Lantalde teknikoak
2023an eta 2024ko lehen hilabeteetan, Herri Itunaren Gobernantza Eredua definitu zen, eta, horri esker, etapa berri bati ekin zitzaion, haren egitura operatiboa sendotzeko. Esparru horretatik abiatuta, Lantalde Teknikoak eratu ziren, haien lan-ildoak planifikatu ziren eta Herri Itunaren komunitateak berak bultzatutako proiektu zehatzak garatu ziren. Prozesu horrek, beharrezko antolaketa-oinarriak ezartzeaz gain, espazioak ireki zituen eragileak elkarrekintzan has zitezen, ikuspegiak partekatu zitzaten eta erantzukizun komunak har zitzaten.
Lantaldeek, egokitzeko eta dinamizatzeko gaitasun nabarmena erakutsiz, gai berriak identifikatu eta erronka berriak definitu dituzte parekoen arteko lanaren bidez. Gobernantza-esparruak bilakaera hori erraztu du, talde bakoitzaren beharretara egokitzen diren espazio malguak eskainiz eta haien ekimenak Herri Itunaren helburu orokorrekin koherentziaz gara daitezen ahalbidetuz.

Talde honen jatorria Emakunderen Aholku Batzordeak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) 2021ean egin zuten hausnarketa-prozesuan dago.
2024ko maiatzean, taldeak bere helburua zehaztu zuen, politika publikoetan eragiteko posizionamendu politiko ezberdinen sorrera bultzatzea. Helburu horrekin, 2024-2026 aldirako, honako hau lantzea adostu zuen taldeak: emakumeen sexu- eta ugalketa-osasuna lantzea, menopausiari eta hilekoari dagokienez, eta, zehazki, bi baldintza biologiko horien inguruan emakumeentzat sortutako diskriminazioen, aurreiritzi sozialen eta oztopoen inguruan.
HITZ EGIN DEZAGUN HILEKOAZ ETA MENOPAUSIAZ PROIEKTUA
Sexu- eta ugalketa-eskubideak funtsezkoak dira milioika emakumerentzat. Ez dira osasuna eta biologia bakarrik, faktore sozialak, ekonomikoak eta giza eskubideak ere badira. Hori dela eta, Belaunaldien Arteko Taldeak emakumeen bizi-zikloari lotutako pertzepzio sozialak eta estigmak landu ditu, bereziki hilekoa eta menopausia. Hurrengokoak dira egindako lanaren gakoak.
Diagnostikoa: Hilekoari eta Menopausiari buruzko Inkesta
Emakumeen sexu- eta ugalketa-osasunak hainbat etapa eta esperientzia hartzen ditu bere baitan, eta, eguneroko bizitzaren parte izan arren, isilunez, estigmez eta informazio faltaz inguratuta jarraitzen dute. Horien artean, hilekoak, perimenopausiak eta menopausiak zalantzak, aurreiritziak eta desberdintasunak sortzen jarraitzen dute, eta horiek eragina dute emakumeen osasunean zein lan-bizitzan, bizitza sozialean eta emozionalean.
Ikuspegi horrekin, 2025eko otsailean Hilekoari eta Menopausiari buruzko Inkesta bat egin zen, eta 2.400 emakume inguruk parte hartu zuten. Horri esker, emaitza esanguratsuak lortu dira bizi-zikloaren etapa desberdinek nola eragiten duten jakiteko eta inkesta egin zaien emakumeek beren bizitzan nola hautematen duten jakiteko.

Diagnostikoa: Giza Liburutegia
Hilekoaren eta menopausiaren inguruan oraindik dagoen beldurra eta ezjakintasun sakona lehen pertsonan erakusten duten emakumeen 20 testigantza aurkituko dituzu hemen. Sortze-prozesuan eta grabazioetan, parte-hartzaile guztiek erronka berak aipatu zituzten: lotsa edo beldurra sortzen duen presio kulturala - "Nire gaitzari erantzuteko, nire osasunaren edo nire kulturaren artean erabaki behar nuela esan zidaten" -; desgaitasuna duten emakumeek bereziki jasotzen duten hilekoaren heziketa osagabea eta infantilizatzailea - "Kontsultara joaten naizenean nire laguntzaileari zuzentzen dira, nire ordez"-; begirada feminista eta intersekzionala alde batera uzten duen gain-medikalizazioa - "Momentuan bertan eman zizkidaten pilulak, beste ezer kontenplatu gabe”-; eta norberaren gorputzari buruzko informazio falta - "Dakizun hori beste emakume batzuek kontatzen dizutelako da".
Entzun, ulertu eta deskubritzen jarraitzera gonbidatzen duen erretratu zintzo eta beharrezkoa. Egin klik irudian bideoak ikusteko eta haien esperientzietan barneratzeko.
Sozializazioa: “Hitz egin dezagun hilekoaz eta menopausiaz”
Egindako inkestaren emaitzak gerturatzeko eta giza liburutegian egindako lana erakusteko, maiatzaren 27an, “Hitz egin dezagun hilekoaz eta menopausiaz” jardunaldia antolatu zen Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza Egunaren baitan (maiatzaren 28a).
Gertutasunez eta modu irekian, Belaunaldien Arteko Taldeak emakumeen bizitzaren etapak eta oraindik ere inguruan dituzten estigmak gizartean nola hautematen diren jakiteko aurkitu duen guztia partekatzea izan zen ekitaldiaren helburua, inkesten, dinamiken eta giza liburutegi baten bidez. Egindako lan guztia ezagutzeaz gain, parte-hartzaileek hilekoari, ziklikotasunari, emakumeen gorputzari eta menopausiari buruzko hainbat "estazio" tematikotan zehar egindako ibilbideaz gozatu ahal izan zuten.

Eragin politikoa: “Hitz egin dezagun hilekoaz eta menopausiaz” lan-mahaiak
Hilekoari eta menopausiari buruzko Belaunaldien arteko Taldearekin batera egindako lan-prozesuaren barruan, eta errealitate horretan sakontzeko asmoz, 2026an belaunaldien arteko taldeak herritarren proposamen bat egin nahi du, atzemandako lan-eremu bakoitzeko funtsezko eragileekin batera, taldeak ezartzen duen erabaki politikoko gunera eramateko, eta, hala, osasun publikoko politiketan genero-ikuspegia txertatzeko lanean eragina izaten eta aurrera egiten saiatzeko.
Prozesu hori elkarlanean egingo da, hainbat lan-mahai sortuz. Horietan, belaunaldien arteko taldeko pertsonek eta identifikatutako esparru bakoitzari lotutako hainbat diziplinatako eragileek hartuko dute parte:
• Biosanitarioa
• Sozial Enpresariala
• Balio Aldaketa
• Beste Errealitate Batzuk
• Mugimendu Feminista eta Emakumeen Lidergoa

Talde hau 2023ko urrian Nazioarteko Kongresuaren: Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia, paradigma aldaketa baten alde ondoren sortu zen.
Zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloan paradigma-aldaketa bat sustatzea du helburu nagusi, genero-ikuspegia zeharka txertatuz, gizarte bidezkoago bat lortzeko sortzen diren erronkei erantzuteko.

Herri Ituneko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Taldearen barruan, bi lan-azpitalde eratu dira, ikuspegi osagarrietatik, euskal ekosistema zientifiko-teknologikoan paradigma-aldaketa bultzatzea bilatzen dutenak, genero-ikuspegia modu estruktural eta praktikoan txertatuz.
Ikerketa azpitaldea:
Ikerketaren esparruan genero-ikuspegiaren presentzia eta zeharkakotasuna indartzera bideratzen du bere lana, inpaktu soziala duen ezagutzaren sorkuntza eta transferentzia sustatuz. Bere lan-ildo nagusia sektoreko profesionalen prestakuntza eta ebaluazioa da.
Berdintasun-planen azpitaldea:
ZTB sistemari lotutako erakundeetan berdintasun-planen inplementazioa, hobekuntza eta ebaluazio eraginkorra bultzatzeko lan egiten du. Bi lan-ildo nagusiren bidez egiten du hori: lan-ingurune osasungarriak definitzea eta berdintasun-planak egitea aldaketarako tresna gisa.


Hiru euskal unibertsitateek (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) osatzen dute taldea, eta unibertsitate-esparruan berdintasuna indartzea du helburu. Ikuspegi partekatuarekin eta konpromiso sendoarekin, komunitate akademikoaren barruan kultur eraldaketa eta gai honekiko sentsibilizazioa bultzatuko duen sarea sendotzeko egiten du lan.

2025/2026 ikasturtean, taldeak berretsi egiten du Herri Itunean duen zeregina, esparru horrek malgutasunez eboluzionatzeko eta sortzen diren behar eta aukeretara egokitzeko aukera ematen baitio. Gainera, kideko beste lan-eremu batzuekiko lankidetza indartuko dute, ikaskuntzak partekatzeko, sinergiak sortzeko eta helburu komunetarantz modu koordinatuan aurrera egiteko.
Ikasturte honetarako mugarri batzuk ezarri dira:
• Berdintasunerako unibertsitate-sarea sortzea.
• Berdintasunean trebatzea eta antolaketa-kultura aldatzea.
• Ikusgarritasuna eta eragin publikoa

Gazteen artean indarkeria matxistak ulertzera eta lantzera bideratzen du lana, eta, horretarako, ikerketa eta hausnarketa kritikoa sustatzen du. Gainera, ekosistema kolaboratiboa sustatzen du hezkuntzako, gizarteko eta kulturako erakundeekin, esperientziak partekatzeko eta irtenbide berritzaileak sortzeko.
Era berean, ezagutza hori komunitateari transmititu nahi dio, eta ziurtatu nahi du ezagutza horren aurrerapenek gizartea eraldatzen lagunduko dutela eta hezkuntza eta komunitate espazioek berdintasunaren eragile gisa duten zeregina indartuko dutela.


