Elkarrizketa Juan José Ibarretxe lehendakariari

“Berdintasunarekiko gizonen konpromisoak ekintzetan islatu behar du”

?

Lehendakari zela, Juan José Ibarretxeren asmoetariko bat izan zen Euskadi "munduan erreferente izatea gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako politiken gainean hartutako konpromisoengatik". Lortu zenuen? Zer erronka garrantzitsu geratu ziren bidean?

Uste dut politika pertsonen ongizaterako zerbitzu gisa ulertzearen ondorioa dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren konpromisoa. Ildo horretan, eta konpromiso horren aitzindari gisa, pentsamendu bat zegoen: esparru guztietan berdintasun-politikak prestatzea bultzatu eta bilatu behar zela. Sexua dela-eta dauden desberdintasunak desagertzea eta emakumeek gure gizartean ere pairatzen duten diskriminazioa bukatzea da helburua.

Gure herriak 1988. urtean Eusko Jaurlaritzan Emakunde bezalako erakunde bat jarri zuenetik, aurrerapen garrantzitsuak lortu direla eta pausoaren atzetik pausoak eman direla pentsatzen dut. Hark diseinatzen du emakumeen eskubideak gauzatzeko bidea eta hark laguntzen die bide horretan administrazioei eta gizarteari. Orduz geroztik aurrerantz goaz etengabe.

Espainiako estatuan eta erkidego- eta nazioarte-mailan erreferente izan ginen sistema patriarkal zaharkituaren flotazio-marran jotzen duten programa eta ekimenak martxan jartzen. Baita honako hauetan ere: generoa kontuan hartzen duten aurrekontuetan, sentsibilizazio-kanpainetan, indarkeria matxistaren aurkako hezkuntza-programetan, enpresa-eremurako berdintasun-proiektuetan, egoera-diagnostikoetan, genero-ikuspegia duten plangintzetan eta plangintza horien ebaluazioan, politika sektorialak gauzatzeaz arduratzen diren administrazioetan berdintasuneko prestakuntza ematean, eta, batez ere, Eusko Legebiltzarrari aurkeztu genion emakumeen eta gizonen berdintasunerako legean eta lege horren ondorengo garapenean.

Lehendakari izan zinen bitartean, legegintza-neurri garrantzitsuak onartu ziren. Zer mugarri nabarmenduko zenituzke emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunaren inguruan?

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea izan zen gure gobernuak egindako ekintza politiko handiena. Aurreneko aldiz, euskal administrazio publiko desberdinen antolamendua eta koordinazioa egituratu zen, eta neurriak arautu ziren emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko. Neurri horiek, gainera, hainbat jarduera-arlotan gauzatzekoak dira: kulturan, hezkuntzan, lanean, norberaren bizitza, familia eta lanaren uztarketan eta parte-hartze soziopolitikoan. Emakumeen aurkako indarkeria ikertzeko, arlo horretako prestakuntzarako eta indarkeria horri aurrea hartzeko, eta etxeko indarkeriaren eta sexu-erasoen biktimei laguntzeko eta babesa emateko neurriak ere arautu ziren. Argi eta garbi egin genuen apustu ekintza positiboaren eta kuoten alde.

Gure gizarteak babesa eman zion legeari, Legebiltzarrean dauzkan ordezkarien bidez, eta legea onartzearen lehenengo ondorioa Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan izan genuen. Erakunde horren historian lehenengo aldiz, % 50etik gorakoa izan zen emakumeen ordezkaritza. Gertaera gogoangarria izan zen hura, legea baliatuz berdintasunaren bidean lortutako arrakasta handi bat.

Juan José Ibarretxe giltzarri izan zen Emakunderen Gizonduz programa abiarazteko. Zer azpimarratuko zenuke ekimen hartaz? Zer oroitzapen dituzu?

Egintza ausarta izan zen Gizonduz. Nik askotan esaten nuen emakumeek pentsamendu- eta ekintza-bide luze bat eraiki zutela berdintasun handiagoko gizarte bat bilatzeko. Ezagutzaren eta gizarte- eta politika-analisiaren bidez gizarteei argia ematen zien itsasargi bihurtu zen feminismoa, eta munduan ehunka, milaka, milioika emakumek beren egunak eta bizitzak eztabaidatzen, aldarrikatzen eta aldatzen zituzten amets zoragarri bat egi bihurtzeko. Zein zen amets hori? pertsonen arteko benetako berdintasuna, jaiotzatik dakarkigun sexua edozein izanda ere. Baina guk gizonok? Zer egin behar genuen? Ezin genuen eserita geratu, gauzak noiz aldatuko zain. Horregatik, Emakunden beti esaten nien zerbait egin behar zela, beharrezkoa zela gure inplikazioa. Eta, horrela, hainbat ekintza biltzen dituen proiektu bat prestatzen hasi ginen. Ekintzetako batzuek segituan izan zuten eragina komunikabideetan, gizonek berdintasunerako hartutako konpromisoaren kartak, esate baterako. Agiri hori gizartean zabaldu genuen, eta sekula pentsatu ezingo genukeen harrera egin zioten euskal gizonek. Beste ekintza batzuek erritmo motelagoak dituzte; gizonei zuzendutako prestakuntza-programak, esate baterako. Programa horretan maskulinitateak lantzen dira, eta baita sexuka bereizita dagoen eta genero-estereotipoak dituen gizarteak gizonen bizitzetan dituen eraginak ere.

Ekimen aitzindaria izan zen hura, berdintasunarekin lotutako nazioarteko testu guztietan bilduta bai baina praktikan gutxi landuta zegoen diskurtso bati ibiltzen hasteko zapatilak jantzi baikenizkion. Argi dago ez dugula behar den abiadurarekin aurrera egingo, munduko gizonok aldaketaren bideko izkinan geldirik gelditzen bagara.

Gizonduk oroitzapen benetan gozoak ekartzen dizkit. Aurreneko aldiz, gizonek justizia eta ekitatearen aldeko borrokan emakumeekin batera joateko apustua egin zuten, maila pertsonalean, sozialean eta politikoan. Historian aurreneko aldiz, mugimendu geldiezin bat hasi zen, gizonek eta emakumeek bat egin zuten berdintasunaren aldeko borrokan.

Orain urte batzuk adierazi zenuen ez dugula aurrera egingo gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean, baldin eta gizonek printzipio horren aldeko konpromisoa hartzen ez badute. Denborak aurrera egin ahala, nola baloratzen duzu Euskadiko gizonek berdintasunaren alde duten inplikazioa? Inoiz mugimendu feministaren "laugarren olatua" izatera irits al daitezke gizonak?

Gizonen konpromisoak ekintzetan islatu behar duela pentsatzen dut. Berdintasunaren aldeko militantzia egin behar dugu. Militantzia egin behar dugu etxean, seme-alabekin, gurasoekin, bikotekidearekin, lagunekin eta lanean. Genero-ikuspegiarekin bizitzea ikasketa-ariketa propio eta transferitu ezina da. Horregatik, feminismoaren olatuei dagokienez, uste dut laugarren olatu bat etorriko dela, bosgarren olatu bat ere bai, eta baita beste olatu gehiago ere, eta denen protagonistak emakumeak izango direla. Eta iruditzen zait olatu horiekin batera gizonok gure iraultza propioak, gure aldaketak, eraiki behar ditugula; horiek emakumeen olatuekin bat egingo dutela, eta denen artean itsaso osoago eta unibertsalago bat sortuko dela.

Gizonok zer irabazten dugu berdintasunarekin? Zer galtzen?

Dena irabazten dugula pentsatzen dut. Pertsonago egiten garelako. Pertsona osoagoak, anputazio gutxiagoko pertsonak egiten garelako. Emakumeekin berdintasunezko harremanak izatea, gainera, gizonok daukagun zorra da, gizonok baikara historian zehar emakumeenganako dominaziozko eta errepresiozko boterea izan dugunak. Emakumeen bizitzaren eta duintasunaren bizkar pribilegioak ematen dituen botere hori galtzea ez dut galera gisa ulertzen. Egia esan, liberazioa da.

Gizonen belaunaldi berriak behatuz gero, aldaketa handiak ikus ditzakegu adinean aurrera doazen gizonekin alderatuta; hori hala da, baina aldaketa horiek zenbateraino dira sakonak? Atzera bueltarik gabekoak dira?

Oso desberdinak dira erantzukizunak partekatzearekin eta arlo publiko nahiz pribatuko zeregin guztiak banatzearekin gizon gazte askok daukan harremana eta gure aitek eta aitonek zeukatena. Egia da lorpen handiak egin ditugula, baina ez dakit aldaketak finkatzeko adina gizarte-masa daukagun. Ez dakit aldaketa horiek egitura mental eta sozialen muinean eraginik ote duten. Eta, bestalde, munduari begira jarriz gero, lortutako eskubideak hauskorrak direla ikusten dugu. Erne egon beharra daukagu. Lortu eta gero, eutsi egin behar zaie lorpenei. Eta denok egunero egin beharreko lana da hori.

Emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna lortzeko, zer aldaketa daude artean egin gabe gizonen artean?

Gizarte-agertokian zereginen banaketa ekitatiboa dago. Asko dago egiteko arlo publikoan eta pribatuan. Emakumeak arlo publikora sartu badira eta gero eta gehiago eskatzen bazaie arlo horretan dituzten gaitasunak garatzeko garaian, ezin dute jarraitu pertsonak zaintzeko zeregina ia-ia haiek bakarrik betetzen. Gizonok ardura hartu behar dugu zainketa-lan horietan. Geure burua zaintzearekin hasi –gutxi dakigu horretaz–, eta besteak ere zaindu behar ditugu. Hautsi egin behar ditugu eguneroko bizitzan mendeko pertsonak, pertsona pasiboak izatera garamatzaten eta arlo publikoan goragoko maila bateko pertsonak eta pertsona dominatzaileak izatera garamatzaten manuak.

Emakumeenganako tratu txarrak eta indarkeria XXI. mendeko lotsabide handienetakoak direla ere esan zenuen orain urte batzuk. Zertan huts egiten dute emakumeen kontrako indarkeria erauzteko politikek?

Emakumeen aurkako indarkeria, haren adierazpen ugarietan, giza eskubideen urraketa bat da, eta mehatxu bat nazioarteko bake eta segurtasunarentzat. Izugarria da arazo honen tamaina eta gizaterian duen irismena. Hiru emakumetik batek bizitzan zehar indarkeria jasaten duela kalkulatzen da. Hiru neskatik bat 18 urte bete baino lehen ezkonduko da. 125 milioi emakume eta neskatilek baino gehiagok jasan dute mutilazio genitala. Mundu guztian egiten da emakume-salerosketa, eta gerretan ohikoak izaten dira biolazioak. Emakume izate hutsagatik erailtzen diren emakumeen kopuruak izugarriak dira, gero eta beldurgarriagoak.

Hortaz, ateratzen dugun ondorioa da munduan zehar inon ez dela lortzen gaitz hori desagerraraztea. Errealitatea da ez garela gai munduko populazioaren erdia babesteko. Eta onartezina da hori. Isiltasun gehiegi dagoela iruditzen zait, eta nolabait hainbeste izugarrikeriaren konplize bihurtzen da isiltasun hori. Ez zait iruditzen politikek huts egiten dutenik, baina ez direla nahikoak pentsatzen dut.

Mota honetako indarkeriak genero-desberdintasunean du jatorria, eta, indarkeria horri aurre egiteko, arazo horri nazioarte-mailan lehentasuna eman behar zaio. Prebentzio- eta babes-sistemak ezarri behar dira, giza eskubideak eta elkarrekiko errespetua kontuan hartzen dituen hezkuntza-baliabideak behar ditugu, eta ekonomian, politikan eta bakeari eusteko lanean emakumeek parte hartzea lortu behar da.

Berdintasunak zer abantaila dakarkie gizarteei? Zer harreman legoke emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta giza-garapenaren artean?

Berdintasunaren eta giza garapenaren arteko harremana ezinbestekoa da. Giza garapenaren prozesuan, pertsona bera da helburua, eta pertsonari zuzendu behar zaizkio ahalegin guztiak. Giza garapenak gure gaitasun guztiak hedatzea bilatzen du, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioak, berriz, gaitasun horiek baldintza berdinetan erabiltzea du helburu.

Berdintasunak demokrazia eta erabateko herritartasuna ematen die emakumeei eta gizonei, pertsonen eta komunitateen garapena lortzeko ezinbesteko bi baldintza, alegia. Hortaz, aipatutako harremana, banandu ezina izateaz gain, ezinbestekoa ere bada.

Etorkizunari dagokionez, baikor zaude? Ezkor?

Etorkizunari begira, ziur nago ez dagoela atzera bueltarik. Pertsonen askatasun- eta justizia-grinari ezin zaio girgilurik jarri. Bizkorrago edo motelago joango gara, gehiago edo gutxiago kostatuko da, baina hasita dago bidea. Gero eta gizon-emakume gehiago hasten dira bide horretan ibiltzen. Gero eta ibiltari gehiagok egiten dugu topo bidean, eta ideiak partekatzen ditugu bertan, jokabideak aldatzen ditugu, entzun eta ulertu egiten dugu, eta tolerantziaren eta elkarrekiko errespetuaren balioak transmititzen ditugu.

Nik ez dut Euskadi librerik ulertzen berau osatzen duten emakume eta gizonen arteko berdintasunik gabe. Beraz, lanean jarraitu behar dugu, gelditu gabe, bakoitzak dagoen lekutik. Erronka zaila daukagu, baina merezi du.