Elkarrizketa USVreact taldeari (unibertsitate-testuinguruko biolentzia sexualen biktimei laguntzeko taldea)
(Marta Luxán Serrano, Mila Amurrio Velez, Ainhoa Narbaiza eta Jokin Azpiazu Carballo)
EUSVreact proiektuaren inguruan elkartuta, Europar Batasuneko 7 herrialdetako unibertsitateek prestakuntza-ereduak ezartzen eta garatzen dituzte biolentzia sexualei lehenengo erantzuna eman dezaketen unibertsitatetako langileentzat.
1.- EUSVreact taldearen helburua da prestakuntza-ereduak diseinatzea, unibertsitateko langileek biolentzia sexualak detektatzen eta lehenengo erantzuna ematen jakin dezaten. Nola mugatzen duzue “biolentzia sexuala” kontzeptua? Zein biolentzia-motaz ari gara? Zer presentzia dauka LGTBfobiak unibertsitatean? Azaldu ditzakezue zehazkiago proiektuaren helburuak? Zer entitate garatzen ari dira proiektua Euskadin? Zer ekintza egiten ari zarete?
Lehenik eta behin argitu behar da USVreact proiektua Europa-mailakoa dela, eta bertan Greziako, Italiako, Erresuma Batuko eta Kataluniako zenbait unibertsitatek eta entitatek parte hartzen dugula. Horrek esan nahi du helburu komunak ditugula, ezinbestez toki bakoitzean egokitu behar direnak, nahi badugu zentzua izatea eta, horrenbestez, guk nolabaiteko eragina lortzea.
Gure kasuan, helburu nagusietariko bat da gai horri buruzko eztabaidari ekitea gure ingurunean, bai Euskal Herriko Unibertsitatean, baita lankide ditugun tokiko unibertsitateekin ere (Eskoriatzako HUHEZI –MU– eta Iruñeko UPNA). Hau da, unibertsitateko langileei biolentzia sexualei erantzuteko moduei buruzko prestakuntza eman behar diegu, baina, horretaz gain, hori egin aurretik zenbait kontu eztabaidatu behar dugu unibertsitate-komunitateetan gertatzen ari denaz, hala nola biolentzia-adierazpenez, haiek bideratzeko moduaz eta aldaketa-faktoreez. Izan ere, errealitatean ia ez dugu daturik hemen gertatzen denaz. Badirudi jarraitzen dugula pentsatzen unibertsitatean ez dela ezer gertatzen, hezkuntza-espazio ordenatua eta errespetuzkoa balitz bezala irudikatzen dugula, eta ez egoera sozial handiago baten barruan dagoen ekosistema zehatz bat bezala, bizitza sozial osoan gertatzen diren diskriminazio-dinamiken barruan dagoena.
Guk, emakumeok, esparru horretan kokatzen ditugu biolentzia sexualaren adierazpen desberdinak (eraso fisikoak, baliabide desberdinen bitarteko jazarpena, emakumeon gorputzen irudikapen sexualizatua...), adierazpen horiek patriarkatua deitzen dugun genero-desberdintasunen sistema batean sortzen eta birsortzen direlako. Alegia, kontua ez da neutroa, ezta jokabide desbideratze bat ere, eta, beraz, arazoa ezin da planteatu subjektu jakin batzuen edo “pertsonen arteko” arazo bat balitz bezala. Biolentzia sexuala dago hari eusten dion sistema bat dagoelako, eta sistema hori bera da arau heterosexuala eta genero-binarismoa betetzen ez dutenen emakumeen kontra beste biolentzia-mota batzuk sortzen dituena: ekonomikoa, politikoa, sinbolikoa... Horregatik, guk beste eremu baten alde egiten dugu, biolentzia-mota horiek politizatu ahal izateko, eta, aldi berean, pertsona jakin batzuei laguntzetik haratago doazen neurriak ezartzeko, horrela unibertsitatean aldaketa soziala lortzeko prozesuak sustatzeko aukera egon dadin.
Planteamendu horri helduta, momentuz zortzi orduko prestakuntza-jarduera bat diseinatu dugu, hala edo hola kontu hori lantzen duten pertsonen eta talde aktibista feministekin ekarpenak jasoz. Jada abian jarri dugu, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) eta HUHEZIko 80 laguni eskaini diegu. Orain, ikastaroak ebaluatzen gabiltza, galdetegien, elkarrizketen eta eztabaida-taldeen bidez. Hauxe da helburua: proiektua amaitzen denean, 2018ko otsailean, prestakuntza-eredu hobea izatea, hura erabili eta ebaluatu ondoren, eta eredu hori doanik eskaintzea (jarduera-fitxa eta dinamikak eta gida pedagogiko eta guzti), unibertsitateek edo beste entitate batzuek erabil dezaten eta beren prestakuntza-jarduerak programa ditzaten. Orobat, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleei bidali diegun inkesta baten datuak sistematizatzen ari gara, eta, aldi berean, laguntzen ari gara Euskal Herriko Unibertsitateko Berdintasun Zuzendaritzaren genero-biolentziaren kontrako protokoloa berridazten.
Arazo antzekoa dugu unibertsitatean izaten den LGTBfobiari eta espazio berean dagoen biolentzia sexualari dagokienez: ez dago datu zehatzik gai haiei buruz. Ez da diru asko inbertitzen unibertsitatean bertan gertatzen ari dena egokiro eta zehazki ikertzeko, eta askotan gertatzen da diagnostiko egoki bat egin gabe saiatzen dela neurriak hartzen. Gauza bera gertatzen da beste erakunde edo talde batzuetan: unibertsitate batek programa edo protokolo bat abian jartzen duenean, ohikoa izaten da beste guztiek programa hori berau moztu eta kopiatu nahi izatea, beretzat jotzeko. Kontu hau behar den moduan lantzeko, ordea, aztertu behar da zer gertatzen ari den eta zer ez, eta antzeman LGTB garenok zer premia espezifiko ditugun unibertsitatean. Horretarako, diagnostiko-fase bat bete behar da, eta, jakina, unibertsitateen politikak egiteko partaidetza?prozesuak ere bai, elkarteei, talde formalei eta informalei eta LGTB ikasleei oro har espazioak zabaltzeko, bertan plantea ditzagun gure premiak, desirak, haserreak eta proposamenak... Esate baterako, Euskal Herriko Unibertsitatean, LGTB liga daukagu, eta segimendu eta partaidetza handia dauka batez ere ikasleen artean. Baina unibertsitateko irakasleok eta administrazio eta zerbitzuetako langileok ez gara oraindik, neurri handi batean, armairutik irten, edo, are txarragoa dena: jarraitzen dugu gure sexualitatea arlo pribatura mugatzen, kontuan hartu barik zer garrantzitsua eta polita izango litzatekeen LGTB ekimenetan parte hartu ahal izatea edo ikusgaiak izatea unibertsitateko testuinguruan.
2.- Zuen iritziz, unibertsitate bezalako esparru batean erraz detektatzen dira jazarpen edo eraso sexualak? Zein dira zailtasun handienak behar bezala detektatzeko egoera horiek?
Lehen aipatu dugu: oraindik ere informazio gutxi daukagu unibertsitatean geratzen ari denaz. Unibertsitatea oso espazio sozial berezia denez, diagnostiko egokiak behar ditugu, kuantitatiboki eta kualitatiboki zer geratzen ari den jakin ahal izateko.
Oro har esan dezakegu unibertsitatearen berezitasun bat dela haren isolamendua, historikoki erakunde elitista izan baita. Oso lotura estua dauka Ilustrazioaren eta Modernitatearen ideiekin, unibertsitateetan ezagutza bertikalki transmititzen den ideia horrekin, bertan ezer gehiago gertatuko ez balitz bezala; baina unibertsitatean hori baino askoz gehiago geratzen da. Gauza bitxia gertatzen da: maila ertaineko irakaskuntzan ekintza ugari planteatzen dira biolentzia matxistak prebenitzeko eta haiei buruz sentikortzeko, eta, izatez, arazo horri buruzko nolabaiteko alarma dago (askotan, biolentzia eta LGTBfobia gehien agertzen duten lekutzat jotzen dira institutuak). Unibertsitateetan, berriz, ez da gai horretaz hitz egiten, are gehiago: curriculum akademikoetan ez da hezkidetzari buruz edo biolentzia matxisten prebentzioari buruz ezer sartzen. Harrigarria da, bai, kasu gehienetan hiru hilabeteko tartea baino ez dagoelako institutuan amaitzen denetik unibertsitatean hasten den arte.
Egia den arren normalean unibertsitatean ikasle-bizitzaren ziklo berri bat hasten dela; kontuan hartu behar dugu fase bat bertan behera uzten dela eta beste berri bat osatzen dela. Ikasketa?testuinguru batetik, non jende guztia ezagutzen baikenuen, klase berri batera heltzen gara, jende berriarekin. Askotan aprobetxatzen dugu egoera hori harreman sozialak birplanteatzeko, eta, horren ondorioz, “zuhurtasun” handiagoz jokatu ohi dugu. Jende guztia zuhurrago agertzen da matxismoaren edo LGTBfobiaren adierazpenen aurrean; nolabait, institutua baino askoz politikoki zuzenagoa da giroa. Baina horrek ez du esan nahi ez dela ezer gertatzen, baizik eta beste modu batez bideratzen direla gauzak. Gainera, horri guztiari gehitu behar zaio gaur egun kasu askotan unibertsitatean izaten den konbinazio arriskutsua: neoliberalismoa (karrera egin eta irabaztera etortzen da unibertsitatera) eta feudalismoa (unibertsitateko hierarkiak oso markatuta daude eta oso ikusgaiak dira).
Elementu horiek direla-eta, baliteke isilpean geratzea ahozko jazarpenak, botere handiagoko postuetan daudenen intsinuazio sexualak, bai eta biolentzia fisikoko kasuak ere. Unibertsitateko langileen artean gauza bera gertatzen da. Hori esaten dugu maiz nolabaiteko “heldukeria” egoten delako unibertsitateetako biolentzia sexuala ikertzen denean: badirudi arazoa ikasleak direla, ikasleen artean gertatzen diren gauzak direla. Ikusten ari gara, aitzitik, langileen arteko jazarpena ere badagoela, eta langileek ikasleei egiten dietena, eta, izatez, unibertsitateko langileen kasuan oso zaila izaten dela jazarpen hori argitara ateratzea zenbait arrazoirengatik. Hala, batetik, gizarte osoan eragiten duten elementu estrukturalak daude: jazarpena detektatzeko zailtasuna, salatu eta inork ez sinestearen beldurra, biolentziei buruz pentsatzeko eta partekatzeko konfiantzazko espaziorik eza.... Bestetik, unibertsitate-testuinguruko elementu bereziak ditugu: irakasleek lan mugikortasun eta ezegonkortasun handia izaten dute, lehenengo urteetan batez ere; lan?inguruneak hermetikoak dira, baina konfiantza-esparrurik gabeak; hasten diren prozesuak luza ez daitezen bermatzeko baliabide azkarrak eta eraginkorrak falta dira, askotan prozesu luzeetan biktimak jartzen baitira sozialki ikusgaiago erasotzaileak baino.
Baditugu, orobat, aisiarekin lotutako elementuak, batez ere ikasleen kasuan, “unibertsitate-bizitza” deitzen dena edo. Oso espazio bereziak dira unibertsitateko festak, gero eta gehiago enpresa pribatuen esku, eta aisia-espazioak (unibertsitateko ikasleen ostegunak, campusetik gertuko tabernak...). Haietan parte hartzen ari direnak une horretan “ez daude” unibertsitatean (baina bai erakundeak erraztutako testuinguru batean), eta, kasu askotan, ezta konfiantzazko lekuetan ere (beren herrietatik, auzoetatik edo aisialdi-espazioetatik kanpo daude). Horrenbestez, askotan ez dira salatzen izaten diren erasoak, edo, kasurik hoberenean, tokiko baliabideetara desbideratzen dira salaketak (mugimendu feministak, udal-baliabideak...). Unibertsitateetatik zerbait egin nahi badugu, kontuan hartu beharko dugu unibertsitatea ez dela espazio zehatz bat, ezta denboraz mugatua ere (09:00etatik 18:00etara). Horrenbestez, udal-zerbitzuekiko eta mugimendu feministekiko koordinazioa hobetu beharko dugu. Unibertsitatearen eta enpresa-munduaren arteko loturak ezartzen ari diren honetan, garrantzitsua da aipatzea beharrezkoa dela gizarte-, elkarte- eta erakunde- ehuneko beste alde batzuekin ere lotura izatea...Ikasle-egoitzekin ere bai, ez dakigulako ondo zer gertatzen den han, eta askotan egoitza horiek harreman anbiguoa izaten dute unibertsitateekin, erakunde pribatuek, fundazioek edo erakunde erlijiosoek kudeatzen baitituzte. Beste elementu bat gehiago aipatzearren, mugikortasun-arazoak ere badaude, nazioarteko mailan batez ere, lehendik dagoen arraza- eta kolonia-elementua areagotzen dutenak.
3.- Zuen iritziz, unibertsitate-eremuan zer moduz erantzuten dute bertan izaten den biolentzia sexualaren berri izaten dutenek? Zer egin ohi dute? Kontatu? Salatu...? Unibertsitatean ba al dago baliabiderik kasu horiei erantzuna emateko? Egonez gero, ezagutzen al dira erabiliak izateko moduan?
Prestakuntza-tailerretan egin ditugun eztabaida- eta ikasketa-prozesuetan behatu dugunez, ez dago alde handirik, baina bai berezitasunik unibertsitateei dagokienez. Oraindik ere joera dugu biolentzia sexualak batez ere ikasleengan eragiten duela pentsatzeko. Zentzu horretan, askotan irakasleok eta unibertsitateko beste langile batzuok paternalismo handiz jokatzen dugu, babesle gisa, baina gure lan-ingurunea zalantzan jarri barik. Izatez, unibertsitateak nahikoa nabarmen hierarkizatuta daudenez, oso ohikoa da bertan izaten diren jazarpenak isiltzea. Ingurune sozial bat ahalik eta itxiagoa izan, orduan eta zailagoa da jazarpena salatzea jendaurrean edo konfiantzazko jendeari, dela prozedura ofizial edo legalen bidez, dela beste baliabide batzuen bidez. Ildo horretan, isiltasuna oztopo garrantzitsua da aldaketak egiteko orduan, baina ezin dugu jazarpena edo bestelako biolentziak sufritzen dituztenen esku utzi isiltasuna apurtzeko erantzukizuna. Unibertsitateko erakundeek eta komunitateek horren ardura hartu behar dugu; batez ere kontuan hartuta jazarpenak isilpean geratzen direla ez dugulako asmatzen entzuteko espazioak sortzen. Unibertsitateak eskaintzen al ditu entzuteko espazioak, gertukoak, konprometituak eta konfiantzazkoak? Horrekin batera prebentzio-neurrien kontua daukagu; unibertsitate-protokolo askotan planteatzen dira, baina ez dira zehazten. Zeinek prebenitzen du? Zeini zuzentzen zaio prebentzio hori? Zer baliabide dugu prebenitzeko?
Ia ez dugu ikerketarik gure ingurune geografiko edo gertukoari buruz behintzat, eta, ditugun apurretan azaltzen denez, joera argia dago bizipen mota horien berri gertukoei emateko, normalean senideei edo adiskideei, bai eta emakume-elkarte batzuei edo talde feminista batzuei ere. Horrenbestez, entzute-espazioak irekitzeko kontua nabarmen lotuta dago unibertsitateak ulertzeko dugun moduarekin. Ezagupena transmititzeko espazioak dira, non bezeroak (ikasleak) sartu eta zerbitzu bat eskaintzen zaien? Edo horretaz baino bizirik dagoen ekosistema sozialez ari gara, non aldi berean lanean dabiltzan neska ikasleen talde feministak eta beste talde batzuk (sindikatuak, ikasleen taldeak…), zeinak halaber unibertsitatetik kanpoko beste talde batzuekin erlazionatzen diren? Badirudi Unibertsitateak garrantzia handia ematen diola enpresa munduarekin duen harremanari, baina ez hainbeste ehun sozialarekin duenari (udalak, talde feministak, garapenerako irabazi asmorik gabeko erakundeak...). Bada, beste eragile horiekin lankidetzan ibiliz gero, baliabide asko garatu ahalko litzateke eta eraginkortasun handiagoz helarazi.
Ildo horretan, unibertsitateei asko falta zaie aistenzialismoa edo protokolizatze teknifikatuegitik haratago doazen baliabideak sustatzeko. Hori kasurik hoberenean; beste batzuetan, besterik gabe, ez dago inolako neurririk. Oraindik bidea ibili beharra dago ulertzeko protokolizatze prozesuak eztabaida- eta ikusgaitasun-prozesu zabalagoekin lotu behar direla, unibertsitate-komunitateko pertsona edo talde desberdinei eragiteko gauza izan daitezen edo horretarako aukera izan dezaten behintzat. Garrantzitsua da unibertsitateak dauzkan mekanismoak ezagutaraztea (laguntza?zerbitzuak, protokoloak eta prozedurak...), jakina, baina are garrantzitsuagoa da baliabide horiek komunitatea garen aldetik geure burua inplikatzen duten prozesuekin eraikitzea eta benetako premietan abiaturik prestatzea. Horrek guztiak diagnostiko sakona egitea dakar berarekin batera, eta oraindik ez dugu lan horri serio ekin.
4.- Proiekturen parte bat da unibertsitate-komunitatea prestatzeko ikastaroak. Zertan dira ikastaro horiek? Zer eduki eta helburu dituzue?
Egia esan, ikastaroa kapsulatxoak dira; kasu horietan, beti bezala, jabetzen gara denbora muga argia dela gaietan sakondu ahal izateko. Ikastaroak 8 ordukoak dira; denbora horretan aztertzen ditugu gaiarekin lotutako zenbait kontu, guretzat inportanteak direnak. Hala, eztabaidagai dugu biolentzia sexuala unibertsitateko eremuan eta haren lotura matxismoarekin, klasizismoarekin, LGTBfobiarekin... Hortik hasita, kontu “aplikatuagoak” ere eztabaidatzen ditugu, hala nola zer elementu hartu behar ditugun kontuan zerbait egin nahi badugu kasu jakin baten aurrean, nola ez biktimizatu (ez behin, ezta behin eta berriz ere ez), nola ezarri laguntza-sareak, nola ireki zenbait pertsona inplikatzen duten aldaketa-mekanismoak inor arriskuan jarri barik...Horretaz gain, tarte bat uzten dugu unibertsitatean dauden baliabideei buruzko informazioa partekatzeko, eta unibertsitatetik kanpo eskuragarri daudenei buruz ere bai.
Ikastaroa nahikoa modu parte hartzailean egiten da. Izan ere, batez ere zera transmititu nahi dugu: premia dagoela biolentzia sexuala unibertsitateetan agertzeko duen forma desberdinei buruz elkarrizketak egiteko, ezagutzen ditugun kasu guzti-guztiak aintzat hartu behar direla, eta jabetu behar dugula ez dagoela prozedura magikorik, baizik une bakoitzean hartu beharreko zenbait erabaki, inplikatzen gaituztenak eta inplikatu behar gaituztenak. Horregatik uste dugu ez litzatekeela egokia izango ezagupenen transmisio bertikal hutsean geratzea: “hau egin behar da, eta beste hau saihestu”. Espazio bat ireki nahi dugu jendeak elkar ezagutzeko eta lankideekin aliantzak ezartzeko, nahiz eta agian euren artean gauza erkide asko ez izan. Ildo horretan, batzuetan prestakuntza-ekintza berean irakasleak, administrazio- eta zerbitzuetako langileak elkartzea lortu dugu, eta oso esperientzia aberasgarria izan da.
5.- Apirilean, biolentzia matxistari buruzko jardunaldi bat antolatu zenuten unibertsitatean. Zer balorazio egiten duzue? Jende askok parte hartu al zuen? Zer eztabaida izan ziren garrantzitsuenak?
Antolatu genuen jardunaldia ez zen oso arrakastatsua izan parte-hartzaileen kopuruaren aldetik. Baliteke zerikusia izatea aste santua gertu egotearekin edo oraindik zailtasunak izatearekin unibertsitate barruko talde desberdinak inplikatzen dituzten ekitaldiak edo jardunaldiak antolatzeko… Edonola ere, oso pozik gaude jardunaldiaren edukien eta eztabaidekin. Hala, Euskal Herriko Unibertsitatean sexting-i buruz egindako ikerketak eztabaida handia piztu zuen. Leire Ugaldek eta Arkaitz Zubirik azaldu ziguten. Batez ere planteatu zen zer gutxi dakigun oraindik praktika horri buruz, eta nola diskurtso alarmistek joera handiegia duten emakumeak erantzuletzat hartzeko, besteen aurrean beren burua erakusteagatik, eta ez gizonak, nahiz eta kasu gehienetan azken horiek diren apurtzen dutenak adostutakoa irudi sexualak hartzeaz edo banatzeaz irudiotan agertzen diren pertsonen baimenik izan gabe. Zentzu horretan, alarmek ondorio okerragoa ekar dezakete: emakumeak kikiltzea eta haien praktika sexualak mugatzea, zenbait kontu –boterea, desira, adostasuna…– politikoki zalantzan jarri beharrean.
Edurne Jimenezek (Candela taldekoa) zein Alixe Rodriguezek eta Idoia Legarretak (esku-hartzean adituak) lagundu ziguten beren berbaldiekin eztabaida trinkoa zabaltzen unibertsitateko espazioetan esku hartzeko dauden modu desberdinei buruz. Gauzak egiteko premiaz gain, planteatu behar diogu geure buruari zer eta nola egin behar dugun. Ildo horretan, besteak beste, ikuspegi asistentziala gainditzeko beharrari buruzko eztabaida planteatu zen, lehen aipatu dugun bezala, edo hierarkizatuta eta neoliberalago bihurtzeko etengabeko prozesuan egonda, unibertsitateak jartzen dituen baldintzei buruzkoa ere bai. Tentsio bat ere izan genuen hizpide: gai hauekin sentikorrak diren irakasleak eta ikasleak inplikatzearen eta unibertsitateko erakundeei komunitate osoari eragiten dizkioten neurri integralak jartzeko exijitzearen artekoa, komunitateak gaiarekin interesa izan ala ez.
6.- Zer agenda ezarri duzue proiekturako hura amaitu arte?
Esan dugun bezala, une hauetan prestakuntza-saioak ebaluatzen gabiltza. Hurrengo hilabeteetan beste prestakuntza-saioren bat egingo dugu, baina batez ere ebaluazio-parte hori azpimarratuko dugu. Beste jardunaldi bat prestatzen ari gara urrirako, prozesu honetan aurkitu ditugun ideiak eta ondorioak lasaiago partekatu ahal izateko. Londresera eramango dugu proiektuaren “azken” hitzaldia, bertan ideia horiek beste unibertsitate eta erakunde batzuetako kideekin partekatzeko. Eta, jakina, beste material batzuk ere prestatzen ari gara, abentura honen amaieran, 2018ko hasieran, eskainiko dugun prestakuntza-eredua osatzeko. Espero dugu ordurako zertxobait aurreratuago izango dugula gure ekarpena gure unibertsitatean gai honi buruzko diagnostiko bat eta protokolo berri bat egiteko.