Elkarrizketa: Oskar Aranda eta Paulino García.

 

Oskar Aranda: pedagogoa, sexologoa eta hezkidetzan aditua.

Paulino García: aholkularia eta laguntzako irakaslea ikasle ijitoekin.

 

1.- Amuge Elkarteak (Emakume Ijitoen Elkartea) “Roma eraldatuz” proiektua jarri zuen abian 2015ean, gizon ijitoei zuzenduta. Azalduko diguzue zer den eta nola sortu zen ekimen hau? Zenbat gizon ari dira proiektuan parte hartzen?

Amuge Elkartea, 2013az geroztik, emakume ijitoak ahalduntzeko prozesuak egiten ari zen, eta ohartu zen emakumeei ikastaro horiek emateak hutsaren hurrena ala batere ez zuela balio, baldin eta gizonekin ez bazen prozesu bera egiten, betiere kontuan hartuta ijitoen herriak eta kulturak zer-nolako berezitasunak dituen. Horregatik, gizon ijito batzuei proposamena egin zitzaien, bitartekari baten laguntzarekin, gai hauek lantzeko proiektu honi ekiteko. Lehenengo taldea sortu zen, eta, handik hilabete batzuetara, bigarren taldea jarri zen abian. Gaur egun, lehendabiziko bi talde horiek elkartu egin ditugu, asteroko saioekin jarraitzen dugu, eta beste talde bat sortu genuen pasa den udaberrian. Guztira, 30 gizon ijitok hartzen dute parte gaur egun.

 

2.-Proiektuaren helburuetako bat da gizon ijitoak sentsibilizatzea emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna lortzeko, eta, horretarako, maskulinitateak lantzea. Zein eduki lantzen dituzue talde horietan eta zer tresna erabiltzen dituzue horretarako: formatuak, lan pertsonala, lan kolektiboa...?

Programa hau ijitoen ikuspegitik pentsatua dago; alegia, edukiak beste gizon-talde batzuekin maskulinitateak eta alternatibak landu nahi ditugunean proposatzen direnen antzekoak izan daitezke, baina, kasu honetan, oso kontuan hartzen dugu nori zuzenduta dagoen, eta material guztia, eztabaidak eta eskaintzen dugun guztia populazio ijito maskulinoari erantzuteko pentsatua dago; izan ere, agian, zenbaitetan, beste gizon-talde batzuetan ikusten ditugun ikuspegiez bestelako batetik abiatzen dira. Hau da, bizi duten unetik abiatzen gara: emakumeekin bizi diren gizonak dira (gehienak ezkonduta daude eta seme-alabak dituzte); kultura jakin baten barruan daude, ijitoena, eta kultura horri, agian, kultura horrek berak duen berezitasunagatik, gehiago kostatzen ari zaio gizarteak, mugimendu feministek eta erakunde publikoek gizartearen esparru guztietan gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna sustatzeko egiten dituzten proposamenetara gerturatzea. Horregatik, maskulinitateaz hitz egiten dugunean, gizon ijito izateko duten moduari erreparatzen diogu, horrek dakarren guztiarekin. Familia nabarmentzen dugu, aitatasuna, erantzukidetasuna etxeko lanetan, zaintzan eta hazkuntzan, indarkeriaren erabilera, emakumeak nola irudikatzen dituzten beren komunitatean... Alegia, gai eta proposamen ugari, baina betiere gizon ijito gisa duten ikuspegitik abiatuta.

Metodologiari dagokionez, oso kontuan hartzen dugu populazioaren sektore zaurgarri bat dela, ikasketa gutxikoa, eta, horregatik, ikus-entzunezko materialen bat ikusi ondoren proposatzen ditugu eztabaidak saioetan: ijitoek beren komunitatean izandako aldaketak azaltzen dituzten dokumental bat, programa mediatikoagoak (adibidez, “Palabra de Gitano”) edo telebistetako programetatik ateratako saio berezi batzuk, baliogarriak baitira, era berean, ijitoen herria maiz komunikabidetan nola azaltzen den ohar daitezen eta horrekin kritiko izan daitezen. Filmak ere ikusten ditugu, aldaketa- edo gogoeta-prozesu bat abiatzeko euskarri izan daitezkeela iruditzen bazaigu edo proposamen praktikoagoetarako lagungarri badira; adibidez, etxeko lanak egiten ikasteko: garbigailua jartzen jakiteko edo plantxatzen ikasteko.

 

3.- Generoaz gain, beste faktore batzuek ere eragiten dute nortasuna eraikitzeko orduan, hala nola egoera ekonomikoak, hezkuntzarako sarbideak, ohiturek eta kulturak. Gizon ijitoen kasuan, zein egoera espezifikok eragiten dute haien egoera sozialean? Modu berezi batez eragiten al die gizonei ijitoen herria bezalako talde bateko kide izateak nortasun maskulinoak eraikitzeko orduan? Badago “gizon izate” desberdin bat?

Bai horixe, badago. Hain zuzen, ijitoena bezalako errealitate espezifiko batetik abiatzeak garamatza programa hau bestelako ikuspegi batetik antolatzera. Ijitoen herriak, mendeetan, diskriminazioa jasan du gizartetik kanpo bizi nahi izategatik, eta azken urteotan akulturazio-prozesua ekarri du diskriminazio horrek: ijitoen balioak eta portaera kulturalak bide lauso batean sartu dira, kulturari eusteko etorkizun handirik ez dakarren bide batean. Horregatik, beharrezkoa da gizon eta emakume ijitoek gogoeta garrantzitsu bat egitea, haien ohiturak, legeek eta kulturak oro har denboran iraun dezaten, baina bizi-bizi aurrera doan gizarte bati egokituta eta atzean geratu gabe. Nola gorde ditzakete beraien kultur formak eta legeak gaur egun, baina parekidetasunaren eta gizon-emakumeen arteko aukera-berdintasunaren aldeko apustua eginez? Posible da hori guztia?

Bestalde, ijito askok eta askok gaur egun duten egoera ekonomikoa dugu: beren lanbideak galduz doaz ezinbestean, ez dute beren idiosinkrasia kontuan hartzen duen lan egiteko modurik aurkitzen, eta horrek guztiak marjinalitaterantz daramatza. Horrek guztiak sozializazioan eragiten die, hezkuntzarako sarbidean –nahiz eta azken urteotan urrats garrantzitsu asko egiten ari diren–, eta gizarte bateko kide sentitzeko duten moduan ere bai, maiz beren ohiturak baztertu eta ostrazismora kondenatzen dituelako.

Aldaketa-prozesu horien ondorioz, gizon ijitoa mehatxatua sentitzen da gizon gisa eta etnia jakin bateko kide gisa, eta erritu eta ohitura jakin batzuetan ikusten du azken aukera eta aukera bakarra bere ijitotasunari eusteko. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu alternatiba bideragarriak eta ihesbideak proposatzea eroso sentitzen diren posizio batetik, nahiz eta horrek pribilegioei uko egitea ekarri. Prozesu konplikatua da gizon ijito sentitzeko forma berrietan eroso senti daitezen lortzea, horrek pribilegioak galtzea ekartzen badie. Baina hori da gure erronka.

 

4.-Emakume ijitoek ekintzak sustatu dituzte modu antolatuan, beren gizarte egoera hobetzeko, ahalduntzea sustatzeko, eta indarkeria matxistaren prebentzioan berariaz lan egiteko. Zer-nolako jarrera dute komunitateko gizonek proposamen horien aurrean?

Oro har, ez dute gaizki ikusten, baina batzuetan defentsibara jartzen dira, iruditzen zaielako emakumeak posizio sozialak irabazten ari direla, gehiegi haien irudiko. Gizonek, hasiera batean, tinko heltzen diete ijitoen legeei, beren genero-pribilegioei eusteko, baina gero, aldaketek beren bizitzan ere eragina dutela ohartzen direnean (ikasketetara eta lan-merkatura sartzea eta abar), beste ikuspuntu batetik ikusten dute kontua. Dena den, prozesua hasiberria da, ahula, eta denbora beharko da gizonezko ijitoak benetan aldaketarako prest dauden jakiteko.

 

5.-Gizartean estereotipo asko eta asko daude talde sozial honetaz, ijitoen herriaz. Nola eragiten dute estereotipo horiek ijitoen eta, zehazki, gizonezko ijitoen eguneroko errealitatean? Berdintasuneranzko aldaketa bultzatzen dute ala, aitzitik, mugatu egiten dute?

Saioetan lantzen dugun ardatzetako bat da, hain zuzen, gizon eta ijito diren aldetik beren buruaz zer irudi duten eta zer-nola ikusten dituen gizarteak. Badakite telebista-saioetan matxista izatea eta prozesuan atzean geratu izana leporatzen zaiela, eta ez daude oso eroso etengabe entzuten duten mezu horren aurrean. Batzuetan, biktimismoa sortzen da gai honekin eta beren komunitatea estereotipatzen duten beste gai batzuekin; horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu kontuan izatea, emakume ijitoak egiten ari diren ahalduntze-prozesu honekin batera, gizon ijitoek, aukera-berdintasunarekin bat egiteaz gain, etnia eta komunitate gisa ahalduntzea ere eransten diotela horri, gainerako gizartearekiko sozializazioa modu orekatuan eta multikulturalean egin dadin; alde batera utzita payo-ijito eskema, talde sozial gisa ahuldu baino ez ditu egiten eta.

 

6.- Zein dira “Roma eraldatuz” proiektuaren etorkizuneko asmoak? Kanpoko eta barruko zer aldaketa beharko lirateke proiektua zabaltzeko eta finkatzeko?

Epe laburrean, proiektu honek jarraipena izatea nahiko genuke, taldeak sendotu daitezen eta ijitoen herriaren artean gizon izateko modu berriak sor daitezen pixkanaka. Horrez gain, sinergiak sortu nahi genituzke maskulinitate alternatiboak lantzen eta sexuen arteko benetako parekidetasuna defendatzen duten beste gizon-talde batzuekin. 

Epe ertainean, erabat ezinbestekoa iruditzen zaigu ijitoen komunitateko beste esfera sozializatzaile batzuek (esaterako, ijitoen kultua) kontuan hartzea ematen ari garen urrats hauek guztiak eta haiek ere prozesu honen parte bihurtzea. Bai eta, halaber, gizonen eta emakumeen artean talde mistoak sortzea ere, komunitatean emakumeen eta gizonen artean aukera-berdintasuna bermatzeko dauden zailtasunak lantzeko. 

Epe luzean, aukerarik hoberena litzateke ikustea komunitate bat, ijitoena, bere kultura- eta harreman-modu propioei eutsiz, gizarte anitz baten barruan, eta apustu eginez kultura-aniztasunaren alde, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren alde, eta gizon zein emakumeak beren bilakaera historikoaren protagonista izanez, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta.