Elkarrizketa: Maxi Gutiérrez Jodra, familia-medikua, generoan eta osasunean espezialista.

“Beharrezkoa da osasun-arloko profesional guztiok, osasun-arazoei ekiteko moduan, gehiago kontuan hartzea baldintzatzaile sozialak, oro har, eta genero-baldintzatzaileak, bereziki.”

Noiz eta zergatik piztu zitzaizun genero-gaiekiko interesa? Zer nolako eragina izan du horrek zure lana egiterakoan?

Indarkeriaren biktima izan diren emakumeak artatzen ibili naiz, eta horrela sortu zitzaidan interesa. 2002. urtean edo, familia-medikuntzako kongresu nazionalaren mahai batean entzun nuen gaia, artean inork horretaz hitz egiten ez zuenean, eta horrek nire praktikari buruz hausnartzera bultzatu ninduen. Hortxe hasi nintzen interesatzen, ikasten, prestakuntza hartzen, prestakuntza ematen … bide luzea izan da.

Eta generoa kontuan hartu gabe emakumeen aurkako indarkeriari buruz hitz egiterik ez dagoenez, generoaren aldagaia nire praktikan sartzen hasi nintzen. Behatuz eta ekinez. Gero eta jabetuago egon nadin genero-aldagaia giltza dela gauza asko azaltzeko: gizonei eta emakumeei jarduteko eta gaixotzeko moduan gertatzen zaizkien gauza asko azaltzeko, hain zuzen ere. Nire ustez, azken batean, bide hori “medikuntza egiteko” daukadan modua markatzen ari da, esku hartzeko daukadan modua markatzen, baita nirez pazienteei –emakumeei eta gizonei– planteatzen dizkiedan proposamenak ere.

Emakume izateak zer nolako eragina eta inpaktua du osasun-egoeran?

Badira emakumeen osasunari (edo gizonenari) eragiten dioten ezaugarri biologikoak –logikoa denez–, baina kultura honek eta gizarte honek ere rolak izendatzen dizkie emakumeei nahiz gizonei, eta rol horiek ere eragina dute haien osasunean. Bi adibide jarriko ditut. Denbora luzez, batez ere gizonek erre izan dute, eta, horren ondorioz, biriketako minbiziaren eta biriketako beste gaixotasun kroniko batzuen zifrak askoz handiagoak izan dira gizonen artean, emakumeen artean baino. Horrek emakumeei mesede egin die, baina emakumeak gizonen eredua imitatzen hasi ziren, gure gizarte patriarkalean erreferente den eredu maskulinoa, eta emakumeen artean ere zabaldu egin zen erretzeko ohitura, eta, horren eraginez, emakumeen zifra horiek ere asko aldatu dira. Gure erkidegoan, emakumeen artean biriketako minbiziagatiko hilkortasun-tasarik handiena maila sozioekonomiko handiko inguruetan metatzen da; Nerbioi ibaiaren eskuinaldean, esate baterako.

Bestalde, gure gizartean gehienbat emakumeei izendatzen zaie zaintzaile-rola, eta, horregatik, emakume askok gainkarga handia izaten dute adinekoak, seme-alabak eta, askotan, bikotekideak zaintzen. Oso egoera estresagarriak bizi dituzte, mina, insomnioa, depresioa… sorrarazten dutenak, eta emakume askok ezin izaten dute egoera horretarik atera.

Gizonen osasunean nola eragiten dute genero-aginduek?

Gizonok, goizago edo geroago, jakin nahi izaten dugu zergatik hezi gaituzten horrela, agoantatzen jakiten, arazoak menderatzen (“mutilek ez dute negarrik egiten!”); askotan, gure bikotekideek bultzatuta galdetzen dugu hori. Esaterako, diagnostikoak edo ondoezak fase aurreratuagoak arte jasaten ditugu, eta horrek zaildu egiten du tratamendua. Ildo beretik, gizonok gutxiago parte hartzen dugu gaixotasunak galbahetzeko prebentzio-programetan, gure sexuan gaixotasunaren prebalentzia handigoa denean ere bai; kolon-minbiziaren kasuan, esate baterako.

Maskulinoak diren arrisku-jokabideek gaixotasunak sorrarazten dituzte: sustantzien abusua –tabakoa, alkohola edo beste droga batzuk–, trafiko-istripuak, traumatismoak eta erasoak… gizonen artean gertatzen dira batez ere.

Osasun-sistemak badu genero-ikuspegirik? Zure ustez, nola hobetu daiteke?

Gure osasun-sistema oso eraginkorra da, oro har; baina, biologia albo batera utzita, oso gutxi bereizten du gizonenganako arreta eta emakumeenganakoa. Arlo anatomiko-funtzionalean bikainki prestaturiko profesionalak ditugu; arlo sozio-sanitarioan, ordea, prestakuntza askoz apalagoa dute. Begirada bio-psiko-sozial bat behar dugu. Beharrezkoa da osasun-arloko profesional guztiok, osasun-arazoei ekiteko moduan, gehiago kontuan hartzea baldintzatzaile sozialak –oro har– eta genero-baldintzatzaileak –bereziki-. Horrela, pertsona guztiak bakoitzak zer inguruabar dituen kontuan hartuta artatuko ditugu; halaber, beste kultura bat bultzatuko dugu, eta pertsonek ez dute sufrituko genero batekoa edo bestekoa izateagatik izendatzen zaizkien desberdintasunak direla eta.

Jakina da osasun-sektorea gehienbat emakumez osatuta dagoela, batez ere erizaintzan, eta gero eta gehiago medikuen kolektiboan, baina horrek ez du bermatzen genero-ikuspegia dutenik. Gure artean oraindik ere topiko hau errepikatzen dugu: zaintza-lanak emakumeei dagozkie (erizainei), eta osatzea, gizonei (medikuei). Eta horrek oso ondorio makurrak sortzen ditu arretarako eta sistemarako.

Nire ustez, sisteman aldaketak egin baino gehiago, hausnarketa-prozesuak sortu behar dira, eta profesionalek prestakuntza jaso behar dute.

Osasunaren alorreko profesional askok herritarrekin duten harremana eta kontaktua oso aproposa izan daiteke indarkeria matxista antzemateko. Zer zeregin daukate familia-medikuek indarkeria hori antzematen eta indarkeria horren biktima diren emakumeak artatzen?

Badakigu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen osasuna askoz ere andeatuta dagoela gainerakoen osasunaren aldean. Emakume horiek lehen arretako (medikuntzako, erizaintzako) profesionalekin joaten dira kontsultetara, eta, askotan, urgentziazko dispositiboak baliatzen dituzte. Tratu txarrekin zuzenean edo zeharka lotuta dauden arazoengatik eskatzen dute arreta, baina, askotan, tratu txarrak ez dira nabariak izaten. Egia da tratu txarrak jasaten direla aitortzeak baldintzatzaile asko dituela; horregatik, profesionalek ahalbidetu behar dute aitortza hori, tratu txarren susmoak askotan izaten dituzte eta. Egoerak mahai-gainean jartzen direnean soilik jar daitezke konponbidean, eta hor funtsezko zeregina daukate osasun-sistemak eta sistema horretan dabiltzan profesionalek.

Azken urteotan urratsak eman ditugu; hala ere, osasun-arloko langileei tresnak eman behar zaizkie. Dena den, hori osasun publikoaren arazotzat hartzen ez bada –eta hala aitortzen du OMEk), horretaz jabetzen ez bagara, ez dugu aurrera egingo biktima diren emakumeei laguntza emateko beste baliabide bat izateko.

Zera esaten da, indarkeria matxista gizonen arazoa dela, emakumeek pairatzen dutena. Zer iradokitzen dizu ideia horrek? Zure ustez, indarkeriak zer zeregin du identitate maskulinoen eraikuntzan?

Eremu horretan, ez dut uste gaiari erruduntasunetik hel dakiokeenik. Indarkeria desberdintasunaren ondorioz sortzen da, gizartean eta kulturan onartzen den desberdintasunaren ondorioz, eta askotariko ondorioak sortzen ditu, eta horien alderik anker eta zitalena emakumeek jasan behar izaten dute. Tratu txarrak eta indarkeria dira ondorio onartezinenak. Izan ere, emakume askok osasuna galtzen dute, eta baita bizitza ere, hil arte.

Eta hori esanda, gizonok ere nozitzen ditugu desberdintasunaren ondorioak. Aukerak galtzen ditugu, kaskartu egiten dugu osasuna, eta gaitasunak garatu gabe uzten ditugu; horiek izanda, ordea, pertsona osoagoak izango ginateke. Konparaziorik egin nahi gabe, eta indarkeria haietako izugarriena dela jakinik, gizon askok ere sufritu egiten dute egoera horietan.

Gizartea asko aldatu da azken aldian. Egia da. Zure ustez, gizonak gizartearen erritmo berean aldatu gara? Gaur egun zeintzuk lirateke gizonek beren burua aldatzeko dituzten oztopo nagusiak?

Desberdintasun-egoera guztiak oso nekez alda daitezke norbaitek pribilegioak baditu beste baten kaltetan, pribilegio horiek oztopo bihurtzen baitira. Logikoa dirudi. Une honetan, gizon gehienek ez dute ikusiko desberdintasuna sortzen dutenik beren inguruan, gehienek ez dute usteko ezer aldatu behar dutenik. Egia da gehienek ez dietela tratu txarrik ematen bikotekideei, eta emakumeekiko hegemonia ez dutela argiro defendatzen. Hala ere, egunerokoan dago gakoa, egunero ditugun jarreretan eta “grabatuta” ditugun gai guztietan, askotan horietaz jabetzen ez garen arren. Jarrerak hausnarketa-prozesuen bidez soilik alda daitezke, elkarrizketarako guneak jarriz, aldaketak egiterakoan arriskuak hartuz eta lortutakoarekin gozatuz.

Hori guztia ez da erraza, baina esperimentatzen dugunean jada ez dago atzera bueltarik, ezinezkoa da beste begi batzuekin begiratzea, eta, niretzat bederen, bidea liluragarria da, zoragarria.

Etorkizunari dagokionez, baikor zaude? Ezkor?

Bai horixe. Aurrerabideak ikusten ditut osasun arloko lankideengan, egunero ahalegintzen baitira egiten duten lana hobetzen. Nik neuk ikusi dut badagoela aldatzerik, badagoela dinamika berriak sortzerik. Izango ez naiz bada baikorra?.

Lan handia dugu egiteko, gizonek eta emakumeek elkarrekin egiteko.