Teresa del Valle Murga: Gizon feministak oraindik ere espezie berria dira, baina egon badaude. Teorikoak eta praktikatzaileak daude

Teresa del Valle Murga, Gizarte Antropologiako Katedratikoa eta Berdintasunaren Emakunde sariduna.

1. Zure ustez, zertan aldatu da 1985etik euskal emakumeen “irudia eta errealitatea”?

Feminismoak demostratu du aldaketa posible dela hainbat mailatan. Horrela gertatu da sartu diren legeek hainbat puntu aitortzen dituztelako: berdintasuna ez da oparia baizik eta eskubidea; indarkeria sexista egon badago, baina salatzea posible da eta legeak babesa ematen du; berdintasuna gizarte bizitzaren ardatzetariko bat da eta gizarte antolamenduari eragiten dio, bizitza pribatu barruko eta kanpoko harremanei, familiako harremanei. Gainera, unibertsitate irakaskuntzan leku garrantzitsua duen ezagutza alor bat sendotzen joan da eta ziurrenik lehen eta bigarren mailako irakaskuntzan ere finkatuko da eta 0tik 2 urtera bitartean ere sartzen joango da.

Berdintasuna ikuspegi feminista batetik positiboa da beste eskubide batzuen alde borrokatzeko ere, besteak beste: amatasun arduratsua, nork bere gorputzari buruz erabakitzea eta aukera sexuala, jatorria, sinesmenak edo hizkuntza oinarritzat duten bazterketa motak desagerraraztea.

“Mujer vasca: imagen y realidad” argitaratu zen 1985ean eta ordutik euskal matriarkatuaren mitoa albo batera geratu da joan den mendeko 70eko hamarkadan zuen pisuarekin konparatuta. Horrek ez du esan nahi ez daudenik hori bultzatzen duten gizon eta emakumeak, baina gaur egun, emakume gazte batentzat pisu handiagoa du ezagutzen duenak, lan merkaturako prestatuko duen ezagutzara iristeari buruz bizi duenak; lana edo ikerketa proiektuak lortzeko eta lanean eta gizartean aurrera egiteko aukera berdintasunik duen ala ez. Hori guztia garrantzitsuagoa da emakume gazteentzat antzinako euskal matriarkatuak ematen duen botereari buruz kontatzen dizkietenak baino. Eta matriarkatuarena egia den ala ez jakin nahi badu, badaude azterlan zientifikoak humanitateetan, gizarte zientzietan, osasun zientzietan eta zientzia esperimentaletan, eta horietara jo dezake argumentuak eta errealitateak ezagutzeko. Azterlan horiek, gainera, unibertsitate eta herrialde jakinetatik haratago dauden korronteetan kokatzen dira.

2. Eta gizonen irudia eta errealitatea?

Aldaketa prozesuetan gehien sartzen direnak eta arrisku gehien hartzen dutenak, desabantaila egoeran daudenak izan ohi dira. Hori dela eta, nik dakidanagatik, leku guztietan emakumearen askapenaren aldeko borroka batez ere emakumeek eraman dute aurrera. Izan ere, emakumeek zuten zapalkuntzaren esperientzia eta kontzientzia. Gizonentzat, hori deskubritzen zutenean, maiz, deserosoa izan ohi zen. Nire ustez, gizateria osoaren erdia baino gehiago zapalduta dagoela eta horrek esan nahi duenaz konturatzean oso prozesu pertsonal desberdinak gertatzen dira. Horrela ikusi izan dut. Dena den, aldaketen espektroa oso zabala da. Gizon batzuek uste dute kasu gehienetan bizi duten pribilegio egoera eskubide osoz dagokiela; horrenbestez, normala iruditzen zaie eta ez dute zalantzan jartzen. Beste gizon batzuk, berriz, entzun egiten dute, begiratu, bestearen lekuan jarri, emakumeen desberdintasunez ohartzen dira eta egoerari buruz duten kontzientziaz edo kontzientzia ezaz hausnartzen dute. Hori garrantzitsua da, izan ere emakume batzuk ere ez dute bereizten euren bizitzetan desberdintasunik egotea edo ez egotea eta gizarte antolamenduan desberdintasunak egotea.

Gizon askok horri buruzko kontzientzia dute eurek egindako hausnarketari esker edo desberdintasuna antzeman dutelako eta ikusi dutelako kontzientzia, erantzukizun eta konpromiso sozialak ezin dizkiola begiak itxi emakumeen gain egiten den zapalkuntzari. Horrenbestez, aurkitu dudan hainbat gizonek ikusi dute giza eskubideen aldeko borroka emakumeen eskubideen borroka ere badela. Unibertsitatean ikusi dut ezagutzak hausnarketa eragiten duela eta horrek sarritan jendea aldarazi egiten du. Hori antzeman dut modu sistematikoan kritika feminista sartzen denean ikasketetan edo ikerketa proiektuetan. Kritika feministak, diziplina anitzekoa denez, ikerketan kontrastatutako ezagutza zabala ematen du eta ezagutzako arlo guztietan eztabaida bultzatzen du. Eta horrek benetan aldatzen du gizakumeek euren buruari buruz duten irudia, arazoa ez delako gertatzen zerbait ez denean ezagutzen baizik eta nahiz eta inguruan izan errefusatu egiten delako. Aitzitik, elkarrizketa sartzen denean, eztabaida indartu egiten da eta bakoitzak bere argumentuak sar ditzake. Bestelako aldaketa positiboak ere ikusi izan ditut gizonengan bizitzako helburu gisa berdintasun harremanak hartzea positiboa dela aitortzen dutenean nahiz eta bidean abantaila indibidualak eta kolektiboak galdu. Dena den, irabazi ere egiten da izan ere berdintasunerako ikasketa berrietan sartzen gara eta horrek hainbat bide zabaltzen ditu konpromisorako, harremanak errazagoak izan daitezen edo seme-alaben gizartzeratzean horrek guztiak duen garrantzia esperimentatzeko.

3. Zure ustez, zein da feminismoaren osasun egoera arlo akademikoan?

Batez ere euskal inguruneari eta Euskal Herriko Unibertsitateari buruz jardungo dut, eta adibide zehatzak emango ditut.

EHUn berdintasunerako zuzendaritza sortu izanak fruitu zehatzak eta etorkizun oparokoak ematen dihardu. Badira horren adibide zehatz batzuk. Honoris Causa doktore izendatu dute Cambridge-eko Unibertsitateko katedradun emeritua den gizarte antropologo eta nazioartean izen handia duen emakumea, 2011ko urriaren 21ean. Horrenbestez, onartzen hasten dira gizonen nagusitasun instituzionalizatua gure unibertsitatean, izan ere, 2011 arte errekonozimendu hori soilik bi emakumeri eta 52 gizoni eman zaio. Aurrerapenen artean dago EHUko historiako hirugarren master feminista ezarri izana; ikerketaren kalitatea doktoretza tesi eta norbanakoen eta taldeen ikerlan askoren bidez. Aipagarria da argitaratu diren liburu, artikulu, liburuetako kapituluen kopurua eta kalitatea. Horiek guztiek ezagutza gehitu dute hausnarketa teorikorako eta beraz ezagutza praktikoan ere aurrerapena bultzatu dute. EHUtik jende asko atera da erakundeetan ardura postuak hartzeko: Emakunden, udaletan, enpresetan eta arlo pribatuan. Horietan guztietan generoari eta feminismoari buruzko ezagutza arautuan oinarritutako lana egiten dute. Gainera, administrazioko eta gizarte zibileko hainbat mailatara ezagutza horiek eramaten dituen pertsona asko dago. Zabalkundea modu askotan egiten da: hitzaldien bidez, kongresuetan parte hartuz, aholkularitza emanez, sarietako eta beketako epai mahaietan egonez, mahai-inguruetan, egunkari eta dibulgazioko aldizkarietako artikuluen bidez, elkarrizketak eta komunikabideetako eztabaidetan parte hartuz. Horrela, informazio kualifikatua ematen zaio gizarteari eta iritzia sortzen laguntzen da, baina jakintza arlo desberdinetan kritikaren galbahea igaro duten ezagutza zientifikoetatik abiatuta. Komunikazio dinamika horrek unibertsitateak bere kideen bidez gizartearekiko duen konpromisoa erakusten du; hain zuzen ere, ezagutzarekiko konpromiso akademikoaren gizarte dimentsioa deitzea gustatzen zaidan hori.

4. Praktika feministak antropologian androzentrismoa desagerrarazi egin duela esan dezakegu?

Gizarte antropologian ibilbide luzea egin du dagoenekoz ikerketa feministak 70eko hamarkadan herrialde anglosaxoietan eta Frantzian sortu zenetik. Dena den, Europako tradizioan Ilustrazioan du jatorria. Euskal Herrian, batez ere 70eko hamarkadan ekin zitzaion. Gaur egun arloan dauden korronteek erakusten dute egin den ekarpen handia. Antropologiak isilune handiak zituela demostratu da: emakume antropologoen ekarpenen inguruan, emakumeek gizarteetan zuten kokapenari buruz ikertzaileak batez ere gizonezkoak zirelako eta emakumeak zirenean ez zitzaielako behar bezala aitortzen euren emaitzak eta emaitza horiek ez zirelako gehitzen ezagutza orokortu eta erreferentziazkora. Gaur egun, hurbilpen misogino bat dekonstruitu egin daiteke eta emaitzen balioa zalantzan jarri, metodoaren ikuspegitik eta egiten duten ekarpen zientifikoaren ikuspegitik ere bai. Gizarte antropologiaren eta beste diziplinen arteko harremanak, kritika feministaren diziplinarteko izaerak bultzatuta, diziplinartekotasunaren berrikuntza ekarri dute, gaur egun kanon zientifiko aurreratuenen osagai den hori, alegia.

5. Zein da gizonen egitekoa arlo akademiko feministan?

Iraganean, oso txikia izan da. Gaur egun generoarteko ikerketa taldeetan daude eta horregatik ekarpenak, nire eskarmentuaren arabera behintzat, ez dira neurtzen gizona edo emakumea zarelako, baizik eta egiten duzun lanaren kalitateagatik. Beraz, arlo hori berdintasunezkoa dela esan dezakegu. Nire ustez, egitekoa norberak hartu nahi duena da, gizon zein emakume. Alegia, lanaren kalitatearekin lotuta egongo da. Ekarpena oso interesgarria da kultura askotan gizarteratze prozesuak desberdintasunak markatu dituelako ere. Hori dela eta, gehiago jakin dezakegu gizonei edo emakumeei buruz, ez biologiagatik baizik eta gizarteratzeagatik eta, horrenbestez, generoen arteko ekarpenak aniztasun handiagoa izango du. Ikuspuntuak sar daitezke eztabaida teorikoen ondorioz edo esperientzietatik sortutako interpretaziotik ere bai. Baina oro har, nire ustez emaitzak ez ditu definitzen bereizteak, baizik eta emakumeek eta gizonek egiten dituzten ekarpenen interes zientifiko eta sozialak. Horren harira kontuan izan behar da gai batzuk ateratzen joan direla zapalkuntza egoeren aurrean kontzientzia hartzearen ondorioz, adibidez indarkeria sexistaren edo indarkeria matxistaren kasuan izan den bezala eta gaur egun oraindik den bezala. Emakumeok jarri ditugu abian ikerketa horiek eta gaur egun ere oraindik batez ere geuk jarraitzen dugu egiten gizartearen gaitz horrek zuzenean gure bizitzetan duelako eragina mehatxu gisa eta elkartasunezko erantzukizun gisa.

6. Zure ustez, hitz egin daiteke gizon feministei buruz? Aurkitu duzu horrelakorik zure bizitzan?

Oraindik ere espezie berria dira, baina egon badaude. Teorikoak eta praktikatzaileak daude. Batzuk kritika feministaren ezagutza alorra antropologia feministaren bidez deskubritu dute. Euren interesa eta ezagutza errespetatzen ditut, solaskide onak deritzet eta ondo lan egiten dut beraiekin. Beste batzuen abiapuntua izan da sarritan gazte-gaztetatik emakumeekin izandako berdintasunezko tratua: koadrilan, eskolan, institutuan, goi mailako irakaskuntzan. Horiek askotan ez dute gaiari buruz hausnartu ere egin. Oso egoera baliotsua da niretzat, ikaskuntzak konpartitzen joan direlako une eta adin desberdinetan.

Gizon batzuek bi abiapuntuak batu ahal izan dituzte. Hiru ereduak aurkitu ditut nik. Sarritan, abiapuntua edozein izanda ere elkar onartzea izan da topagunea. Oro har, teorikoak kasu gehienetan praktikara eramaten du.

7. Maskulinitateari buruzko ikerlan bat egin behar izango bazenu, zein alderdiri erreparatuko zenioke? Zer interesatuko litzaizuke?

Niri ez zaizkit interesatzen maskulinitateak, desberdintasunak, baizik eta artikulazioak, elkarguneak, harreman eta konexio partzialak (Marilyn Strathern-ek Partial Connections izeneko lanean dioenaren bidetik). Horregatik, nire hurbilpena hain begibistakoa ez denari erreparatzea izango litzateke; adibidez, zirrikituei: berdintasun hastapenak antzemateko aukera ematen duten gune erreal zein sinbolikoak, ezkutuan geratzen diren egoerak. Horrenbestez, gizarte bidezkoagoak eraikitzeko aukera berrien arazora hurbiltzeko modua izango litzateke, izan ere berdintasuna harremanen ehunean agertzen da, balioetan, baina angeluetatik begiratuta eta itxura batera garrantzirik ez duten begiradak sortuz. Utopikoa eman dezake, baina erronka bat da nire ustez, aldaketa prozesuak hain zailak direlako, eta are gehiago gai hauetan, begiratzeko modu desberdinak bilatu behar dira errealitatea eta errealitate amestua deskubritzeko.

8. Zeintzuk izango lirateke hiri berri berdintsuagoa eraikitzeko aldamioak? Zertan oinarrituko zenituzke?

Eskubidea izatearen kontzientzia hartzean oinarrituko nuke, nik “eskubide sentitua” deitzen diodan horretan, hain zuzen ere ezagutzatik eta esperientziatik igarotzen den horretan. Horrenbestez, bakoitzak indibidualki eta kolektiboki jarduteko bultzada sortzen du. Nire ustez M-15etik sortutako ekimenetan eta ezagutzan proposamen eta ikuspegi asko daude eta horregatik hor ere sostengua bilatuko nuke.

Eguneroko bizitzan berdintasuna ezagutu eta bultzatzeko eskubide sentituaren kontzientzia. Garrantzi handia ematen diot neska-mutikoak gizarteratzeko modu berriak sortzeari, ez daitezen antagonikoak izan oinarri moduan, baizik eta ikusteko zein neurritan datozen desberdintasunak gehiago gizarte bizitzan egoteko modu desberdinetatik atribuzio finko eta naturalizatuetatik baino. Nire ustez, beste balio batzuetarako ere garrantzitsuak dira, adibidez belaunaldi arteko harremanak lantzeko adin-talde isolatuen arabera bizi beharrean, horrek adinekoak, gizonak zein emakumeak, baztertzea eragiten baitu.

9. Baikorra ala ezkorra?

Berez baikorra naiz eta gauzak ilun ikusi arren, joera dut positiboenean arreta jartzeko, errealitatearen zentzua galdu gabe edo fantasiara jo gabe ihesbide gisa. Gaur egun aurrerapen handia egon da kritika feministatik ezagutza sortzen ezagutzaren alor guztietan eta nire ustez ezagutzak pertsonak eta kolektiboak aldatu egiten ditu. Berdintasunezko harremanen esperientzia, ezagutza eta emozio trukearekin, gauzak ondo eginda, umorez eta bestea onartzen eraldatzailea da eta horrenbestez, pertsonen gaitasuna sortu eta garatzeko aukeren iturburu da. Berdintasuna ez da moldeak egitea baizik eta mugak haustea eta horrenbestez eskubide sentitutik konpartituak izango diren hiritartasun berriak sortzeari bide ematea.

Asteasun, 2011ko azaroaren 7an