Elkarrizketa Christian Veske jaunari, Genero Berdintasunaren Europako Institutuko (EIGE, ingelesezko sigla) Gizonezkoak eta Genero Berdintasuna arloko arduraduna.

(English version)

1. Zer ekimen ari da garatzen Genero Berdintasunaren Europako Institutua gizonezkoek berdintasunaren aldeko borrokan parte har dezaten?

Genero Berdintasunaren Europako Institutua (EIGE) 2010. urtean hasi zen gizonezkoak eta genero-berdintasuna gaia lantzen, gizonezkoei eta maskulinitateari buruzko adituak Vilniusen elkartu zirenean. Garai hartan ez zenez aztertu oraindik zer arlotan sartu gaia, gizonezkoak eta maskulinitatea deitu zitzaion. Bileraren ostean, ikerketa bat jarri zen abian Europar Batasunean gizonezkoek genero-berdintasunean zuten inplikazioa ezagutzeko. Azterketaren baitan, gizonezkoen eta genero-berdintasunaren alorrean lanean ari ziren erakundeei buruzko informazioa bildu zen. Informazio hori gure webguneko datu-basean jarri zen eskuragarri.

Genero-berdintasunean gizonezko gehiago inplikatzeko bidean mugarri garrantzitsua izan zen EIGEk Lazo Zuriaren Kanpainarekin bat egin zuen unea. Gizonezkoek emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokan parte har dezaten bultzatzea du xede kanpainak. Hasiera-hasieratik, gure helburua Europako eta hortik kanpoko gizon ezagunengana iriste izan da, kanpainarekin bat egin eta indarkeriaren aurka ager daitezen.

Kanpaina nahiko arrakastatsua izan da; hain zuzen ere, joan den abenduan bertan, Europako Parlamentuko presidente Martin Schulz batu zaio. Horrez gain, eztabaida-txanda antolatu genuen Europako Parlamentuan joan den abenduan eta bertara Lazo Zuriaren enbaxadoreak bildu genituen. Eztabaida interesgarria izan zen, baita nahiko sutsua ere tarteka.

2. Europa mailan, berdintasunaren alde gizonezkoekin egindako zer ekimen nabarmenduko zenituzke? Jardunbide egokirik azpimarratuko zenuke?

Oso zirraragarria da MenEngage Europe sarearen sorreraren lekuko izatea. Izan ere, berdintasunaren alde egiten duten gizonezkoen Europako erakundeen arteko lankidetza estuagoaren hasiera markatzen du horrek. Jabetzen naiz oraindik ere hasierako fasean daudela, baina anbizio handia dute. Emakumeen erakundeekin batera lan egitea pentsatzen dute eta hori ere faktore garrantzitsua da. Bestalde, pozik nago EIGE ere hainbatetan aritu baita haiekin lankidetzan. Hainbat eztabaida izan ditugu haiekin, eta babes handia eskaini ziguten iaz Lazo Zuriaren Kanpainan duten esperientziarekin.

3. Europar Batasuneko herrialdeetako egungo egoera oso konplexua da. Gizonezkoak berdintasun-politiketan inplikatzeari dagokionez, Ipar Europaren eta Hego Europaren artean alde nabarmenak daudela uste duzu? Non daude aldeak maila horretan?

Zuzen zabiltza egoera konplexua dela diozunean. Hala ere, ez nuke muga iparraldearen eta hegoaldearen artean jarriko. Askoz faktore gehiago daudela uste dut. Gizonezkoek genero-berdintasunean duten inplikazioari dagokionez, inplikazio handiena herrialde eskandinaviarretan badute ere, alderdi gehiago ere badaude. Zure erakundea bera, esate baterako, gizonezkoen inplikazioaren adierazgarri da, eta izugarrizko gauzak egiten ari zarete. Badaude, Europa osoan, gizonezkoen eta genero-berdintasunaren alorrean lanean ari diren hainbat erakunde txiki, proiektu eta gizabanako ere. Nire ustez, lankidetza eta kooperazio gehiago behar da egiten dutenari buruzko informazioa zabaltzeko.

4. Zein dira gizon-emakumeen arteko desberdintasunaren arloan Europar Batasunaren erronka nagusiak?

EIGEn egunero jorratzen ditugu genero-desberdintasunezko gaiak, eta zaila da hierarkiak sortzea gaiek duten garrantziari dagokionez. Egiturazko desberdintasun oro gizartearen garapenerako kaltegarria dela pentsatzen dut.

Dena den, erronkei buruz galdegiten badidazu, Europar Batasunak eta bertako kide diren herrialdeek dituzten konpromisoei eustea eta konpromiso berriak hartzea garrantzitsua dela pentsatzen dut. Jendeari desberdintasuna garesti ordaintzen dela ulertaraztea da erronka. Gaiari ez heltzea edo haren inguruan lan gutxiago egitea tentagarria eta nahiko erraza dela irudi badezake ere, lehenago eta beranduago pentsamolde horrek huts egingo du.

5. Duela gutxi, EIGEk bat egindako Lazo Zuriaren Kanpainan, «16 eguneko aktibismoa genero indarkeriaren aurka», gizonezkoek enpatikoak eta zaintzaileak izan beharko luketela aipatu zenuen. Benetan antidoto onak al dira horiek genero indarkeriaren aurka?

Biolentzia mota guztiak lotuta daudelakoan nago, ezer ez da gertatzen bere horretan. Indarkeriaren testuinguruan, garrantzitsua iruditzen zait begien bistako dena gogoan izatea; alegia, gizonezko gehienak ez direla biolentoak. Ez dute indarkeria gustuko. Mutilei hasiera-hasieratik beren emozioak ulertzeko eta haiei buruz hitz egiteko aukera ematea ere garrantzitsua da. Baztertutako aukera izan da hori tradizionalki. Gizonezkoek emozioak bideratzen ez badakite, ondorio larriak ekar ditzake horrek, bai gizonezkoentzat, bai emakumezkoentzat. Mutilei zaintzaile eta enpatiko izaten irakatsiz gero, aldiz, zer kalte egin dezake horrek? Komunikaziorako gaitasun positiboak irakatsiko dizkie horrek.

Gizonezkoek aitatasun-baimena hartzea eta seme-alabekin etxean egotea ere beharrezkoa da. Pazientzia eta ulermena irakasten die gizonezkoei eta seme-alabekin lotura estuagoak ezartzen laguntzen die. 2010eko Beijing +20 txostenean hamazazpi estatu kidetako datuak aurkituko ditugu aitatasun-eszedentzian dauden (8 urtez azpiko haurrak) gizonezko landunen proportzioari buruz. Herrialde horietatik guztietatik hamalautan % 2tik beherakoa da tasa; aitatasun-eszedentzia hartzen duten gizonezkoen proportziorik handiena Suediakoa da, % 11, Finlandian % 4, eta Danimarkan % 2. Batasuneko kide diren herrialdeetatik seitan aitatasun-eszedentzian dauden edo hartu duten gizonezkoen proportzioa % 0,5etik beherakoa da, horien artean dago Espainia. Lehenengo urratsak eman ditugun arren, oraindik ere bide luzea geratzen da enplegatuen jarrera aldatzeko, gizonezkoena, nahiz emakumezkoena.

6. Europako gizonezkoek genero indarkeriaren aurka egon behar dutela ere aipatu duzu aurretik. Indarkeria gizonezkoen kontua da? Nola liteke berdintasuna elkarrekin bizitzeko oinarrizko printzipio gisa duten gizarteetan emakumeen aurkako indarkeria egotea oraindik ere?

Gizonezko guztiak ez ezik, emakumezko guztiak ere indarkeriaren aurka egon behar luketela pentsatzen dut, berdin dio indarkeria non gertatzen den. Indarkeria gizonezkoen kontua da kasu gehienetan, indarkeria eragiten duten gehienak gizonezkoak dira. Bikote barruko indarkeriari erreparatzen badiogu, biktima gehienak emakumezkoak dira eta eragile gehienak gizonezkoak. Hori horrela izateko hainbat arrazoi daude, baina pare bat baino ez ditut azpimarratu nahi hemen: komunikazio-gaitasun eskasak ekartzen dituzten estereotipoak eta rol-ereduak, eta pribilegio eta eskubidearen zentzua.

Aurrez esan dudan moduan, mutilei, sarri, ez zaie emozioak bideratzen irakasten, ez ikastetxean, ez familian. Ez zaie enpatia irakasten, aitzitik, menderatzen irakasten zaie ideal nagusi gisa.

Zure emozioak nola bideratu edo pertsona arteko arazoak nola konpondu inork irakasten ez badizu, zer egingo duzu heldu izatean horiei aurre egin beharrean aurkitzen zarenean? Hainbat modutara erreakziona dezake pertsonak, eta indarkeria da horien artean heldugabeena.

Azpimarratu dudan beste arrazoia gizonezkoek duten pribilegiozko zentzua da. Maskulinitateari buruzko ikertzaile Michael Kimmel-ek asko idatzi du horri buruz.

7. Gizon gazteei dagokionez, identitate maskulinoa eraikitzerakoan aldaketa nabarmenak gertatu direla esango zenuke? Garai bateko ereduetatik zer gelditzen da? Zer aldatu da?

Norberaren maskulinotasuna eraikitzerakoan aldaketak gertatu direlakoan nago. Hala eta guztiz ere, berriro ere gogora ekarri behar dugu kultur eta gizarte ingurune ezberdinetan abiadura eta modu ezberdinetan ari dela gertatzen aldaketa hori.

Hori horrela, nire esperientziatik abiatuta, Estoniari buruz hitz egin dezaket. Nire belaunaldiko gizonek nire aitaren belaunaldikoez bestelako baliabideak erabili dituzte beren identitate maskulinoak eraikitzeko. Gaur egun, belaunaldirik gazteenari erreparatzen badiot, ingurune sozialak eta itxaropenak desberdinak dira haientzat ere. Esate baterako, Estonian gaur egun oso zabalduta dago gizonezkoek seme-alaben hazkuntzan parte hartzea. Hori ez zen horrela duela 20 urte.

Gogoan hartu beharreko beste gauza bat identitatearen sorrera etengabe egiten dugun zerbait dela da. Norberaren maskulinotasuna eraikitzea prozesu jarraitua da, eta gizonezkoei hori irakastea ere garrantzitsua da. Gizonezkoen frustrazioa espero ziren arau maskulinoekin bat ez egitearen sentimendutik etor daiteke askotan; lekuz kanpo sentitzen dira. Funtsean, identitate maskulinoa modu zurrunean eraiki dutela esan nahi du. Horrek zoriontsu izatea eragozten die edo hutsunea kaltegarriak izan daitezkeen gauza edo ekintzekin betetzera eraman ditzake, beren burua proban jartzeko besterik ez bada ere (lan gehiegi eginda, gehiegi edanda edo behar ez diren arriskuak hartuta).

8. Vilniusen egindako bileran, Emakunderen Gizonduz Programari buruz gehiago jakiteko aukera izan zenuen programako koordinatzailearen, Ander Bergararen, eskutik. Zer iritzi duzu Emakunderen Gizonduz Programari buruz? Zer baztertuko zenuke?

Lehen esan dudan moduan, Emakundek egiten duenarekin txundituta nago, bereziki, antolatutako ikastaroekin. Ikuspegi praktikoa edukitzea eta gizonezkoei beren hizkuntzan eta ingurunean hitz egitea garrantzitsua dela pentsatzen dut.

Ez dut uste programatik ezer baztertuko nukeenik. Guztia horretarako beharra zegoelako prestatu da. Etengabe egin beharrekoa errealitatea islatzea eta gauzak beharren arabera berrantolatzea da.

9. Etorkizunari buruz baikorra zara? Edo ezkorra?

Oro har pertsona baikorra naizenez, berdintasunari buruzko gaietan ere baikorra naiz. Jakina erreakzio negatiboak daudela hainbat alorretan, eztabaida gogorrak, baita liskarrak ere, baina azken batean, jendearengan sinesten dut. EIGEn gizonezkoak genero-berdintasunean inplikatzeari buruzko gure ikuspegia formalizatu dugu lehen aldiz. Zuzendaritza Kontseiluari aurkeztu genion 2014. urtearen amaieran eta iruzkin eta aldaketa batzuk egin zizkioten. Orain genero-berdinketako gaietan gizonezko gehiago inplikatuz aurrera egitea da kontua.