiluak Familiei laguntzeko erakundeen arteko III. plana onartu zuen 2011 bukaeran, 2011-2015 aldirako[1]. Euskadiko familien egoerari buruzko diagnostiko sakon baten ondoren jaio zen plana. Zein datu dira aipagarrienak?
Diagnostikoa[2] oso zabala da eta Euskal Autonomia Erkidegoko familien irudi bat ematen digu. Aipagarrienak hauek dira: familia ereduen aniztasunak gora egin du, kide kopuruak, berriz, behera, euren ardurapean seme-alabarik ez duten adinekoen familiek eta pertsona bakarreko familiek gora egin dute. Hori guztia, jaiotza tasa txikia delako (Espainiakoa baino txikiagoa eta Europakoen artean txikienetarikoa) eta horrekin eta bizi-itxaropen handiarekin gizartea zahartzen ari delako. Gainera, beste elementu batzuek gazteen emantzipazio goiztiarrerako oztopo dira, adibidez, lan prekarietatea, etxebizitza eta krisia. Horrenbestez, zaila egiten da familia berriak sortzea eta jaiotza-tasak gora egitea belaunaldi arteko beharrezko erreleboa gerta dadin.
Joera demografiko horiez gain, bada beste elementu oso garrantzitsu bat ere: familiek zailtasuna dute kideek familian eta lanean dituzten eginkizunak bateratu ahal izateko, batez ere umeak hazteko eta adinekoak zaintzeko.
Horren arrazoia da, besteak beste, gizarte gisa ez dela hausnartu zein ereduk ordezkatuko dituen emakumeek lan mundura sartu aurretik izan ohi zituzten eginkizunak. Ondorioz, ez dira jarri hori zuzentzeko baliabideak, esate baterako umeak hazten eta adinekoak zaintzen laguntzeko behar beste zerbitzu sortzea, gizarte antolamendu berri bat sortzeko.
Hori guztia zenbakietan islatzen da. Adibidez, EAEko soldatapeko populazioaren % 16,7k zailtasunak ditu behar bezala kontziliatzeko eta guraso langileen kezka nagusien artean dago seme-alabekin kalitatezko denbora gehiago pasatzea; euskal familien % 12,6k ekonomikoak ez diren arazoak ditu adin txikikoei edo zaharrei arreta ematearekin lotuta eta kasuen % 8k hori arazo garrantzitsua dela deritzote. Gainera, emakumeen % 21,1ek lan gehiegi du lanaldi bikoitza dutelako lanean eta etxean, etxeko lanetan 60 ordu baino gehiago egiten baitituzte.
Bukatzeko, alderdi kualitatiboen artean aipagarria da neska-mutikoentzat eta gazteentzat familiak duen garrantzia, eta gurasoen nahastea seme-alabentzako dedikazioa, babesa, autonomia eta mugak konbinatzeko orduan. Batzuetan, esandakoen ondorioz, gurasoek beste batzuengana jotzen dute (profesionalengana, aitona-amonengana…) balioetan hezteko erantzukizuna deskargatzeko, nahiz eta eurak izan seme-alabentzako eredu nagusia.
2.- Planaren zein ardatz estrategiko nabarmenduko zenuke
Lehen esandakoari jarraiki, hauek nabarmenduko nituzke, besteak beste, Familiei laguntzeko erakundeen arteko III. planean:
Familien ahalduntzea, botere publikoek laguntza eman behar diete familiei euren eginkizunak eta bizitza proiektuak definitu eta garatzerakoan eta horiek hobeto bete ahal izateko prestakuntza emango dieten programak egin behar dituzte.
Erantzukidetasunez kontziliatzea, tresna berri eta eraginkorrak bilatuz lanean eta bizitza pertsonalean, familiakoan barne, ditugun eginkizunen arteko beharrezko oreka lortzeko bidean pertsona guztiak eta gizarte osoa pertsonalki eta aktiboki inplikatu dadin.
Zergatik hitz egiten dugu erantzukidetasunezko kontziliazioari buruz? Gure ustez kontziliazio terminoa zabaldu eta erantzukidetasunari lotu behar zaiolako, bi norabidetan hedatzeko:
Familian, bikoteko bi kideek eta familiako gainontzeko kideek –seme-alabek… bakoitzak bere ahalmenaren eta garapenaren neurrian– inplikatu behar dutelako etxeko lanetan eta zaintza lanetan. Horrela, lanak orekaz banatuko dira; ondorioz, eskatzen duten ahalegina gehiago baloratuko da, eta berdintasun maila handiagoa lortzeko behar den aldaketa kultural eta soziala lortuko da.
Gizartean, kontziliazioaren ardura ez delako soilik horren eragina jasaten dutenena, baizik eta gizarte osoarena. Gainera, aldaketa indartsuenak lortzeko bidea kultura eta egitura sozialak aldatzea da, zehazki gizarte erakundeak, enpresak, administrazioak eta gizartea oro har. Beraz, enpresen kultura ere aldatu egin behar da, zerbitzu publikoen ordutegiak zabalagoak eta malguagoak egin behar dira eta hirigintzako planifikazioa ere aldatu egin behar da.
3.- Familia eten gabe aldatzen doan erakundea da. Gizon-emakumeen arteko berdintasuna barneratu dute familia mota berriek ala rolak banatzeko eskema tradizionalekin funtzionatzen jarraitzen dugu?
Ezin dugu ukatu aurrera egin dela alor honetan. Dena den, datuak kontuan hartuta ez dela nahikoa esan dezakegu eta neurri handi batean oraindik ere rolak banatzeko eskema tradizionalekin funtzionatzen jarraitzen dugula.
Emakumeak lan munduan sartu ginenean, gure gizartean ez zen hausnartu nork edo nola egingo zen ordura arte emakumeek egiten zutena. Gure gizartearen oinarriak patriarkalak direnez eta etxeko lanak egitea eta seme-alabak edo menpekotasunen bat dutenak zaintzea emakumeei soilik dagokien gaia dela ulertzen denez, gizonak ez dira behar beste hasi lan horiek egiten eta gizarteak ez ditu jarri behar diren zerbitzuak.
Baina testuinguru honetan, garrantzitsua da azaltzea emakumeak bidegabekeria horiek jasateaz gain aldaketa eragileak ere bagarela. Horregatik, kontziente izan behar dugu gure inguruan gauzak alda ditzakegula, bai mikro mailan, bikotekidearekin eta seme-alabekin erantzukidetasuna bultzatuz, baita makro mailan geure lekua eta eskubideak aldarrikatuz. Bide luzea geratzen da erantzukidetasunaren helburua lortu arte.
4.- Dirudienez, azkenaldian errealitatearen ikuspegi igualitarista nagusitu da. Horrenbestez, ematen du gizonak eta emakumeak berdin inplikatzen direla benetan zaintza lanetan. Zer iruditzen zaizu? Zer diote datuek?
“Berdintasun liluratzat” jo dezakegun zerbait gertatzen da. Lege aldetik genero berdintasuna lortu da, baina datu objektiboek erakusten dutenez, seme-alabak eta menpekotasunen bat duten senideak zaintzea eta etxeko lanak batez ere emakumeek egiten dituzte, nahiz eta sarritan etxetik kanpo ere lanean jardun. Ez dago hainbat datu aztertzea besterik: emakumeen jarduera tasak, arduradun lanpostuak dituzten emakumeei buruzko datuak, emakumeen aurkako soldata desberdintasuna edo gizon eta emakumeek etxeko lanak egiten edo menpekoak zaintzen egiten duten denbora. Horretan emakumeok oraindik ere “txapeldunak” gara.
“Berdintasun lilura” horrek erlaxatzea ekarri du eta horrek arduratu egiten nau. Badirudi egin zitekeen dena egin dela eta horregatik lasai gaudela. Dena den, aldaketa garrantzitsuena egiteko dago eta kulturala da, hezkuntzakoa, eta belaunaldi berriak nahasmen horren menpe egon litezke. Bikote gazteetan argi eta garbi desberdintasunezkoak diren egoeren adibideak izaten ditugu sarritan, nahiz eta eurak ez izan horretaz kontziente.
5.- Beraz, gizon-emakumeen arteko erantzukidetasuna oraindik ere “lortu ez den helburua” dela esan genezake?
Ez, ez da lortu, eta datu estatistikoak oso argiak dira. Gainera, nire ustez helburu hori epe luzerakoa da eta gure seme-alabek berdintasunezko eta erantzukidetasunezko heziketa izan dezaten lan egin behar dugu, gizon eta emakumeak kontzientziatzen, fronte desberdinetatik egunez egun, urte asko.
Ez da soilik administrazioen eginkizuna, denok baitugu zeregin garrantzitsua. Familiei laguntzeko erakundeen arteko III. planean horixe da bultzatu beharreko gai nagusietariko bat, baina aurrera egin ahal izateko gizarte eragile askoren partaidetza behar dugu: hedabideak, enpresak, erakundeak eta gizon-emakumeak.
6.- Planeko zein neurri aipa daiteke gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko helburuarekin duten lotura zuzenagatik?
Bizitza pertsonala, familia-bizitza eta lan-bizitza erantzukidetasunez uztartzea bultzatzeko 19 neurri daude. Horien artean, nabarmentzekoak dira lan-bizitza, familia-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko kostuak konpentsatzeko familiei eta enpresei zuzendutako laguntza ekonomikoak; kontziliazioan gizon-emakumeek dituzten eskubideak zabaltzeko behar diren lege aldaketak sustatzera zuzendutakoak; enpresa eta sindikatuei zuzendutakoak enpresetako lan hitzarmenetan kontziliazio neurriak bultza daitezen; enpresak antolatzeko modu berriak sortzera zuzendutakoak, batez ere ordutegi malgutasuna, lan ordutegiak gainontzean ditugun rolekin bateragarriak izan daitezen; denbora bankuen ekimen esperimentalak; ordutegi sinkronizazioko esperientziak; gurasotasun positiboaren garrantziari buruzko kontzientzia sustatzeko neurriak, oso garrantzitsua baita aitaren rola aktiboki ezartzea seme-alabak hazteko prozesuan.
7.- Zein urrats eman beharko genuke erantzukidetasunezko kontziliazioa lortu ahal izateko?
Hauek ari gara egiten eta bultzatzen, apaltasunez:
Kontziente izatea dagoen desberdintasunaz eta egin behar den kultura eta jarrera sozial aldaketa izugarriaz berdintasun maila handiagoak lortzeko, genero desberdintasunaren arrazoiak aztertzeko eta gizon-emakumeentzako rol berriak sortzeko.
Hezkidetza eta genero rolak sartzea eskola curriculumetan
Neska-mutikoek erantzukizunak har ditzaten bultzatzea –bakoitzak ahal duenaren neurrian.
Gizonentzako neurri orokor eta nahitaezkoak sartzea, aitatasun baimenak eta abar.
Erantzukidetasunezko kontziliazioak guztiontzat, gurasoentzat, seme-alabentzat, enpresarientzat eta gizarte guztiarentzat dituen abantailei buruzko informazioa ematea.
Langileen familia eta lan bizitza bateratzearen alde ez egiteak gizarte guztiarentzako dakartzan arazo larriei buruzko kontzientzia piztea: jaiotze tasa jaistea, gaixotasunak, estresa, eskola porrota edo haurren babes gabezia, pertsonei eragiten dieten batzuk aipatzearren, baina ez dira ahaztu behar beste batzuk, adibidez, laneko errendimendua eta motibazioa jaistea, ezkutuko baxak, laneko errotazio handiagoa eta abar, guztiak ere produktibitatearen aurkakoak.
8.- Zer gehituko luke “Concilia +” webguneak helburu hori lortu ahal izateko?
Erronka bat genuen, hain zuzen ere, erantzukidetasunezko kontziliazioaren mezua lan mundura eramatea. Abiapuntu gisa horri buruzko okerreko sinesmen asko zeuden eta oraindik ere badaude: adibidez, “enpresak ez duela inolako onurarik langile batek kontziliazio neurriak hartzen dituenean”, “kontziliazioa oso garestia dela enpresentzat”, “soilik legeetan jasotako neurriak gauzatu daitezkeela”, “kontziliazioari buruzko gaiak enpresarien kontua direla baina ez langileena”, “familian ezin dela kontziliazioa bultzatu”, “kontziliazioa emakumeen kontua dela” eta abar.
Gainera, argi genuen enpresariengana zenbakiekin, datu objektiboekin joan behar genuela. Horregatik abiarazi da Conciliar es todo beneficios izeneko web ataria. Alegia, enpresek, sindikatuek, langile autonomoek eta besteren kontura lan egiten dutenek informazio eta hausnarketa gune bat izan dezaten familia, lana eta norberaren bizitza bateragarri egiteari buruz.
Atari horretan, bateratzeko neurriei buruzko informazioa ematen da, besteak beste, kostu ekonomikorik gaineratzen ez duten bateratze neurriak, bereziki aipatzen dira ordutegiak malgutzea, baita tramiteak, laguntza, legeria, azterlanak, artikuluak… Azpimarratzen da motibazioarekin, imajinazioarekin eta malgutasunarekin familiako eta laneko bizitza eta bizitza pertsonala bateragarriago egin daitezkeela langileentzat eta eraginkorragoak eta lehiakorragoak izan.
Gainera, hainbat tresna elkarreragile ditu atariak:
a) Autodiagnostiko tresna, enpresa bakoitzaren egoera eta bateratze beharrak zeintzuk diren jakiteko.
b) Kostuak eta onurak kalkulatzeko tresna, bateratze neurri bakoitzak eskatzen duen inbertsioa eta eragingo dituen onurak zeintzuk diren jakiteko, legeetarako esteka eta guzti.
c) Neurri bakoitzerako behar diren tramiteei buruzko atala –laguntzak, diru-laguntzak eta bonifikazioak enpresentzat, langile autonomoentzat eta besteren kontura lan egiten dutenentzat– dokumentu ereduetarako eta legeetarako esteka eta guzti.
d) “Nire plana”, enpresetan bateratze planak egiteko tresna gidaria da. Plan horretan, kontuan hartzen dira hainbat alderdi: dauden neurrien berri ematea, langileek duten neurrien erabilera mailaren ebaluazioa eta jarraipena egiteko prozedurak, eta lortutako emaitzak.
9.- Gizonak oraindik ere beste batzuk zaintzeko lan jarduna murrizten edo eszedentziak hartzen dutenen artean “sekulako gutxiengoa” direla kontuan hartuta, zer eskatuko zenieke? Nola konbentzituko zenituzke besteak zaintzeko ardura har dezaten erantzukidetasunez?
Ardura eta ausardia eskatuko nieke euren bizitza eta bikotekideen, amen eta alaben bizitza hobetzeko. Horretarako, euren eskema mentalak zabaldu behar dituzte. Pentsa dezatela berdintasun handiagoko gizarte bat gizarte zuzenagoa dela, eta eurek hori lortzen lagun dezaketela bikoteko kide gisa, seme gisa eta aita gisa parte hartzen eta euren bizitzaren protagonista izaten.
Gainera, ziur nago alderdi hori euren gain hartzeak orain dauden “erosotasun gunetik ateratzea” eskatuko diela hasieran, baina epe ertain eta luzera onura gehiago ekarriko diela: bikotekideekin duten konplizitatea eta harremana hobetuko dute, aitentzat seme-alabak zaintzeak emozio berriak deskubritzeko bidea izango da, hobeto ezagutzeko eta eurekin disfrutatzeko. Horrela, seme-alabei berdintasun eredu bat eskaintzen jardungo diete eta hori gizarte berri baten hazia izango da.
10.- Etorkizunari buruz: ezkorra? baikorra?
Oraindik ere bide zaila eta luzea geratzen zaigu, aurrerapenak astiro gertatzen dira eta erne egon behar dugu. Adi egon behar dugu eta lanean jarraitu. Krisi ekonomikoko uneetan atzera egiten da berdintasun kontuetan, eta horregatik argi izan behar dugu helburua, eta eutsi egin behar diogu.
[1] Testu osoa hemen: http://euskadi.net/familia
[2] Diagnostikoak bi azterlan hauek zituen oinarri: “Euskal Autonomia Erkidegoko familien egoerari buruzko azterlana” eta “EAEko haurren eta nerabeen beharrei buruzko hurbilpena”; biak webgune honetan daude eskuragarri http://www.euskadi.net/ikuspegiak
|