|
Rawelin Connell Sydneyko Unibertsitateko irakasle eta Gizarte Zientzien Australiako Akademiako kideari egindako elkarrizketa. Maskulinotasunen teorizazioari eta gizarte eraikuntzari buruzko aditu nabarmena da nazioartean: "Desberdintasun biologikoa desberdintasun biologikoa da, ez helmuga sozial bat".

(English version)
Badirudi gizonei eta emakumeei rol desberdinak egoztea une historiko desberdinetan eta kultura desberdinetan beti egin izan dela, baina gaur egungo mendebaldeko gizartean, zer da “gizona izatea”? Zer aldatu da gizona izateko moduan?
Ez genuke puztu behar iraganeko genero banaketa. Normalean, gizon-emakumeek elkarrekin lan egin izan dute – bestela, baserriek ez zuten funtzionatuko! Eta maiz, emakumeek eta gizonek egiteko berberak izan dituzte. Azken finean, antzeko gaitasunak ditugu. Gizonek arroza landatu, umeak hazi edo gaixoak zaindu ditzakete; emakumeek meategietan ikatza atera, laborategiak zuzendu eta ordenagailuak eraiki ditzakete.
Dena den, gizarte gehienek desberdintasun sinbolikoak ezarri dituzte gizon eta emakumeen artean. Gizarte gehienak jabetu dira generoaz eta botere akordioak eta sexuaren araberako lan banaketa dituzte. Ugalketari lotutako desberdintasunengatik esplikatu izan da hori. Mito asko sortu da horren inguruan eta sena erabili behar dugu. Desberdintasun biologikoa desberdintasun biologikoa da, ez gizarte helmuga bat. Ugalketaren negozioaz harantzagoko bere zentzua puztu egin dute komunikabideek, psikologo pop-ek eta erlijio liderrek neurri berean.
Beraz, kontuz ibili behar dugu “zer den gizona” pentsatzen dugunean. Historia ez da bakarra. Ebidentzia ugari dago gaur egungo ikerketetan gizarte modernoan maskulinotasun patroi desberdinak daudela erakusten dutenak – praktika patroi desberdinak, “identitate” desberdinak, ikuspegi desberdinak genero arteko harremanetan.
Badira aldaketa orokor batzuk (nahiz eta ez diren unibertsalak). Kapitalismo industriala eta komertziala hedatzean, produkzio lana gero eta sarriago geratu zen etxeetatik kanpo, eta horrenbestez, “familiburuaren” ideia sortu zen. Identitate hori mehatxatuta dago orain mundu guztian. Izan ere, langile klaseko gizon askok ez dute lanpostu fidagarririk. Gaur egun, lan prekarietatea gizon gazte askoren errealitatea da.
Gizon burgesen artean, enpresari, senar eta aita izatea erlijioarekin lotuta egon ohi zen, izan ere, euren autoritatea Jainkoaren borondatea zen. Askorentzat, horrek euren langileekiko nolabaiteko erantzukizuna esan nahi zuen. Erlijioaren gainbeherarekin, horrek sinesgarritasuna galdu du eta orain enpresa multinazional gehienak Jainko barik kudeatzen dira. Langileekiko erantzukizunaren ideia hilda dago. Ongi etorri neoliberalismora!
Maskulinateei eta Ekitateari buruzko lehen Kongresu Iberoamerikarrean partu hartu zenuen iaz Bartzelonan. Zer nabarmenduko zenuke han ikusi, entzun eta konpartitu zenuenetik? Aurkitzen duzu bat datorren elementurik Australian edo Asian ikertu dituzun beste leku batzuetan gertatzen denarekin?
Maskulinitateei eta Ekitateari buruzko Kongresu Iberoamerikarra oso itxaropentsua izan zen niretzat. Lehendabizi, izenagatik! Horrek esan nahi zuen Espainian (eta Latinoamerikan) jendea maskulinitate arazoen inguruan pentsatzen ari dela justiziari buruz egin daitekeenarekin lotuta. Beste leku batzuetan kexa ugari entzun ditut maskulinitatearen balizko krisiari buruz edo gizonek feminismoaren esku pairatzen duten guztiari buruz. Kongresu hori aire fresko bolada bat izan zen, norabide positiboa.
Gaztelaniaz pare bat hitz besterik ez dakit, katalanez bat ere ez (ezta euskaraz ere); beraz, adi-adi egon banintzen ere nire ulermen maila nahiko kaskarra izan zen. Interesgarriena iruditu zitzaidan nola Kongresua foro gisa erabili zen ekintzaile taldeentzat, norabide politikoak ezagutzeko eta eztabaidatzeko. Garrantzitsua izan zen zer egiten ari den ikustea foro ireki batean.
Harrituta nago Kongresu itxierako aldarrikapenarekin eta beste lagun batzuei hedatzen jardun dut. Gizon ekintzaileen taldeak badaude munduko beste leku askotan ere, asko GKEen testuinguruan lanean, baina horrelako ekitaldiak oso urriak dira.
Zure ustez posible da berdintasunaren aldeko gizonen mugimendua sortzea?
Gizonak dira, oro har eta alde handiagatik, genero harremanetan pribilegio gehien duen taldea. Hainbat arlotan gertatzen da hori: soldatetan eta aberastasunean, antolamendu boterean (politika barne), kultur agintaritzan (erlijioa barne), espaziorako eta emakumeen zerbitzu pertsonaletarako irispidean eta abar. Abantaila hori enpirikoki neurtu dezakegu; nik “dibidendu patriarkala” deitzen diot. Gizon askori ez zaio iristen abantaila horietako asko, eta batzuk baztertuta daude genero harreman patriarkalak direla eta – gizon homosexualak, esate baterako. Oro har, dena den, gizonek patriarkatuaren abantailak jasotzen dituzte, eta ezin dugu espero pribilegiodun taldea matxinatuko denik pankarta eta guzti eta sistema suntsituko duenik.
Hala ere, gizon askok abantaila horietatik harantzago ikus dezakete, eta konturatzen dira eurentzat garrantzitsuak diren emakume eta neskatilei min egiten diela, eta bere bizitzako giza harremanetarako ere kaltegarria dela egoera. Gizon asko konturatzen dira pribilegio hori bateraezina dela sinisten dituzten printzipioekin, esate baterako berdintasunarekin eta justiziarekin. Gizonek ere ikus dezakete, sindikatuetan adibidez, emakumeen zapalkuntzak elkarrekin duten borrokari kalte egiten diola.
Beraz, badira gizon talde esanguratsuak genero justiziaren alde lan egiteko. Antolamendua behar da; nahia gizarte indar bihurtu behar da. Ez dio axola “gizon mugimendu” deitzen diogun ala ez. Garrantzitsua hori gauzatzea da. Sarritan, gizonek emakumeekin batera jardungo dute. Beste batzuetan, ardatz nagusitzat generoa ez duen erakunde baten bidez borrokatuko da, adibidez, sindikatu edo kultur talde baten bidez. Gizonen artean aniztasun handia dago, eta fronte asko daude genero justiziaren aldeko borrokan.
Zein harreman izan beharko luke berdintasunaren aldeko gizon mugimendu horrek mugimendu feministarekin?
Ez dut uste formula bakarra dagoenik gizon eta emakumeen arteko harremanetan genero justizia bilatzeko. Jakina, genero ordena aldatzeko energia nagusia emakumeengandik etorriko da, baina emakumeen mugimenduan ere aniztasun handia dago. Eremu batzuetan, oso zaila egiten da gizonak eta emakumeak elkarrekin aritzea, adibidez genero indarkerian, bortxaketetan eta feminizidioan. Izuak eta indarkeriak oso gogorra egiten dute elkarlana. Dena den, nolabaiteko elkarlana beharrezkoa da, eta sarritan lortzen da praktikan. Beste eremu batzuetan, aspalditik dago elkarlana, adibidez, gobernuetako eta lantokietako diskriminazioaren aurkako eta aukera berdintasunaren aldeko lanean. Eskarmentu handia dugu aurrera egiteko. Aholku bat ematen diet gizonei: saiatu daitezela, agian norbait minduko dutela pentsatzen zalantzan egon ordez. Hobe da genero harreman zapaltzaileak gainetik kentzea, erronka egitea edozein norabidetatik izanda ere, gauzak daudenetan uztea baino.
Zure lanean asko hausnartu duzu maskulinitate hegemonikoaren ereduei buruz. Zer esango zeniguke maskulinitate eredu alternatiboei edo maskulinitate kontrahegemonikoei buruz?
Galdera hori oso korapilatsua da. (Akademiko bati galdetuko bazenio, agian erantzuna lortuko zenuke!).
Menpeko maskulinitate batzuentzat mundua seguruagoa da orain. Hori hala da maskulinitate homosexualentzat Australian, eta agian Europako herrialde askotan ere bai. Despenalizazioak laguntzen du, eskubide berdintasunak eta lege ez baztertzaileek ere laguntzen dute, eta dirudienez, poliziaren egiteko modua aldatu egin da. Aldaketa horiek, baina, ez dute prebenitzen homosexualen aurkako indarkeria, eta noizean behin hilketa nahiko izugarriak gertatzen dira.
Maskulinitate baztertu batzuk presio askoz ere handiagoa jasaten dute. Langabezia, droga trafiko handia eta agian gutxiengo etnikoa izatea konbinatzen direnean, gizon gazteen bizitza arriskuan dago, eta emakumeen zein gizonen aurkako indarkeria maila handia izan daiteke. Urrunetik begiratuta, badirudi horrelako zerbait gertatzen ari dela etorkin taldeen artean Europan, baina zuk hobeto jakingo duzu nik baino.
Maskulinitate hegemonikoaren aurka kontzienteki eraikitzen diren maskulinitateak ez dira hain ikusgarriak eta zailagoak dira antzematen. Mugimendu berdeko gizonekin 1980ko hamarkadan egin nuen ikerketak eta garai hartan egindako Ameriketako Estatu Batuetako beste ikerketaren batek ere iradoki zuten oposizioko maskulinitate horiek zailak zirela eraikitzen eta mantentzen, kontrako norabideko kultur presio guztiak kontuan izanda. Bestalde, Alemanian "Zivildienst"[1] izenekoak soldaduskaren alternatiba gisa izan duen onarpen handiak iradokitzen du jarrera aldaketa handi bat gertatu dela. Eta zalantza barik herrialde askotan luzaroan jarrerak aldatu egin dira genero berdintasunaren alde.
Agian, ezin dugu esan zein den maskulinitate hegemonikoaren alternatiben “osasun egoera”. Zalantza barik, esan dezakegu alternatibak sortzen ari direla eten gabe. Hainbat gizon talde, batez ere gizon gaztez osatuta, praktika berriak eraikitzen saiatzen ari dira generoaren inguruan, etxeetako genero berdintasunaren inguruan eta emakumeekin harreman baketsuen inguruan. Eta hori itxaropentsua da.
Krisi garaiak bizi ditugu. Berdintasunaren aldeko borroka ere krisian dago? Atzeraldi edo errezesio prozesu batean sar gaitezke berdintasunaren aldeko borrokan ere?
Nire ustez, berdintasunaren aldeko borroka beti krisian dago. Eta ez dut uste gogorragoa denik krisi garaian eta errazagoa oparotasunean. Gorabeherak daude genero berdintasunaren aldeko borroketan. Indarkeriazko erreakzioak daude, baita emakumeentzako katastrofeak ere (adibidez, faxismoa). Katastrofeen beste adibide bat wahabi sektaren genero ideologia toxikoa da (eragin handia du mundu musulmanean Arabiak duen petrolio aberastasunak ematen dion indarragatik, eta hori dela-eta AEBk ematen dieten laguntzagatik). Aita Santua ez da soilik munduko patriarkatu intrantsigente baten burua; gainera, genero kontzeptu beraren aurka agertu da! Narkotrafikoa eta hortik sortu diren indarkeriazko maskulinitateak ere gaur egungo beste katastrofe bat dira emakumeentzat. (Ez diet guztiaren errua AEBei bota nahi, baina Estatu Batuek gaitz globala prebenitzeko erabiltzen duten aberastasun eta hipokrisia konbinazioaren zuzeneko ondorioa da egoera).
Badira, dena den, lorpen nabarmenak ere. Desesperatzen naizen bakoitzean, alfabetatzeari buruzko estatistikak ateratzen ditut. Azken bi belaunaldietan asko hazi da munduan emakumeen alfabetatze maila eta neskatilen hezkuntza maila. Garaipen historikoa da (gizon-emakume askoren laguntzaz lortutakoa), eta horrek mota askotako ondorio ekonomiko, kultural eta politikoak ditu. Askotan pentsatzen dut Aita Santuak eta Ayatollah-k benetan emakumeen hezkuntza-uholdea geratzen saiatzen ari direla.
Emakumeen aurkako indarkeria da matxismoaren ondorio kezkagarrienetarikoa. Azkenaldian, Espainian gorantz egin dute emakumeen aurkako indarkeria kasuen artean gizon gazteek eragindakoek. Eredu patriarkal klasikoak errepikatzen ari dira itxura modernoago eta sofistifikatuagoekin?
Emakumeen aurkako indarkeria mota berriak beste leku batzuetan ere ari dira agertzen. Entzungo zenuen Ciudad Juarez-eko feminizidioari buruz. Afrika Erdian bortxaketak ugaldu egin dira gerra zibil konplexuen artean. Internet sexismo gune oso hedatua bihurtu da, nahiz eta zaila den jakitea zer gertatzen den praktikan. GIB/HIES epidemia batez ere “heterosexuala” da eta birusa gehiago zabaltzen da gizonek emakumeak menderatzen eta behartzen dituzten testuinguruetan.
Baina hori ez da maskulinitate “tradizionala”. Ikerketa batek proposatzen duenez, batez ere Afrikan indarkeria mota hori genero egitura zaharrak suntsitzetik dator; beti ere, kolonialismoaren, gerraren, pobreziaren, hirien hazkundearen, kapitalismoaren eta botere neoliberalaren presioek eraginda. Indarkeriak arrazoi asko ditu, baina litekeen hipotesi bat da genero indarkeria gero eta gehiago bultzatzen dutela egoera berrian botere maskulinoa berritzeko edo berregiteko[2] saioek.
Hain zuzen ere, genero harremanei buruz zabaldu den psikologia pop-aren zati batek (“gizonak Martekoak dira” eta abar) oso tonu nostalgikoa du, eta gizonak erroetara itzultzera, sakonean maskulinoa dena aurkitzera, aitatasuna berriro ezartzera bultzatzen ditu, besteak beste. Baina horren zatirik handiena fantasia da. Benetako maskulinitate klasikora itzultzearen alde egiten duten ahots batzuk denbora-makinaren bidez industriaurreko herri batera bidaliko bagenitu bizi izatera, sorpresa txarra hartuko lukete.
“Masculinidades” izeneko zure liburuan iradokitzen duzu globalizazio neoliberalak paper garrantzitsua jokatzen duela gaur egun maskulinitateak eraikitzean. Nola gertatzen da hori?
Globalizazio neoliberala gure garaiko marko ekonomiko nagusia da. Europa da horren adierazgarri penagarria oraintxe bertan. Merkatuaren eta kudeaketaren nagusitasunaren ideologiak eragina du bizitzako esparru guztietan: eskolan, familian, lantokietan, hedabideetan, unibertsitateetan eta abar. Ezinbestean, eragina du maskulinitateen eraikuntzan.
Baina hori ez doa norabide bakarrean. Neoliberalismoak klase banaketak areagotu egiten ditu, eta klase menderatzaileko gizonen bizitzen gain duen eragina eta gizon langileen gain duen eragina desberdina da. Klase nagusiko gizonek aberastasun eta botere gehiago dute, ez gutxiago; horrenbestez, euren estrategia kolektiboak arrakastatsuak izan ohi dira. Maskulinitatea aldatzea ez dago enpresa multinazionalen administrazio kontseiluen xedeen artean. Genero banaketa ustiatzen dute kontsumitzaileen artean eta langileen artean, izan ere bizitza estandarren arteko desberdintasunak ustiatzen dituzte (bota begirada bat maquila[3] izenekoei edo Txinako edo Asia hego-ekialdeko mikroprozesagailuak muntatzeko plantei. Munduko elite korporatiboko gizonek oro har emazte mendekoak dituzte, osasun aseguru eta hezkuntza pribatuak dituzte, eta fisikoki langileen klasetik isolatuta bizi dira.
Historia desberdina da klase popularreko gizonentzat. Berregituraketa ekonomikoa, ongizate estatuaren beherakada, nekazaritzaren korporatibizazioa, migrazioa, faveletako bizitza, “segurtasun” enpresen hazkundea, zerbitzu industriako enplegu prekarioa; horiek guztiak dira panoramaren osagaiak. Behin eta berriro esan izan dut ez dagoela maskulinitate bakarrik, eta ez dagoela gizonentzako bide bakarrik. Eta oraindik ere, halaxe diot.
Berdintasun harremanen gaur egungo eta etorkizuneko egoerari buruz, baikorra ala ezkorra?
Baikorra naiz. Ezagutzen ditudan gazte askoren bizitzei buruz pentsatzen dudanean, harrigarria egiten zait zein erraz bizi duten berdintasuna sexu harremanetan eta etxeko harremanetan; hain zuzen ere, nire belaunaldiak eten gabe borrokatu zuen gaietan. Mundu guztiko gizon zein emakumeen artean sistema zapaltzaileak aldatzeko sortzen diren mugimendu, talde eta kanpaina ugariak miresten ditut.
Errealista ere banaiz. Badakit zein zaila den errotutako pribilegioak eta botere kontzentrazio handiak aldatzea. Indarkeriari aurre egitea oso zaila da. Gorabeheratsua izan ohi da aldaketa, eta batzuetan atzeraka egiten dugu, esan dudan bezala.
Dena den, beste batzuetan aurrera egiten dugu, eta borroka sozialetan sartuta egon naizen azken berrogei urteei begirada bat botata, onerako aldaketa nabarmen batzuk egon dira nire ustez. Nire herrialdean, adibidez, eta uste dut zurean ere baietz, kultur presuntzioa orain genero berdintasunaren alde dago, eta lehen, berriz, patriarkatuaren alde zegoen. Lan asko eskatu du horrek, borroka asko, eta ez da hauskaitza, baina dagoenekoz aldaketa sakona gertatu da. Gure esku dago horrek guztiak abian jarraitzea.
[1] Zivildienst hitzak alemanez zerbitzu zibila esan nahi (hemengo ordezko zerbitzu soziala), eta soldaduskaren ordezko zerbitzua da (Itzultzailearen oharra)
[2] Re-make: berregin bezala itzulia. Elkarrizketatuak hitz jolas bat egiten du, izan ere, remake bat zerbaiten “bertsio berria” da. (Itzultzailearen oharra)
[3] Maquila edo maquiladoras: hitz hori Mexikon sortu zen, bertan horrelako asko baitago. Zergarik ordaindu gabe inportatzen dituzte materialak eta egiten dituzten produktuak ez dira bertan saltzen. (Itzultzailearen oharra)
|