Elkarrizketa: Anastasia Téllez Infante doktorea
Elxeko Miguel Hernandez Unibertsitatearen (UMH) ECULGE ikerketa-taldeko MASKULINITATEEN BEHATOKIKO zuzendaria da (Alacant, Espainia). Doktorea da Gizarte Antropologian, eta UMHko Gizarte eta Giza Zientzien Saileko Gizarte eta Kultura Antropologiako irakasle titularra. 1992tik, genero-berdintasunean, gizonen eta emakumeen arteko harremanetan, lanaren sexu-banaketan, identitate maskulinoen eta femeninoen eraikuntza soziokulturalean eta maskulinitateen azterketan zentratu dira bere ikerketa- eta irakaskuntza-lerroak, genero-ikuspegi feministatik abiatuta. “Maskulinitateei eta Berdintasunari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra: maskulinitate berdinzaleak eraikitzeko jarduera onen bila, unibertsitatearen eremutik–CIMASCIGUAL” biltzarreko presidentea (Elx, 2019, Elxeko Miguel Hernandez Unibertsitatea). Maskulinitateen inguruko azken argitalpenen artean, honako hauek nabarmendu ditzakegu: "De la teoría a la acción: en busca de masculinidades igualitarias" (2021); "Hombres, género y patriarcado: reflexiones, cuerpos y representaciones" (2020); "Masculinidades igualitarias y alternativas. Procesos, avances y reacciones" (2019); "Deconstruyendo la masculinidad. Cultura, género e identidad" (2019) e "Igualdad de género e identidad masculina" (2017).
1. Elxeko Miguel Hernandez Unibertsitateko ECULGE ikerketa-taldeak 2019an antolatutako Maskulinitateei eta Berdintasunari buruzko Nazioarteko I. Biltzarraren xedeetako bat betetzen du Maskulinitateen Behatokiak. Behatokiaren beraren jarduerari heldu aurretik, konta iezaguzu asmo handiko biltzar hura nolakoa izan zen. Zein izan ziren ondorio garrantzitsuenak? Zein kontu edo erronka planteatu ziren maskulinitateen azterketaren etorkizunerako?
Biltzarrarekin asmatu egin genuen, gero eta handiagoa den eskari bat estali zuelako eta gure espektatibak soberan gainditu zituelako. Batzorde antolatzaile eta zientifiko izugarri ona eduki genuen, eta 470 baino lagun gehiago bertaratu ziren. Gainera, horien % 38 inguru gizonak izan ziren: bada, gero eta gizon gehiagok genero-berdintasunaren gaiaren gaineko interesa dutela erakusten du horrek. Biltzarrari “MASKULINITATEEI ETA BERDINTASUNARI BURUZKO NAZIOARTEKO I. BILTZARRA: MASKULINITATE BERDINZALEAK ERAIKITZEKO JARDUERA ONEN BILA, UNIBERTSITATEAREN EREMUTIK–CIMASCIGUAL” izenburua jarri genion (https://congresomasculinidades.edu.umh.es/), diziplinarteko, unibertsitatearteko eta nazioarteko topaketa akademiko bat egiteko gunea sortzea zelako xedea, zentzu zabalean, zuzenean eta/edo zeharka emakumeen eta gizonen genero-berdintasunarekin lotutako fenomenoak eta, zehazki, identitate maskulinoekin eta gizonek genero-berdintasunaren aldeko borrokan duten eginkizunarekin lotutako gaiak aztertzen dituzten profesionalen hausnarketa teoriko-enpirikoak trukatze aldera.
Jorratutako gaien artean, honako hauek nabarmendu ziren: maskulinitatearen eraikuntza soziokulturala, aitatasunak, emakumeen igoera sozialaren aurreko aldaketa- eta erresistentzia-prozesuak, gorpuztasuna, sexualitate maskulinoa (eta sexualitate horrek pornografiarekin, prostituzioarekin, salerosketarekin eta abarrekin duen harremana), genero-indarkeriak, erantzunkidetasuna, zaintzak eta emozioak, arriskua, lehiakortasuna..., gizon askoren praktika maskulinoak eratzen dituzten ardatzak baitira. Biltzarreko hitzaldi guztiak grabatuta daude, eta https://congresomasculinidades.edu.umh.es/videos/ helbidean lor daitezke. Gainera, biltzarrean aurkeztu ziren komunikazio asko akta-liburuan jasota daude, zeina https://congresomasculinidades.edu.umh.es/libro-actas-del-congreso/ helbidean modu irekian argitaratuta dagoen.
Bada, biltzarrean ondorioztatu zenez, genero-berdintasuna lortzeko, gizonek aldaketak egin behar dituzte hainbat konturen inguruan; hala nola, genero-harremanetan edo haien identitate maskulinoaren inplikazioetan. Maskulinitate tradizional-hegemonikoaren logikak hobeto ulertzeko premia zegoen eta dago, maskulinitate hori deseraikitzeko eta, elkarlanean nahiz ezagutza zientifikotik abiatuta, XXI. mendean gizon izateko baliozko aukera anitz eta berdinzaleak proposatzeko. Prozesu horretan, akademiak berebiziko eginkizuna dauka. Izan ere, maskulinitateen inguruko ikerketa akademikoen ia erabateko gabezia aztertu genuen, baita unibertsitateetako berdintasun-unitateetan gizonen gaiaren gainean dagoen interes eskasa, enpresetako, administrazioetako eta unibertsitateetako berdintasun-politiketan gizonen gaia ez aipatzeko joera edota gaiak feminismoaren barruan duen toki zehaztugabe hori ere, besteak beste.
Hala, agerian jarri zen azterlanetan, ikerketetan, master amaierako lanetan, doktoretza-tesietan eta abarretan gizonak genero-ikuspegiarekin txertatu beharra zegoela, bai eta analisi enpiriko eta argitalpen gehiago egin behar direla ere, nazioartean zein gure testuinguru kulturalean azken bi hamarkadetan eta, batez ere, azken urteetan eta feminismoaren laugarren olatu deiturikoan emakumeen eta gizonen berdintasunaren gainean gertatu diren gizarte-eraldaketek horrelako gune akademikoak eskatzen zituztelako; hau da, gizonak ikuspegi feministatik txertatzeko guneak behar ziren.
Han, biltzarreko adituekin sarean lan egiten jarraitzeko eta Maskulinitateen Behatokia bezalako gune akademiko bat sortzeko konpromisoa hartu genuen.
2. Biltzarra egin zenetik, urtebete baino zertxobait gehiago igaro zen Behatokia sortu arte. Nolakoa izan zen prozesu hori? Zein dira Behatokiaren xede eta ekintza-ildo nagusiak?
Bada, esan dudan moduan, 2019ko apirileko CIMASCIGUAL biltzarretik aurrera, han sortutako sareak eta sinergiak aprobetxatu eta horiei jarraitutasuna emate aldera, taldean lan egiten jarraitu genuen, eta talde eragile bat sortu, Elxeko Miguel Hernandez Unibertsitatean. Talde eragile horrek Maskulinitateen Behatokia http://observatoriomasculinidad.edu.umh.es/ abiatu zuen, eta hainbat unibertsitate eta diziplinatako sei kidek eratzen dugu (Joan Sanfelix, Jorge Cascales, Javier Eloy Martinez, Rebeca de las Heras y Joaquim Montaner), nire zuzendaritzapean. Duela 15 urtetik gidatzen dudan ECULGE (Ekonomia, Kultura eta Generoa) ikerketa-talde finkatuan kokatuta dago.
Maskulinitateen Behatokia gune zabala da, eta auzi maskulinoa hainbat mailatan jorratzeko asmoa dauka (adibidez, maila zientifiko-akademikoan, aktibistan, profesionalean eta sozialean), genero-ikuspegi feministatik abiatuta. Gure ustez, benetako berdintasunerako bideek gizonen inplikazio aktibo eta erreaktiboa behar dute, zalantzarik gabe: maskulinitate-eredu zaharkitua gainditu behar da, eta gizon izateko bestelako modu posible eta berdinzaleagoetarantz abiatu.
Maskulinitateetan, generoko ikasketetan eta berdintasun-politiketan adituak diren irakasle ikertzaileak dauzkagu, askotariko eremu eta diziplina zientifikotatik datozenak: antropologia, soziologia, irakasle-ikasketak, historia, gizarte-hezkuntza, pedagogia eta kazetaritza. Diziplinartekotasunari, era berean, lurralde-aniztasuna gaineratzen zaio, taldekideak Espainiako hainbat unibertsitatetakoak garelako (Elxeko Miguel Hernandez Unibertsitatea, Murtziako Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitatea, Castelloko Jaume I.a Unibertsitatea eta Cadizeko Unibertsitatea). Horretaz gain, berdintasunaren aldeko gizonen Espainiako Estatuko mugimenduko antolakunde jakin batzuetako kideak gara.
Aldi berean, generoaren eta maskulinitateen inguruko ikasketetan adituak diren kolaboratzaileen zerrenda luzea dugu, zeinak askotariko herrialdeetakoak, unibertsitateetakoak, erakundeetakoak, aktibismo-alorretakoak eta diziplinatakoak diren.
3. Behatokian, Maskulinitateei, Generoari eta Berdintasunari buruzko Elkarrizketa Mintegien asteko seriea antolatu duzue, gai- eta hizlari-sorta zabalarekin. Zein dira egitasmo horren helburuetako batzuk, eta zein balorazio egiten duzue orain arte? Maskulinitateen inguruko ikasketen alorrean, etorkizunera begirako debate, hausnarketa edo erronka interesgarriak sortzen ari dira?
Ba, Behatokiaren lehenengo jarduera (doakoa da) 2021eko urtarrilean abiatu dugu, eta sekulako arrakasta ari da edukitzen asistentzian, jardueraren berri eman eta astebetera toki gehien-gehienak bete baitziren, eta 250 dira saio bakoitzeko. Google Meet aplikazioaren bidez egiten dira saioak, zuzeneko bideokonferentzian, eta, grabatu egiten direnez, Behatokiaren Youtubeko kanalera igotzen dira, modu irekian. 14 asteazkenetan, 17:00etatik 18:30era bitartean, 2021eko otsailetik uztailera, liburu bat aurkezten dugu egunean, eta egileak liburuan jorratutako gaiari buruzko hitzaldia ematen du. Egilearen hitzartzearen ondoren, eztabaida hasten dugu bertaratutakoekin. Dagoeneko egin ditugun saioak hemen daude ikusgai, modu irekian: http://observatoriomasculinidad.edu.umh.es/audiovisuales-de-los-seminarios-conversatorios-sobre-masculinidades-genero-e-igualdad/
Halaber, ibilbidean daramatzagun hilabete hauetan, hainbat kontu abiatu ditugu: Valentziako Komunitatean, gizonei buruzko hainbat ikerketa-proiektu jarri ditugu martxan; ikus-entzunezko hainbat dokumental egin ditugu; genero-berdintasunaren inguruan lan egiten duten tokiko, autonomia-erkidegoko eta estatuko administrazioekin harremanak eta lankidetzak ezartzen ari gara, eta lankidetza estuan ari gara Maskulinitateetan, Generoan eta Berdintasunean Aditua izateko Unibertsitate Graduondokoarekin (UMH). Nik zuzentzen dut graduondoko hori, eta 2021eko urtarrilean izan du lehenbiziko edizioa.
http://especialistamasculinidades.edu.umh.es/
4. Behatokiaren beste ekimenetako bat “berdintasunaren aldeko gizonen mugimenduaren” mapaketa da. Orain arte, zer-nolako egitasmo asoziatiboekin egin duzue topo? Zure ustez, horrelako taldeak finkatzen ari dira? Zer-nolako harremana dauka Behatokiak berdintasunaren aldeko gizonen talde horiekin?
Gure xedeetako bat da unibertsitatetik kanpo aktibismotik eta herritik abiatuta feminismoaren eta berdintasunaren aldeko maskulinitateen inguruan lan egiten ari direnekin sinergiak sortzea, pertsona horiek ikusgai egitea eta haiekin lankidetzan aritzea. “Berdintasunaren aldeko gizonen mugimenduaren” mapaketa eta zerrenda sistematizatua egin behar genuen; lehenik, gure herrialdean, eta, aurrerago, ahal badugu, mundu osora zabalduko dugu. Horretarako, gaiaren inguruan ikertu genuen, eta emaitzetako batzuk honako kapitulu honetan argitaratu berri ditut, Jorge Cascales kidearekin batera (Behatokiko talde eragileko kidea da bera ere):
Cascales Ribera, Jorge eta Tellez Infantes, Anastasia (2021) “Masculinidades y activismo en el movimiento de hombres: igualdad, mitopoética y neomachismo” in Tellez Infantes, Anastasia; Martinez Guirao, Javier Eloy eta Sanfelix Albelda, Joan (2021) (Ed.) De la teoría a la acción: en busca de masculinidades igualitarias. Madril: Dykinson argitaletxea. Or.: 59-94
Halaber, berdintasunaren aldeko gizonen Espainiako Estatuko elkarteen eta hainbat kolektiboren, sareren eta bestelako antolakunde espainiar eta atzerritarren mapaketa egin dugu. Lan hori, neurri handi batean, beste latitude batzuetako adiskideen ekarpenekin garatzen jarraitzea espero dugu, beste herrialde batzuetan (hala nola, Mexikon, Argentinan, Txilen, Costa Rican, Portugalen...) egiten ari direnaren berri ematen baitigute. Hala, haien jarduerak, proiektuak, sareak, argitalpenak eta abar Behatokira emailez helaraztera gonbidatu nahi ditugu adiskide akademikoak nahiz ez-akademikoak. Informazio hori guztia sortu berri dugun BALIABIDEAK atalean esekitzen joango gara.
Bestalde, Maskulinitateen Behatokiko talde eragileko kideetako bat Joaquim Montaner adiskidea da. Bada, urteak daramatza gaiaren inguruan egiten diren egitasmoen bilduma egiten, berdintasunaren aldeko gizonen Espainiako Estatuko mugimenduaren historia ezagutzeko asmoz, web honen bidez: CRONOLOGÍA 3.0. CRONOLOGÍA IN-COMPLETA DEL MOVIMIENTO DE HOMBRES POR LA IGUALDAD EN EL ESTADO ESPAÑOL. Hor, mugimenduaren ekitaldi eta une gogoangarriak biltzen dituen denbora-lerro batera sar gaitezke, modu irekian sartu ere; halaber, ekitaldiak, testuak, elkarrizketak, artikuluak, gidak... aurki ditzakegu.
5. Nolakoa da Behatokiaren etorkizuna? Zein proiektu edo egitasmo aurreratu diezagukezu?
Komentatu dudanez, Maskulinitateen Behatokia unibertsitateko gune bat da, ikerketa-talde batean sortu dena eta UMHren Genero Ikasketen Diziplinarteko Zentroarekin eta Berdintasunerako Unitatearekin lankidetzan aritzen dena. Gune horrek maskulinitateen gaia genero-ikuspegitik ikertu, prestatu eta argitaratu nahi dugunon lan zientifikorako tresna izan nahi du, eta gizonen eta emakumeen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko xede feminista dauka. Gizonengan biltzen du arreta, haiei heldu nahi diegulako zuzenean. Defendatu ohi dugun moduan, unibertsitateak, herritarren prestigio eta errespetu aitortuak dituen heinean gizartean toki jakin bat baitu, gizonen azterketaren eta aldaketaren sustatzaile aktiboa izan behar du, eta, horretarako, maskulinitateen ikerketa eta ezagutza sustatu behar ditu, ikuspegi zientifiko diziplinarteko batetik abiatuta sustatu ere. Halaber, eredu hegemoniko tradizionalaren inguruan eztabaidatzeko eta eredu horren kritika ikusgai egiteko guneak jarri behar ditu, eta maskulinitatearen arau nagusiarekin alternatiboak eta disidenteak diren gizon izateko moduak ikusarazteko bideak eman. Gainera, modu aktiboan inplikatu behar du akademiak sortutako ezagutzaren hedapenean, ezagutza hori akademiaren barruko zirkuituetan gera ez dadin: gizarte osoak aprobetxatu beharko luke. Hori dela-eta, Behatokia gurekin lankidetzan aritu nahi dutenei irekita dago, haien eremua akademikoa, aktibista edo instituzionala izan, gizona nahiz emakumea izan eta aditua izan ala ez gorabehera, baina baita hedabideei, ikasleei, enpresei eta abarrei ere. Gizarteko kolektibo maskulinoa genero-berdintasunaren inguruan trebatu eta kontzientziatu nahi dugu, haien maskulinitatea(ak) (askotarikoak eta anitzak) matxistak eta patriarkalak izan gabe baliatzeko moduak ezagut ditzaten eta haien burua deseraikitzera anima daitezen; hau da, ispiluari (gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeriazko botere-harremanei) genero-ikuspegi batetik begiratzera bultzatu nahi ditugu. Halaber, maskulinitatearen eraikuntza kulturalari genero-ikuspegitik helduz gero, emakumeek hobeto ulertuko dituzte patriarkatuaren logikak eta gurea bezalako gizarte matxista bateko sozializazio maskulinoa, eta horrek generoaren irudikapen ideologiko hegemonikoak, jarrera sexistak eta emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeria iraunarazten duten mikromatxismoak desegiteko tresnak emango dizkie.
Maskulinitatearen Behatokiaren proiektu berehalakoenen artean, honako hauek dauzkagu:
• 2021eko apirilaren 29an, MenEngage Iberia sarearen aurkezpena egin genuen; gainera, haiekin lankidetzan aritzen gara. Bada, haien proiektu bat ere aurkeztu genuen, Gizonei eta Maskulinitateei buruzko Agenda Feminista proiektua, hain zuzen ere, urrian amaituko dena.
• Lehenengo edizio honetako elkarrizketa-mintegiekin jarraituko dugu 2021eko uztailera arte, eta bigarren edizioari ekingo diogu 2021-2022 ikasturtean.
• Maskulinitateetan, Generoan eta Berdintasunean Aditua izateko Unibertsitate Graduondokoaren (UMH) bigarren edizioa abiatuko dugu, eta 2021eko maiatzaren 1ean irekiko da aurretiko izen-emate aldia. Aurreko ikasturtean toki guztiak bete ziren, eta jende bat itxaron-zerrendetan geratu zen, matrikulatu ahal izan gabe. Horrek agerian jartzen du prestakuntza mota horrek sekulako eskaria duela.
• 2021eko ekainean, guk geuk egindako dokumental-sorta bat aurkeztuko dugu, Rebeca de las Heras Behatokiko talde gidariko kidearekin batera garatzen dudan MASCULPOLIEDRICOS proiektuarekin zerikusia duena.
• Aurten, irakaskuntzarako eskuliburu bat argitaratuko dugu, on-line, Maskulinitateak, Generoa eta Berdintasuna izenekoa (Tellez, koord.), non Maskulinitateetan, Generoan eta Berdintasunean Aditua izateko Unibertsitate Graduondokoko (UMH) 20 irakaslek parte hartu duten.
• Maskulinitate poliedrikoak: Zer da gizon izatea? Nolako gizona izan nahi dut? MASCULPOLIÉDRICOS. Ikerketa-proiektua garatzen jarraituko dugu (2020/01/01-2021/12/31, Elxeko Miguel Hernandez Unibertsitatea).
• Ikerketa bat egingo dugu nire zuzendaritzapean, ikerketa-lanetan Joan Sanfelix izango duena, Valentziako Generalitataren Vicepresidencia i Conselleria d'Igualtat i Polítiques Inclusive presidenteordetzaren eta Elxeko Miguel Hernandez Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmenaren esparruan. Bada, 2021eko maiatzean hasiko da, eta VALENTZIAKO KOMUNITATEKO HIRIKO GIZONEI BURUZKO AZTERLANA ETA DIAGNOSTIKOA, GENERO-IKUSPEGIAREKIN izenburua jarri diogu.
• Behatokiaren BALIABIDEAK atala, agenda, bloga eta abar elikatzen jarraituko dugu.
• Kontaktuen, laguntzaileen, erakundeen, elkarteen eta abarren sareak zabalduko ditugu.
Nire ustez, bidea ibiliz egiten da; horregatik, Behatokiaren etorkizuna bertan aritzen garen guztion araberakoa izango da. Hala ere, egiaztatzen ari garenez, maskulinitateen gaineko interesa gero eta handiagoa izango da, maskulinitateak despatriarkalizatzea delako genero-berdintasuna lotzeko ezinbesteko betekizunetako bat. Ezaugarri zail bat egokitu zaigu, gure une akademiko, sozial eta politikoa laugarren olatu feministaren eta COVID-19aren pandemiaren testuinguruan kokatu baita, non Maskulinitatearen iparrorratz hautsia (La brújula rota de la masculinidad, Sanfelix, 2020) duten gizonak topatzen ditugun. Gizon horiek, batzuetan, borroka feministarekin egiten dute bat, baina, beste batzuetan, kezka eragiteko moduan, diskurtso neomatxistak eta maskulinistak besarkatzen dituzte; hau da, eskuin muturreko alderdi politikoetako ordezkariek babesten eta Internet bidez inoiz baino modu aktiboagoan hedatzen dituzten diskurtsoei heltzen diete, Jose Tamayok (2020) Gorrotoaren internazionala deitu duena elikatzeko.