|
Maria Silvestre Cabrera, Emakunderen Zuzendaria - Emakumeen Euskal Erakundea:“Berdintasunaren aldeko borroka emakumeei eta gizonei eragiten dien zeregina da”

María Silvestre Emakundeko zuzendari izendatzearekin batera, aldi berri bati ekin dio Emakumearen Euskal Erakundeak. María Silvestre Soziologoa da prestakuntzaz, eta Zientzia Politiko eta Soziologian doktore; Deustuko Unibertsitateko Soziologia eta Politika Zientzien Fakultatean dekano izan da 2004tik 2009ra, eta zuzendari Emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko Masterrean; masterra Deustuko Unibertsitateak antolatzen du, eta 2003an sortu zenez geroztik, Emakunderen laguntza du. Elkarrizketa honetan, Emakundek legegintzaldi honetan izango dituen erronkarik nagusienak adierazi ditu María Silvestrek, eta hausnarketa egin du berdintasuna lortzeko bidean gizonek duten eginkizunaren gainean.
Badira hilabete batzuk Emakunderen Buru zarenetik. Zeintzuk ardatz estrategiko bultzatu nahi dituzu legealdi honetan?
Albo batera utz ezin ditzakegun hiru helburu nagusi ditugu. Alde batetik, legegintzaldirako V. Berdintasun Plana egitea. Lan horretan dihardugu eta galdeketa prozesu bati ekiten ari gara berdintasun taldeekin, elkarteekin, foru administrazioekin, baita herri administrazioekin ere. Kontseilariei ere galdeketa egingo diegu. Beste alde batetik, Berdintasunerako Legearen ebaluaketa dago. Orain arte bi ebaluaketa ez oso egin dira, bata 2006ko azaroan eta bestea 2009ko otsailean. Iruditzen zaigu zinez interesgarria izango litzatekeela azken txostenak generoak aurrekontu publikoetan izan duen eraginaren azterketa jaso ahal izatea, emakumeen bizitzan aurrekoentuek izan duten eragina legeak zerbait aldatu duen ikusteko. Eta hirugarrenik, beste helburuetako bat da Berdintasun Legea betetzeko aurrerapausuak ematea. Era berean, Emakundeki hurrengo urteetan sektore nagusietan dituen erronkak dira emakumeen ahalduntzea eta politika eta ekonomi arloetan parte hartzea; baterakidetasuna eta erantzunkidetasuna; hezkuntza; indarkeriaren prebentzioa, eta herritarrekin eta elkarteekin, baita Estatuko berdintasunerako beste taldeekin ere harremanak indartzea.
Azken urteetan, emakumeek berdintasunerako bidean egindako aldaketa eta aurrerapenak nabariak izan dira, batez ere leku publikoetan agertzeari dagokionez. Non uste duzu egon direla gizonak bitartean? Gertatu al da aldaketarik maila berean?
Konplexua da gizonei buzuz pluralean hitz egitea, aldiz diagnosi orokorra egin asmoz nik azpimarratuko nuke, berdintasun mailak lortzera bideratu gaituzten borroka eta errebindikazio feministak gertatu diren bitartean gizonak egon dira edo erresistentzian edo ikusle soil gisa. Gizon gutxi izan dira errebindikazioen alde agertu direnak, eta gutxi baita ere, emakumeen rola aldatzean rol maskulinoak ere ezinbesteko aldaketa jasan behar zuela onartu dutenak.
Gizonek zein jarrera hartu beharko luketeela iruditzen zaizu berdintasunaren aldeko borrokan? Zer eskatuko zenieke?
Iruditzen zait berdintasunaren aldeko borroka emakumeei eta gizonei eragiten dien zeregina dela, berdintasuna gizarte alorraz gain, alor ekonomikoari, kulturalari eta politikoari eragiten dion giza erreibindikazioa delako. Berdintasunaren aldeko borroka eta berau lortzeko lana gizarte osoaren zeregina izan behar da, bertan erabakiak hartzeko ahalmena duten pertsonek eta aldaketa sozialak bultzatzeko gai direnek protagonismo handia izan behar dutelarik.
Hirureun gizon baino gehiago berdintasunari buruzko gaietan formatu dira Emakunderen Gizonduz ekimenaren bidez. Zer deritzozu geroz eta gizon gehiagok generoari eta berdintasunari dagozkion gaietan interesa izateari?
Nere balorazioa erabat aldekoa da. Uste dut gaur egun berdintasunaren aldeko borrokan dauden eztabaida nagusienetako bat dela nola parte hartu arazi gizarteari, bere osotasunean, helburu hori lortzeko bidean eta nola bermatu zeharkakotasuna ekinaldi horretan. Uste dut oso positiboa dela ez lotzea generoa emakumeekin edo femenino izatearekin bakarrik, baizik eta baita gizonekin eta maskulino izatearekin ere.
Emakunde aitzindaria izan da gizonak berdintasun politikan sartzen. Zein ekarpen egiten du Emakundek, Gizonduz ekimenaren bidez, zentzu horretan? Zertan uste duzu lagun dezakeela Gizonduz-ek gizonek jarrera berdintasunaren aldekoagoa eta baketsuagoa izan dezaten?
Iruditzen zait Emakunde bezalako erakunde batek berdintasunaren aldeko borrokan gizonen parte hartzeak duen garrantzia gizarteari erakusteak mugimendu sozial horien bedintasunaren aldeko eragin soziala indartu egiten duela. Era berean, eginbide hori orokortzen laguntzen du eta normala bailitzan hartzen, baita positibotzat ere, horrela bere hazkundea eta zabalkuntza erraztuz.
|