Elkarrizketa: Gerard Coll-Planas
“Indarkeria homofobikoa emakumea/gizona binarismoa errepikatzetik eta bi horiek elkarren osagarri direla erakutsi beharragatik sortzen da; horregatik, ezin da homofobia ezabatu sexismoari aurre egin ezean”.
Maiatzaren 17a "Homofobia, transfobia eta bifobiaren aurkako nazioarteko eguna" da, 2004. urteaz geroztik. Helburu honekin sortu zen: lesbianek, gaiek, bisexualek eta transexualek (LGBT) nazioartean jasaten duten indarkeriaz eta diskriminazioaz ohartaraztea lider politikoak, iritzi-sortzaileak, mugimendu sozialak, herritarrak (oro har) eta komunikabideak. Osasunaren Mundu Erakundeak, 1990ean hartutako erabakiaz, buru-nahasmenduen sailkapenetik atera zuen homosexualitatea. Horregatik aukeratu zen berariaz maiatzaren 17a; erabaki hori ospatzeko, hain zuzen ere.
Data hori baliatuz, Gerard Coll-Planas-ekin mintzatu gara. Hona hemen hark egindako aurkezpena.
Aurkezpena:
Soziologian doktore naiz (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa), eta irakasle naiz Vic-eko Unibertsitatean, non Centre d’Estudis Interdisciplinaris de Gènere zentroa gidatzen baitut. Liburu hauek argitaratu ditut: Dibujando el género (Egales, 2013), La carne y la metáfora. Una reflexión sobre el cuerpo en la teoría queer (Egales, 2012) eta La voluntad y el deseo. La construcción social del género y la sexualidad (Egales, 2010). Miquel Missé-rekin batera, hau editatu dut: El género desordenado. Crítica en torno a la patologización de la transexualidad (Egales, 2010). "Proyecto Contra la homofobia, Herramientas para las administraciones locales" proiektuaren koordinatzaile akademikoa izan naiz; Europako Batzordeko Justizia, Askatasun eta Segurtasun Zuzendaritza Nagusiak finantzatu du proiektua (2010-2011). Egun, hainbat lanetan nabil: transexualen laneratzeari buruzko proiektu bat lantzen, sexu-orientazio eta genero-identitatean oinarritutako berdintasun-plan bat egiten (Osonan) eta LGTB kolektiboaren memoria historikoa lantzen.
1.Nahiz eta azken urteotan aurrerabide handia egin den lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen egoerari dagokionez, kolektibo horrek diskriminazio soziala jasaten du oraindik ere, eta komunikabideetan agertzen diren berrien arabera, jarrera homofobo eta transfobikoak zertxobait goratzen ari direla esan liteke. Zer uste duzu horretaz?
Egoeraren balantzea egiterakoan, zentzu kritikorik gabeko optimismoan erortzen garelakoan nago; hau da, lorpenak baino ez dira azpimarratzen, eta ez da kontuan hartzen oraindik ere batzuek zer nolako sufrimendua eta diskriminazioak jasan behar dituzten. Kontrara, beste diskurtso batzuek negatibotasuna nabarmentzen dute, eta ahaztu egiten dute aldaketa positiboak ere gertatu direla.
Nire iritziz, anbibalentziak azpimarratuta aztertu behar da egungo egoera. Alde batetik, egia da sexu bereko pertsonenganako erakarmena sentitzen duen nerabe batek askoz ere aukera gehiago dituela erreferenteak aurkitzeko eta erasoen aurrean laguntza eskatzeko. Oso urrun joan gabe, 80ko hamarkadan jaio ginenok ia ez genuen lesbianen erreferentziarik, eta gaien erreferentziak, berriz, iseka egiteko ziren edo oso estigmatizatuta zeuden. Zure inguruan ikasten zenuen zure desioa gorde egin behar zela, zure familiarengandik urrundu egiten zintuela, zure herria uztera behartzen zintuela, ezin zenuela lotura positiborik sortu, ... eta, hiesaren bidez, desio hori heriotza lotsagarri, bakarti eta mingarri batek markatuta zegoela. Ordutik, aldatu egin da egoera: gay eta lesbianen erreferenteak biderkatu egin dira komunikabideetan, interneti esker erraztu egin da informaziorako sarbidea eta elkarteekin harremanetan jartzeko modua, etab.
Bestalde, oraindik ere bide luzea egin behar da gizarte berdinzale batez eta generoari eta sexualitateari dagokionez aniztasuna errespetatzen duen gizarte batez hitz egin ahal izateko. Adibide bi hauek oso argigarriak iruditzen zaizkit. Lehenengoa: gure kaleak eta plazak oraindik ere oso espazio heterosexistak dira, eta leku horietan lesbiana eta gay gehienak ez dira gustura sentitzen eskutik heltzeko, maitasuna agertzeko edo, ligatzeko, besterik ez bada ere. Bigarrena: ikastetxeetan oraindik ere erasoak egiten zaizkie arauzko sexualitatea edo genero-identitatea ez dutenei. Indarkeria horrek iraun egiten du, eta larriago dena, biktimak lotsatu egiten dira indarkeria horretaz, eta horregatik, are zailago dute ahalduntzeko eta abusua apurtzeko estrategiak aurkitzea. Edonola ere, indarkeria homofobikoa emakumea/gizona binarismoa errepikatzetik eta bi horiek elkarren osagarri direla erakutsi beharragatik sortzen da; horregatik, ezin da homofobia ezabatu sexismoari aurre egin ezean.
2.Sarritan, gai hori albo batera uzten da edo ez da ikusten berdintasun-politikez hitz egiterakoan. Zure ustez, arlo honetan politika espezifikoak behar dira edo gure administrazioetan lantzen ari diren berdintasun-politiken barruan sartu behar dira?
Hemen oso eztabaida sakona dago berdintasun-politikak antolatzeko moduari buruz eta emakume eta gizonen berdintasunerako politiken eta sexu-orientazio eta genero-identitatean oinarritutako berdintasun-politiken arteko harremanari buruz.
Lehenik eta behin, eztabaida hau sortzen da: nola heldu politikei, diskriminazio-ardatz bakoitzari dagokionez. Maiz, ardatz bakoitza banatuta lantzen da. Horrek esku hartzeko moduak oso ondo zehazten uzten du, baina arazoak ere sortzen ditu: pertsonak ez gara soilik emakumea, immigrantea edo gorra, eta, horren ondorioz, ardatzak gurutzatu egiten dira gure bizitzetan; ardatz bakoitzeko arduradunak beste eremuetako ardatzen atzetik joan behar dira beraien taldea kontuan har dezaten agenda politikoetan, eta abar.
Bigarrenik, denok uste badugu homofobia eta transfobia sexismoaren ondorio direla, zer nolako harreman izan behar da emakume eta gizonen berdintasunerako politiken eta sexu-orientazio eta genero-identitatean oinarritutako berdintasun-politiken artean? Feministak, berdintasun-politiken arduradunak eta LGTBen aktibistak ados egon daitezke problematiken erro komuna zein den zehazterakoan, baina eragozpen handiak izaten dituzte elkarrekin lan egiteko.
Nire ustez, bereizita lan egiteak ez dauka zentzurik. Esate baterako, ez da logikoa ikastetxeetan hezkidetzaren aldeko neurriak ezartzea, eta, beste aldetik, homofobia eta transfobiaren kontrako neurriak ezartzea. Elkarrekin lan egin behar dugu, arazo bera agertzeko modu desberdinak direnez gero. Hori esanda, oso ondo ulertzen dut emakumeen eta gizonen berdintasunera bideratutako politikak eta erakundeak lausotzearen kontra egotea. Baina ez du kontraesankorra izan behar erro komuna aitortzea eta gizarte-talde jakin batzuentzako behar espezifikoak egon daitezkeela aitortzea; hori da gakoa. Hau da, azter daiteke genero-berdintasunerako politikak lantzea, zentzu zabalean, eta politiken barruan egitura desberdinak izatea behar espezifikoei erantzuteko.
3.Zuk koordinatu zenuen Europako Liburu Zuria, sexu-orientazio eta genero-identitatean oinarritutako berdintasunerako toki-politikei buruzkoa (2011). Zeintzuk diren proiektuaren helburuak eta zer nolako emaitza lortu dira? gehiago azaltzerik bai?
Bartzelonako Udalarentzako proiektu bat koordinatzen nenbilela sortu zen proiektua. Hau zen proiektuaren helburua: diagnostiko bat egitea hirian LGTB kolektiboak zuen egoerari buruz, eta parte hartzeko prozesu bat ezartzea, sexu-orientazioan eta genero-identitatean oinarritutako berdintasun-plan bat egiteko. Hortik abiatuta sortu zen Europako proiektu hori, eta proiektu horri esker jakin ahal izan genuen zer toki-politika ezartzen ari ziren este herrialde batzuetan. Lanaren fruitu nagusia liburu zuri bat izan zen, non praktika egokiak eta gomendioak jaso genituen (http://ahead-bcn.org/img/langform/LGBTmay2011es.pdf).
Ikerketa-lerro honi jarraituz, egun lantzen ari garen proiektuaren helburua da Osonako testuinguruan LGTB pertsonek zer arazo dituzten jakitea, berdintasun-plan esparru bat egiteko, inplikatuta dauden udalek aplikatu dezaten (Osona Kataluniako eskualde bat da; Vic da hiriburua (https://ambtotselscolors.WordPress). Proiektu hau oso pizgarria iruditzen zait, zeren eta egin den apurra hiri handietan egin da, eta, ondorioz, herrietako eta hiri ertaineko egoeren berri oso gutxi daukagu oraindik ere.
4.- Maiatzaren 17a soilik homofobiaren kontra sortu zen. Orain bifobia gehitu zaio izenburuari, bisexualek dituzten arazo espezifikoak ere aitortzeko. Zure ustez, ondo ulertzen da data horren zergatia eta mezua? Beharrezkoa zen beste egun bat sortzea, kontuan hartuta mugimendua 60 hamarkadatik hona ospatzen ari dela ekainaren 28a (LGBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna)?
Ez dut oso gogoko "....nazioarteko eguna" delakoen logika, baina ospatzen direnez, ez zait gaizki iruditzen egun horiek aipatu arazoei heltzeko baliatzea. Pentsatzen dut maiatzaren 17aren eta ekainaren 28aren artean dagoen aldea azaroaren 25aren eta martxoaren 8aren artean dagoenaren antzekoa dela: egun bat indarkeria saltzeko pentsatuta dago, batez ere; bestea, berriz, planteamendu zabalago bat egiteko. Ondo iruditzen zait solasaldi honen gisako aukerak sortzea maiatzaren 17an, egun sinbolikoa dela kontuan hartuta. Baina ospatzen denak (homosexualitatea despatologizatzeak) badu ifrentzua: transexualitatea patologizatzea; horra hor arazoa. Lortu zen homosexualitatea gaixotasuntzat hartzea, baina transexualitatea patologiatzat hartzearen kontuz.
5.- Gizonduz erakunde-ekimen bat da, gizonak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde gehiago inplikatu daitezen sustatzeko helburua duena. Zer iritzi duzu horrelako ekimenen inguruan? Diskriminazio homofobikoaren kontrako lanaren perspektiba sartzen al da berdintasunaren aldeko gizonen kolektiboek egiten duten lanean?
Egia esateko, ez daukat horrelako ekimenak baloratzeko iritzirik. Maskulino izatearekin izan dudan harremana ez da oso harmonikoa izan, egia esateko, eta uste dut "gizon" identitatea ez dela kategoria bat zeinak behartzen nauen kolektibo baten parte izatera eta politikoki ere parte hartzera. Egia esan, maskulinitatea nahiko urruneko zerbait da niretzat, "berdintasunaren aldeko gizon" gisa identifikatua sentitzeko edo mobilizatzeko bada ere. Izan ere, horregatik sortu zen feminismoarekin eta genero-gaiekin dudan lotura: "gizon izatea" arauz ulertzen den bezala ez sentitzeagatik, hain zuzen ere.