Elkarrizketa: Maria de Maeztu Forum Feminista
Maria Maeztu Forum Feminista 1988an eratu zen elkarte gisa, baina sortu zuten emakumeak bi urte lehenagotik jarri ziren abian, Zarautzen. 1986ko maiatzean, ehunen bat emakume bildu ziren Zarauzko Monte Albertia egoitzan, eta eskari bat egin zieten parlamentuko alderdi politiko guztiei: martxan jar zezatela gizonen eta emakumeen berdintasuna bultzatzeko erakunde bat. Horren ondorioz, Eusko Legebiltzarrak 1988ko otsailaren 5ean onartu zuen Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzea. Lorpen horrekin animatuta, Zarautzen bildu ziren emakume haietatik batzuk elkarte feminista bat sortzea proposatu zuten: Maria Maeztu Forum Feminista izenarekin erregistratu zuten 1988an. Orain, 25 urte baino gehiago igaro diren honetan, Maria Maeztu Forum Feministak martxoaren 25ean jasoko du Emakunderen Berdintasunerako Saria.
1.- Zorionak sariarengatik. Zer eman dio sariak Maria Maeztu Forum Feministari?
Poz handia, eta eragingarri bat, beti egin dugun horretan jarraitzeko : borrokan jardun emakumeek jasandako edozein diskriminazioren aurka eta gizarte justuago eta berdinzaleago baten alde. Borroka horretan, emakume-taldeak izango ditugu lankide nagusi, feministak izan zein ez, ahaztu gabe berdintasunaren aldeko gizon-taldeak edo elkarte mistoak, genero-ikuspegiarekin badihardute, betiere.
2.- Urteotan, berdintasuneranzko aldaketa eta aurrerapen nabarmenak izan dira emakumeentzat. Eta gizonak, zer? Badago aldaketarik? Non kokatu behar dira bide honetan?
Gure ustez, gizonen jarrerak eta ohiturak gutxi aldatu dira azken urteotan, eta, zoritxarrez, gizon gutxi ikusten da berdintasunaren alde borrokatzen eztabaida publikoetan, berdintasunari buruzko hitzaldietan eta emakumeak nagusi diren guneetan. Aldaketak badaude, bai, baina indibidualak, gizartean oihartzun gutxi dutenak. Gizon gutxik salatzen du eguneroko matxismoa lanean, kirolean, komunikabideetan..., eta oso gizon gutxi biltzen da oraindik seme-alabak zaintzeko baimenetara, aitatasunagatiko bajetara edota nagusiak edo mendekoak zaintzeko lanaldi-murrizketetara. Familia eta lana uztartzearenak bere horretan jarraitzen du, emakumeen kontu esklusibo, ia-ia.
3.- Gazteei dagokienez, nola ikusten dituzue neska-mutilen belaunaldi berriak?
Gure ustez, "berdintasunaren fantasia" bizi dute gazteek, oro har. Emakumeen diskriminazioarena antzinako kontutzat daukate, eta feminismoa, zaharkitutzat. Ez dira egungo diskriminazioaz jabetzen, ez delako iraganekoa bezain nabarmena. Adibidez, genero-indarkeriazko kasuren bat ikusten dutenean, ez dute uste egitura-arazo bat denik, bikote-arazotzat hartzen dute. Haien ustez, bada diskriminazioa, bai, baina beste herrialde batzuetan, ez haienean. Hala ere, ezin da orokortu: gazte batzuek sistema kritikatzen dute, eta sistema aldatzeko borrokatzen dira. Hori bai, antolatzeko garaian, nahiago dituzte talde mistoak mugimendu feministako militante izan baino.
4.- Genero-indarkeriari dagokionez, badirudi legeak, planak, sentsibilizazio-kanpainak eta erabilitako neurriak ez direla ematen ari espero ziren emaitzak. Zerk egiten du huts abiarazitako politiketan?
Alde batetik, murrizketak ditugu berdintasun-politiketan, eta horrek kalte nabarmena egiten dio lege eta plan horien garapenari, eta traba handia berdintasuneranzko bideari. Bestetik, legeak, planak eta kanpainak ur-tanta bat baino ez dira itsaso handiaren erdian: komunikabideek (telebista, publizitatea, emakumeentzako aldizkari espezializatuak, bideo-jokoak, eta abar) egunero-egunero hedatzen dituzten mezuek indartu besterik ez dituzte egiten estereotipo sexistak. Hezkuntzan ere ez dago aurrerapen handirik, eta horri ekin behar diogu bereziki: gaur daukagun irakaskuntza mistoa oso urruti baitago amesten dugun hezkidetzatik.
5.- Berdintasunaren aldeko lan horretan, izan al du Forumak lankidetza-esperientziarik gizon-taldeekin? Hala bada, nola baloratzen dituzu?
Bai, Forumak elkarlanean jardun du berdintasunaren aldeko gizonekin jostailu sexisten aurkako kanpainetan, eta, batzuetan, hitzaldietan eta eztabaidetan ere ibili da haiekin batera. Balorazioa positiboa da. Beraz, etorkizunari begira, gure ustea da sakonago jorratu behar dugula alor hori, eta, horretarako, bideak bilatu behar direla lankidetza iraunkorragoa izan dadin, aktiboagoa.
6.- Emakundek bultzatutako ekimena da Gizonduz, eta helburutzat du gizonak gehiago inplikatzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde. Zer balorazio egiten diozue ekimen horri? Aldaketarik planteatuko zenukete gizonen inplikazioa lortzeko lantegi horretan?
Hasierako ekimen batzuk ikusita, uste genuen gizonek eraginkorrago parte hartuko zutela berdintasunaren aldeko borrokan, baina, gaur egun, ezer gutxi dakigu horri buruz. Gure irudipena da hasierako bultzada hori itzaltzen joan dela, gutxika-gutxika. Gure ustez, gehiago nabarmendu beharko lirateke protesta eta manifestazioetan, berdintasunaren aldeko herritar-ekimenak aurkeztu eta mugimendu feministara gehiago gerturatu.
7.- Nolako etorkizuna ikusten diozue berdintasuneranzko mugimenduari? Posible da lankidetza mugimendu feministaren eta berdintasunaren aldeko gizon-taldeen artean? Noraino eta zer alderditan?
Gaude, lankidetza hori, egoki ez ezik, beharrezko ere badela. Gure ustez, hala ere, gizonen taldeek, maskulinitate berriez hausnarketa egiteaz gain, gehiago sartu edo inplikatu beharko lirateke berdintasunarekin zerikusia duen guztian: eraso guztiak salatuta, ardurakidetasun-proposamenetara bilduta, aktiboago parte hartuta lana eta familia uztartzen, zaintzarena bereganatuta, eta abar. Beharbada, mugimendu feministak ere aintzatetsi beharko lituzke gehiago, hala diskriminazio-egoerak salatzeko nola berdintasun-proposamenak egiteko.
8.- Etorkizunari begira, zeintzuk dira feminismoaren erronkak? Nondik nora doaz eztabaidak, zeintzuk izango dira alderdirik inportanteenak datozen urteotan?
Historiak erakutsi digunez, atzerapausoak ere izaten dira, eta halakoak ikusten ari gara orain eta hemen: aurreraldiaren ondotik, atzeraldia etorri da. Lehenengo erronka, hortaz, erne jarraitzea, inongo atzerakadarik gerta ez dadin.
Munduko borroka feministan, berriz, ardatz nagusi ditugu, zalantzarik gabe, indarkeria matxista eta pobrezia (pobreziaren mugatik behera dauden pertsonen % 70 emakumeak dira, eta gizonen eta emakumeen arteko arrakala gero eta handiagoa da). Eta hauek ere ditugu zintzilik, gainditu gabe:
- Hezkuntzarako eskubidea, hezkidetzarako eskubidetzat hartuta, hau da, emakumeak heztea euren destinoaren jabe izan daitezen, independenteak alegia, eta gizonak, berriz, lana partekatu dezaten (hala etxekoa nola soldatapekoa), eta, batez ere, zaintzeko lanak.
- Lanerako eskubidea: emakumeek independentzia ekonomikoa izateko eskubidetzat hartuta.
- Botererako eskubidea: parekidetasunerako eskubidetzat hartuta.
- Sexu- eta ugalketa-eskubideak: emakumeen gaineko kontrol sexualik eza.
Erronka berrien artean, globalizazioa eta emakumeen arteko berdintasunik eza ulertzeko beste modu bat. Ildo horretatik, eta immigrazioari begiratuta, multikulturalismoa da egungo eztabaidetako bat, eta feminismoak jarrera bat baino gehiago du horretan. Feminismoaren barruan, era berean, badaude diferentziak prostituzioaren inguruan: batzuen ustez, eredu erregulazionista defendatu behar da, eta beste batzuk abolizioaren aldekoak dira.
Gainera, feminismo berriak agertu dira, eta zalantzan jarri dute identitate femeninoa ulertzeko modu jakin bat (kritika egiten diote feminismo klasiko esan diezaiokegunari, ez baititu kontuan hartu emakumeen arteko diferentziak, abiaburutzat hartuta zuriak, mendebaldekoak, heterosexualak eta klase ertainekoak direla "emakume"): feminismoaren mapa berregituratzen ari da.
Horra, beraz, egungo mugimendu feministaren erronka nagusia, datozen urteei begira: nola artikulatu borroka talde eta joera feminista desberdinen artean. Ildo beretik, nola koordinatu beste mugimendu sozial batzuekin, eta nola sartu gune publiko eta politiko zabalagoetan, pentsamenduaren eta ekintzaren erradikaltasunari eutsita.