Elkarrizketa: José Javier Miguel de la Huerta

Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendaria (Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila).

Aitatasun-baimena hartzeak edo lanaldi-murrizketa eskatzeak ez du esan nahi "oporrak" hartuko dituzunik, eta ez da pribilegio bat: gizonak erantzunkideagoak izatea ahalbidetzen du

Urtarrilaren 15etik, José Javier de la Huerta da Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendaria. Kargu horretan, familia, haur eta nerabeen arloan eta immigrazioaren, aniztasunaren kudeaketaren eta boluntariotzaren arloan EAEn egiten diren politikak antolatu, koordinatu eta ebaluatuko ditu.

 

1. Kargu berrian hasteko, jardunaldi batzuk antolatzen aritu zara: "Aitatasun positiboak, aldaketa dakartenak". Erronka horren bidez, gizonen eraldaketa-beharra agenda politikoan txertatu nahi da, beren seme-alaben hazkuntzan eta zaintzan leku gehiago har dezaten. Azaldu egiguzu jardunaldiak antolatzeko arrazoia eta haien helburua.

Jardunaldien izenburu osoa honako hau da: "Aldaketa dakarten aitatasunak: gizonak, emakumeak, umeen zaintza, lana eta boterea. Akordioak lortzeko nortasunak eraikitzen". Jardunaldiak Bilbon (martxoak 17), Donostian (martxoak 18) eta Gasteizen (martxoak 19) izango dira. Jardunaldietan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek parte hartuko dute. Halaber, Deustuko Unibertsitateak, Donostiako San Telmo Museoak eta Gasteizko Artium Museoak eman dute laguntza. Jardunaldiok herri-proiektuaren barnean sartu nahi dugun ekimen baten adierazgarria dira.

Gizarteak duen erronka nagusienetako bat emakume eta gizonen arteko berdintasunerako gune gehiago lortzea da, giza garapenaren zantzu nabarmena baita. Azken urteotan aurrerapenak egin dira arlo honetan, batez ere emakumea espazio publikoan eta profesionalean sartzeari dagokionez.

Gizonok, aldiz, ez dugu garapen berbera eduki etxe barruko esparruan sartzean, eta ez gara etxeko lanez eta zaintzaz hainbeste arduratu. Horrek esan nahi du egun gizonok presentzia asimetrikoa dugula gure seme-alaben hazkuntzan, mendekotasuna duten pertsonen zaintzan eta etxeko lanetan emakumeen presentziarekin alderatuta.

Arrazoi enpirikoak daude espezifikoki Aitatasun Positiboa bultzatzen duten neurriak sustatzearen alde. Honako ebidentzia hauek aipatu ditzakegu, besteak beste:

- Gurasoek hazkuntzan parte hartzen badute eta elkarlanean aritzen badira, umeek adimen-garapen eta garapen sozio-emozional hobea izaten dute.

- Emakumeak ahalduntzeko, gizonek beren gain hartu behar dituzte dagozkien zaintza-lanak eta etxeko lanak.

- Aitek pertsonen zaintzan parte hartzea alderdi garrantzitsua da emakumeen aurkako indarkeria ekiditeko.

- Gizonek zaintzan duten parte-hartze falta handiak estresa sortzen du familian eta arazoak pertsonen artean eta bikotean.

- Etxeko lanetan parte hartzen duten aitak berdintasun-ereduak dira beren seme-alabentzat.

- Aiten presentziak eta erantzunkidetasunak eduki nahi diren seme-alabei buruz erabakitzeko askatasuna eman eta gehitzen du.

- Aitaren parte-hartze goiztiarrak haurtzaro eta nerabezaro osoan zehar iraun ohi du.

Jardunaldi hauek aitatasunak duen eraldatzeko indarrari buruzko hausnarketa egiteko balio izatea nahi dugu. Gure ustetan, gizonengan eragiten dituen aldaketak aprobetxatu behar ditugu berdintasun handiagoko maskulinotasun bat eraikitzeko, indarkeria gutxiagokoa eta zaintza orokorrari (seme-alabena, mendekotasuna duten pertsonena, beste pertsona batzuena, norbere buruarena...) garrantzi handiagoa emango diona. Izan ere, denok behar dugu zaintzak eman eta zainduak izatea gizarteak funtziona dezan eta bizia sor dadin.

Jardunaldien helburua aitatasunaren eredu publikoak agerian jartzea da: hainbat kirolarik, artistak, kazetarik... politikarik, enpresarik... beren seme-alaben zaintzan parte hartzean egiten dituzten ekintza zehatzak aipatuko dituzte.

 

2.- Datu ofizialen arabera, iaz 17.970 pertsonak eskatu zituzten bateragarritasunerako laguntzak. Pertsona horietatik % 92 emakumeak ziren. Nola aztertzen dituzu datu horiek?

Genero-harremanen eraldaketa izan da gure inguruko herrialdeetako gizarteetan azken hamarkadetan gertatutako aldaketa garrantzitsuenetako bat. Alde horretatik, nabarmendu behar da ez datozela bat inolaz ere, batetik, herritarrek berdintasunerako duten gero eta jarrera hobea eta, bestetik, etxeko eta zaintzako lanen banaketan oraindik ere dagoen jardunbide tradizionala, seme-alabak jaio ondoren batez ere. Umeen zaintzan dauden genero-desberdintasunen gaiak eta emakume eta gizonen erantzunkidetasunaren gaiak azaldu dezakete, zalantzarik gabe, galderan agertzen den egoeraren zati bat.

2010ean luzetarako azterketa bat egin genuen, 1.602 pertsonari egindako inkesta batean oinarrituta. Inkesta egin zuten pertsonak 2002-2009 aldian familiako eta laneko bizitza bateratzeko Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako neurriez baliatu ziren. Azterketaren ondorioak oso adierazgarriak izan ziren:

• Emakumeen %10ek uste zuten seme-alabak zaintzeko erantzukizuna beren eskubidea bakarrik zela.

• Bateratze-neurriez baliatu ziren gainerako emakumeen esanetan, bateratze-neurriak bikoteko zein kidek hartu erabakitzeko, honako arrazoi ekonomiko eta balio kultural hauek bateratzen ziren: neurriez emakumeak baliatzen ziren beren bikotekideak baino diru-sarrera txikiagoak zituztelako eta enplegu prekarioagoa zutelako. Gainera, elkarrizketan zehar seme-alaben zaintza beraiei zegokien eskubidea zela iradokitzen zuten.

• Gizonezkoek neurriak hartzeko dauden oztopo nagusiak lan egiten duten enpresetako balioak aldatu beharra eta gizonek jasaten duten gizarte-presioa dira.

Benetako genero-berdintasuna lortzeko, oso aldaketa kultural eta sozial sakona behar da. Alde horretatik, beharrezkoa da:

• Pertsonak zaindu eta artatzea emakume eta gizonen ardura dela ulertzea, eta gizarte osoarentzat zeregin hauek duten garrantzia azpimarratu behar da.

• Eskolako curriculumetan baterako hezkuntza eta genero-rolak txertatzea.

• Umeek erantzukizunak beren gain har ditzaten sustatzea –bakoitzak ahal duen neurrian–.

• Bateragarritasun erantzunkideak denontzat –gurasoentzat, seme-alabentzat, enpresarientzat eta gizartearentzat, oro har– dituen abantailen berri ematea.

Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritza ikerketa-ekintza bat egiten ari da: “Euskadiko aitek umeen zaintzan duten parte-hartzea: horrek erantzunkidetasunean eta lan produktiboan duen eragina”. Ikerketa horren helburua hauxe jakitea da, aitek eta amek seme-alaben zaintzari dagokionez duten erantzunkidetasunari buruzko komunikazioa eta negoziazioak nola garatzen diren, erabakiak nola hartzen dituzten, benetako arrazoiak zeintzuk diren, erabakien ondorioak ezagutzen dituzten... Ikerketaren emaitzak jardunaldietan aurkeztuko dira.

3.- Zein da gizarte-eragileen zeregina arlo honetan: Administrazioarena, enpresena, sindikatuena?

Azken urteotan, konturatu gara administrazioak ahalegin handia egiten ari direla familiak laguntzeko neurriak garatzeko. Hori kontuan hartuta, familia-politikak garatu behar dira gizarte-inbertsioaren paradigmak babestutako printzipioen arabera. Paradigma horren ezaugarri nagusia da konpontzeko politikak nabarmendu beharrean prestaketa-politikak nabarmentzen dituela. Esku-hartze publikoa ulertzeko beste modu bat da hori familiak laguntzeko politiken garapenaren arloan.

Genero-ikuspegia hartzeko, emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko neurriak bilatzeko eta zaintza-lanetan emakume eta gizonen erantzunkidetasuna lortzeko, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketaren esparruan, aldeztu egin behar dugu bikotekideen artean laneko zereginak eta produkzio-lanak eta ugalketa- edo zaintza-lanak berdintasunez banatzen dituen eredua.

Europako beste herrialde batzuetan gertatzen ari den bezala, modu aktiboan jardun behar dugu gurasoak laguntzeko eta gurasotasun aktiboa bultzatzeko programen sustapenean; batez ere, bi arrazoirengatik: batetik, aurrez adierazitako gai batzuekin bat datorrelako; bestetik, aztertu ohi diren familia-politikez gain (prestazio ekonomikoak, haurrentzako arreta-zerbitzuak, lana eta familia bateratzeko neurriak...) bestelako familia-politika ugari ere badaudela agerian jartzen duelako. Bestelako familia-politika horiek gizarte-hezkuntzarekin eta gurasoen trebakuntzarekin lotutakoak dira. Ikuspegi hori gizarte-kapitalak dituen ondorio onuragarriei buruzko hainbat azterketa-tradiziorekin lotzen da, eta zaindu eta heztea erantzukizun kolektiboa dela dioen premisan oinarritzen da, hots, familiek eta hezkuntza-eragileek parte hartzeaz gain, komunitate osoak ere parte hartu behar du.

Familia-politikek duten alderdi anitzeko izaerak erakunde publikoen, zein komunitatearen parte-hartzea behar du, eta baita gizarte-eragileena ere, bereziki, sindikatuena eta enpresa-elkarteena, lana eta familia bateratzeko eta ordutegiak arrazionalizatzeko neurriak har ditzaten eta gazteen bizi-ibilbidea oztopatuko ez duen eta laneko eta familiako bizitza bateratzea ahalbidetuko duen lan-merkatua sor dezaten.

Pixkanaka, gizartea konturarazi nahi dugu umeen lehenengo eskubidea arreta eman eta hez ditzakeen familia bat edukitzea dela eta gurasoek beren familiaren ardura handiagoa hartzeak eta bizitza pertsonalaren, laneko bizitzaren eta familiako bizitzaren artean oreka handiagoa izateak prebentzio-ondorioak dituela eremu guztietan; besteak beste, gaixotasunak eta estresa gutxitzen dira, eskola-porrota eta umeen babesgabetasuna txikiagoa da, pertsonengan eragina duten eremu batzuk aipatzearren. Baina ez ditugu beste onura batzuk ahaztu behar: enpresa-produktibitatea, laneko motibazioa eta etekinak gehitu egiten dira, laneko absentismoa eta txandaketa gutxitzen dira, langileak beren bizi-kalitatearekin pozago baitaude... eta, beraz, pertsonen kudeaketan gertatzen den berrikuntzaz ere ari gara.

Laburbilduz, balio berriak behar dira, pertsonei bizitzako hainbat eremutan dauzkaten behar guztiak betetzen laguntzeko, eta gizartearen eta familiaren antolaketan txertatu behar dira. Eta aldaketa honen eragile izatea gure erantzukizun publikoa da.

4.- Zaintzan eta erantzunkidetasunean gizonek duten parte hartzeari buruzko Europako esperientziak ezagutu ahalko ditugu jardunaldietan. Esperientziok ezagutzeaz gain, formula berriak ezartzeko ekimen zehatzen bat egin asmo du Eusko Jaurlaritzak?

Aurrez esan dudan bezala, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritza ikerketa-ekintza bat egiten ari da: “Euskadiko aitek umeen zaintzan duten parte-hartzea: horrek erantzunkidetasunean eta lan produktiboan duen eragina”. Ikerketaren emaitzak jardunaldian plazaratuko dira, eta eztabaidatu eta gogoeta egiteko aukera izango da han. Bertan, beste ekimen eta aukera batzuk sortuko dira... Dagoeneko badauzkagu bihozkada batzuk, eta jardunaldiaren ondoren erakunde publikoekin, hirugarren sektoreko erakundeekin, sindikatu-zentralekin eta enpresa-erakundeekin partekatuko ditugu.

 

5.- Zifrek adierazten dutenez, erantzunkidetasun, zainketa eta etxeko lanaren gaian aldaketa batzuk izan dira, baina emakume eta gizonen denboraren erabilerak erakusten digu berdintasuna urrun dagoela. Nolakoak izan behar dira proposamenak gizonek arlo honetan gehiago parte har dezaten? Administrazioak beste ildo batzuen sustapenean ere lan egiten al du bateragarritasuna eta erantzunkidetasuna errazteko?

Arlo honetan gizonek gehiago parte har dezaten, gurasotasuna bultzatzeko politiketan inbertitu behar da, testuinguru zabalago batean kokatutako politiketan, gizarte-kapitala izeneko testuinguruan. Testuinguru horretan, familia barneko eta kanpoko harremanak eta baliabideak kalitatezkoak dira, eta baita familien eta beren komunitateen arteko harremanak eta baliabideak ere.

Kontzeptu biekin batera, baterako hezkuntzaren ideian oinarritutako hezkuntza-eredua lortzeko lan egin behar da, pixkanaka genero-desberdintasunak desager daitezen, eskolako egitura formalean ez ezik baita hezkuntza-arloko ideologian eta jardunbidean ere.

Familia Zuzendaritzak beren seme-alabekin egoteko behar duten denbora eman nahi die gurasoei. Horretarako, familien beharrentzako gizarte-denboraren antolaketa egokiena sustatuko dugu eta familiako eta laneko erantzukizunen arteko bateragarritasuna eta zaintza-lanetan aita-amen erantzunkidetasuna bultzatuko ditugu. Halaber, uste dugu garrantzitsua dela gurasotasun positiboko programak indartzea gurasoen hezkuntza-gaitasunak indartzeko, familiekin harremanetan dauden beste erakunde batzuk ere tartean sarraraziz, hala nola udalak, hirugarren sektoreko erakundeak eta ikastetxeak. Era berean, komenigarria izango litzateke programa hauetan jaio aurreko fasea ere sartzea, eta, horretarako, erditzeko prestaketa-ikastaroetan gizonek duten parte-hartzea berraztertu eta ikastaroen edukiak berrikusi beharko lirateke, gizonek parte hartzeko dituzten oztopoak kentzeko.

6.- Gero eta ahots eta plataforma gehiagok eskatzen dute gizonen baimenak gehituko dituzten aldaketak egiteko araudietan, zaintzan eta hazkuntzan parte-hartze handiagoa izan dezaten. Zein da zure iritzia?

Nire ustez, garrantzitsua da laneko eta familiako bizitza bateratzeko egun dauden laguntzei buruzko gogoeta egitea, lehentasuna emanez adingabearen lehenengo 12 hilabeteetako eszedentziei, gurasoen erantzunkidetasunari eta behar espezifikoak dituzten familientzako lanaldi-murrizketari.

Neurri horiekin batera, gurasotasun positiboko programei ekin behar diegu, eta programen antolaketan eta kudeaketan udalek, ikastetxeek eta hirugarren sektoreko erakundeek parte hartu behar dute. Martxoaren 17, 18 eta 19an egingo diren jardunaldiak dira mota honetako ekintzek ekar ditzaketen emaitzen adibide on bat.

7.- Azterketak batzuetan kezkagarriak dira belaunaldi berriei eta jarrera sexisten iraunarazteari buruzko emaitzak. Zer egin daiteke gizonezkoek berdintasun handiagoko jarrerak hartzeko dituzten erresistentziak lantzeko? Mutil gazteekin programa espezifikoak egitea izan al daiteke konponbidea?

Gizon bati berdintasunez jarduten duen galdetzen badiogu, honako hau izan ohi da erantzuna gehienetan: "Tira, laguntzen diot nire bikotekideari edo emazteari etxeko lanetan". Hasiera izan daiteke, eta badauka bere balioa, baina barregarria da pentsatzea zeregin gutxi batzuetan laguntzeagatik arazoa konpondu dugula. Berdintasunean sinestea eta horren arabera jardutea etxeko lanak, zaintza eta aisialdia partekatzea baino gehiago da.

Gure agendan lehentasuna eman behar diogu emakume eta gizonei rol berezituak ematen dizkieten ideia estereotipatuak apurtzeari: apurtu egin behar ditugu enpleguari erabateko dedikazioa ematea lehenesten duten ideiak, gutxieneko erantzunkidetasun pertsonala eta familia-erantzunkidetasuna eragozten baitute.

Gizonok nahikoa arrazoi ditugu aldatzeko, zerbait egiteko eta emakumeen alde egiteko, baina baita geure alde ere. Desberdintasuna ez da ona, ezta gizonentzat ere. Eta, egia esan, benetako berdintasuna lortzen badugu, desagertuko den bakarra emakumeentzako desabantailaren kontura bidegabeki lortutako abantaila da.

Gizonok beti sozializatu gaituzte produkzio-lana geure gain hartzeko (eta emakumeak ugalketa-lana eta zaintza-lana egiteko) geuk bakarrik egin dezakegun eta ezinbestean egin behar dugun zerbait balitz bezala. Guztiok batera estereotipo horiek baztertu behar ditugu, eta berdintasunaren bidez lortutako eskubideak erabiliz enplegu duina eskatu behar dugu, gure bizitzak bateratzeko eta familiako zaintzan erantzunkidetasuna lortzeko.

Ekiteko garaia da. Geure burua eta gure ingurukoak zaintzea gizarte-behar bat da, ez gizalegeagatik egiten den gauza bakarrik. Ez da gizontasuna galtzen zeure burua eta senideak zaintzeagatik, ez eta emakumetasuna galtzen ere enplegua izan eta publikoa denaren arloan aritzeagatik. Genero-estereotipo eta rol sexisten oinarrian eratutako balizko normaltasuna ez da berezkoa, ezta genetikoa ere, kulturalki sortutakoa baizik.

Beraz, beste zeregin ugariz gain, gizonek eta emakumeek ikasitakoari buruz gogoeta egin behar dugu, gizonezko "zangarraren" prototipoa –sentimendu eta zaintzarekin zerikusirik ez duen hori– alde batera uzteko. Horrela bakarrik iraungo du gure gizontasunak, baina beste maskulinotasun batekin, ordurako ez baita oinarrituko indarkerian edo pribatua denaz arduratu behar dugulako ideian. Aitatasun-baimena hartzeak edo lanaldi-murrizketa eskatzeak ez du esan nahi "oporrak" hartuko dituzunik, eta ez da pribilegio bat: gizonak erantzunkideagoak izatea ahalbidetzen du. Erantzukizun hori beti gauzatu beharko litzateke. Ba al dago seme-alaben garapenean modu aktiboan jardutea baino poz handiagorik?

Amaitzeko, Emma Watson NBE Emakumeak erakundearen Borondate Oneko Enbaxadorearen hitzak ekarri nahi ditut hona, neure eginda: "Gizonek erantzukizun hau beren gain hartzea nahi dut, beren alabak, arrebak eta amak aurreiritzirik gabe bizi daitezen, baina, era berean, semeek ere sentiberak eta bihozberak izateko baimena eduki dezaten, alde batera utzi dituzten beren buruaren alderdi horiek berreskuratu eta pertsona benetakoagoak eta osoagoak izan daitezen".