Daniel Leal González. Jerez-eko Berdintasunaren Aldeko Gizonen Saileko koordinatzailea: "Gizonak matxoarena egiteagatik ordaindu behar dutenaz ohar daitezen nahi dugu"

1999an Jerez dela Fronterako Berdintasun eta Osasun Ordezkaritzan Berdintasunaren Aldeko Gizonen Saila sortzea espainiar estatuko lehen apustu instituzionala izan zen gizonek berdintasunaren aldeko jarrerak berdintasun-politiken barnean eremu guztietan sartzeko. Daniel Leal Gonzalez, psikologoa eta antropologoa, Saileko koordinatzailea da.

Zein oinarriren gainean sortu zen saila?

Berdintasuna lantzeko gizonek aldaketarekiko jarrera positiboa izatea garrantzitsua delako ustetik abiatzen gara; gizonok aliatuak gara nagusiki sexismoaren eraginak pairatzen dituzten emakumeen nahitaezko botere hornikuntzan eta bizi kalitatearen hobekuntzan. Autokritika egiten dugu, gizonen pribilegioak emakumeen desabantailen bizkar sortzen direlako. Baina gertaera hori ez denez nahikoa gizonen aldaketa pertsonala eta soziala eragiteko, aldaketak gizonentzat beraientzat dakartzan onurak agerrarazten ditugu. Egunerokotasunean gertatzen diren egoera sexisten aurrean gaitzespen jarrera aktiboaren aldeko apustua egiten dugu. Ikuspuntu “profeminista” batetik abiatzen gara, feminismorik gabe maskulinitateari buruzko azterketa kritikoak ez liratekeelako posible eta ez dagoelako aldarrikapen feministarik justiziazkoa ez denik. Gainera, sexu aniztasunaren alde gaude, homofobiak generoaren mugak mantentzen dituelako.

Zer proposatzen duzue gizonengan aldaketa eragiteko?

Gure helburu nagusiena da gure hiriko gizonak ohar daitezen matxoarena egiteagatik ordaindu behar dutenaz, eta dituzten pribilegioak “boomerang” baten gisa beraien aurka etor daitezkeela. Gizarte osasunaren benetako arazoa da. Gizonek beraien maskulinotasun-eredu normatiboak berraztertzeko eta beraien identitateetan zaintzaren eta berdintasunaren etika barneratzeko beharra dute. Inolako azalpen biologikorik gabe emakumeak baino zazpi urte lehenago hiltzea, nagusia den maskulinotasun-ereduari atxikita dauden bizimoldeei lotuta dago. Premiazkoa da gizonei generoa ikusaraztea, mugimendu feministak emakumeei ikusarazi zien moduan.

Generoari dagokionez, zein da gizonak bultzarazten dituen pizgarria?

Garrantzitsua den bat da mugimendu feministak proposatzen dituen ideiak entzutea, ikastea, ulertzea eta errespetatzea. Ez nukeen nire maskulinotasunaren berrazterketa egingo, ez banitu emakume feministen aldarrikapenak entzun. Beste bat da aitatasuna era aktibo eta arduratsuan onartzea; baita ere zenbait eredu birplanteatzea, hala nola laztanak eta maitasuna beldurrik gabe adierazteko eredua eta izaki bizien hauskortasunaren garrantziaz ohartaraztekoa. Gizonek zaintzen badute, beraien burua zaintzen ikasiko dute. Eta beraien burua zaintzen ikasten badute, zaintzen ikasiko dute. Identitate maskulinoak eraiki dira sozialki fememinotzat hartu den edozer gutxietsiz, autoestima bizimodu publikoan kokatuz, eta oso gutxi, aldiz, bizimodu pribatuan. Aita bihurtzen direnean konturatzen hasten dira balantza hori berdintzeko garrantziaz, eta hori lotuta dago etxeko lanetan berdintasunean parte hartzearekin. Bizi-krisi sakonek, krisi-pertsonalek eta osasun arazoek ere ikusarazten dute landutako ereduak ez direla jasangarriak. Eta beste pizgarri bat da emakumeek gizonengandik pairatzen duten biolentzia egoera jasangaitza.

Diskurtsoaz gain, zein keinu txikik bihurtzen du gizon bat berdintasunaren aldeko?

Adibidetzat Chequea tu machismo (“Azter ezazu zure matxismoa”) testa egitea proposatzen dizuegu. Oinarrizkoa da diskurtso publikoaren eta eguneroko ekintzen arteko koherentzia mantentzea. Berdintasunaren aldeko diskurtsoak geroz eta onarpen handiagoa du, baina oro har berdintasunaren aldekoago gara hitzez ekintzaz baino. Adi egon behar da egunerokotasunean estereotipo sexistak ez birsortzeko, eta gure eguneroko bizitzari generoaren betaurrekoekin begiratu behar diogu. Ez gara ohartzen gure pribilegioez, erropa garbitzeak daukan lanaz, emakumeek jasatzen dituzten barne eta kanpo oztopo ikusezinez.

Zer ari da huts egiten indarkeria matxistaren aurkako borrokan?

Premiazkoa da gizonen indarkeriaren biktimei babesa ziurtatzea, eta prebentzioa ere oinarrizko afera da. Jakina, gizon guztiak ez dira biolentoak, baina egia da maskulinotasunaren eraiketan espero izan dela eta ontzat eman dela zenbaitetan “gizon dena” indarkeria erabiltzeko gai izatea. Nahiz eta emakumeek jasan, gizonek beraiena den arazo bati jaramonik egin gabe jarraitzen dute. Emakumeek urtero hainbeste bikotekide edo bikotekide-ohi hilko balituzte, gizonak izututa eta erne egongo lirateke.

Zure ibilbidearekin, zer aholkatuko zenioke Gizonduz programari?

Emakumeen berdintasun-politiken aurrekontu publikoak emakumeen mugimenduaren borroka jarraituaren emaitza dira eta erabateko lehentasun gisa sendotu eta gehitu behar dira; Berdintasunaren Aldeko Gizonak formatoak beharrezkoak dira eta jadanik finkatuak dauden emakumeen berdintasun-politiken errekurtsoak ukitu gabe sortu behar dira. Politika berberen alde egoteak ez du esan nahi moda kontua denik. Urratsak txikiak eta neurtuak izan behar dira, baina sendoak, epe ertain eta luzerako apostu estrategikoarekin, generoaren proiektu integralen barnean kokatuta, eta maskulinotasunaren azterketa autokritiko sakona jasan duten gizonen gidaritzapean. Funtsezkoa da bertako kideak, ikuspegi antisexista batetik, nortasun maskulinoaren eraikuntza kritikoki aztertzen duten berdintasunaren aldeko gizonen taldeetan egon izana.

Nola irudikatzen dituzu etorkizuneko gizonak?

Berdintasuna eta antisexismoa orainean hastean dira, gizon bakoitzaren eguneroko orainean. Gizonak bidezko egoeren aldeko irudikatzen ditut, etxeko lanen eremuan erantzukideak, zaintzaileak, hor dauden eta arduratsuak diren aitak, maite dituzten pertsonak zaintzen, mugimendu feministako aldarrikapenekin solidarioak, beraien osasuna zaintzen eta maite dituztenei adi, aniztasun sexual osoaren aldeko borrokan inplikatuak, ez biolentoak, jazarpen sexualaren aurkakoak, samurrak, ausartak izanik egunerokotasunean, beraien lantegietan edo etxeko bizitzan, gertatzen diren edozein jarrera sexista erabat baztertzeko. Autokonplazentzia maskulinoak albora uzten dituzten gizonak, eta beraien ardurak onartzen dituztenak, alderdi pertsonalean eta politikoan, sexismoa mantentzeko edo desagertzeko. Asmo horretara bideratua dago eguneroko lana, gure hiriko gizonak inplikatuz, etokizunean matxismorik gabeko gunea izan dadin.