Argitalpen-data: 2013/04/17

X. Berdintasun Gunearen prestaketa mintegia egingo da maiatzaren 9an

Emakundek “Berdintasunerako Gunea” izeneko topaketa antolatzen du urtero, erakunde publiko eta pribatuek gizon eta emakumeen berdintasuna lortzeko egiten dituzten hainbat ekimen gune aberats eta emankor horretan koka ditzaten. Gunearen aurrekari bezala, datorren maiatzaren 9an prestaketa mintegi bat antolatuko da “Berdintasuna: gizarte osoari mesede egiten dion giza eskubidea” izenburupean. Bertan, gunearen hamar urtetako balantzea egiteaz gain, berdintasunak adin ezberdinetako emakumeei eskaini dizkien ekarpenak azalduko dira. Ildo honetan, Ianire Estebanez ek “Emakume gazteak 2.0. Non gaude, nora goaz » hitzaldia eskainiko du. Estébanez emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioan eta gazteen esku-hartzean psikologo aditua da. Ikertzailea, sare sozialetan ziber-ekintzailea eta indarkeriaren prebentziorako Interneteko erreferentzia-gune den “Senargaia normal kontrolatzen nau” blogaren sortzailea da. Honekin batera, “Berdintasunaren erronkak eta onurak, eta berdintasun horrek aurrerapenari egindako ekarpenak” hitzaldia eskainiko du Teresa del Valle gizarte antropologoak.

“Berdintasunerako Gunearen hamarkada bateko etengabeko eskarmentuaren hausnarketak” izenburupean gunean egin den lanaren balorazioa egingo dute, besteak beste, Yolanda Baronak Bagabiltzako kideak, eta Plazandreok-eko Arantza Camposek.

X. Berdintasunerako Gunea 2013ko urriaren 1tik 31ra egingo da. Emakundek bultzatutako martxoaren 8 eguna ospatzeko kanpainaren leloa jaso du 2013ko Foroak: Berdin gehiago da. Betiko moduan, eta orain inoiz baino gehiago, Foroa gune aberats eta emankor izatea espero da berdintasunak duen gizarte balioari buruz hausnartzeko gunea:

  • Zer eman digu berdintasunak lan arlo bakoitzean?
  • Zer ematen digu oraintxe bertan?
  • Zer egitekoak dauzkagu oraindik?

Programa

Gunearen aurkezpen gutuna