HERRI ITUNAREN URTEURRENA
2022ko ekainaren 15ean, Berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Ituna aurkeztu zitzaien Bilbon herritar eta eragile sozial, ekonomiko eta politikoei. Euskadik, aniztasunetik eta herri-ikuspegiarekin, 2026ra arte izango dituen konpromiso orokorrak azaldu ziren bertan: Justizia ekonomikoa; Emakumeen eta neskatoen ahalduntzea; Emakumeen aurkako indarkeria matxista; Haurtzaroa eta nerabezaroa; Zaintzak; Gizonen eta mutikoen inplikazioa; Trantsizio ekologikoa; Eraldaketa digitala; Emakumeen mugimenduak eta lidergo feministak; Gobernu ona.
Aurkezpen horren lehen urteurrena dela eta, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundetik beste topaketa bat ospatu nahi dugu Itunak barne hartzen dituen hamar eremuetako bi oinarritzat hartuz: Emakumeen eta neskatoen ahalduntzea eta Eraldaketa digitala.
Horrela, "Posible al da Adimen Artifizial feminista bat?" jardunaldia ospatuko dugu, podcast formatoan. Quan Zhouk (@gazpachoagridulce) aurkeztutako podcast-ean Iratxe Gómezek (teknologiaren ahotsa) eta Lorena Fernándezek (zientzialaria eta dibulgatzailea) parte hartuko dute, zientzia eta teknologian erreferente diren emakumeak, eta genero-ikuspegiak AAren diseinuan duen garrantziaz eta ingurune zientifiko-teknologikoetan emakumeen presentzia handitzeko moduez eztabaidatuko dute.
EKAINAK 12 ASTELEHENA | 18:00
BAT (B Accelerator Tower) | Auditorioa (6. solairua)
Don Diego López Haro Kale Nagusia, 1
48010 | Bilbao
HERRI ITUNA
Berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Ituna Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak NBE-Emakumeak erakundearen “Generation Equality” nazioarteko ekimenaren barruan bultzatutako lan-prozesu baten emaitza da.
Berdintasun-politiketarako mundu mailako erreferente izan zen Beijingeko adierazpena eta ekintza-plataformaren 25. urteurrena ospatzeko sortu zen nazioarteko ekimen hau eta Euskadik, 2020an ekimen horrekin bat egitea erabaki zuen, urteurren hau herri bezala berdintasunarekin duen konpromisoan beste urrats bat emateko baliatuz.
Horretarako, Euskadiko eragile sozial, politiko eta ekonomiko guztiak gonbidatu ditu Emakundek azken 25 urteetan berdintasunaren alorrean egindako aurrerapenak eta etorkizuneko erronkak identifikatzera. Eta horrekin batera, datozen urteetarako berdintasunaren aldeko konpromiso zehatzak ezartzera.
Parte hartu duten erakundeek egindako hausnarketa-prozesuetatik sortu da Berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Itunaren oinarria. Emakundek gizarte osoari atxikitzeko gonbita egin nahi dio, era honetara berdintasunarekin duen konpromisoa berresteko.
ITUNAREN INGURUKO INFORMAZIO DOSIERRA (PDF, 5 MB)
Itunak hamar konpromiso ditu:
Emakumeen autonomia ekonomikoa bultzatzea bizitzan zehar.
Lan duina bultzatzea jarduera tasa eta enplegu tasa handitzeko eta emakumezko langile txiroen kopurua txikitzeko.
Euskadiko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala txikitzea.
Euskadiko enpresa eta erakundeen emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko konpromisoa indartzea.
Emakumeen eta neskatoen ahalduntzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ezinbesteko baldintzatzat hartzea, Emakumeen Munduko IV. Konferentzian adierazi zen bezala (Beijing, 1995).
Emakumeek arlo eta espazio guztietan askatasunez erabakiak hartzeko aukera izatea bermatzea, bai alderdi pribatuan, bai publikoan.
Heziketa sexual holistikoa bultzatzea, emakumeek haien gorputzari, sexualitateari eta erreprodukzio-bizitzari buruz autonomiaz estereotipatu gabeko erabakiak hartzea bultzatzea eta horretarako babesa ematea.
Emakumeak haien bizitzetan; Euskadiko bizitza sozial, ekonomiko eta kulturalean protagonista izatea lortzeko mekanismoak eta "kristalezko sabaia" gainditzen lagunduko dioten mekanismoak.
Emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria matxistarekin bukatzea eta indarkeria hori giza eskubideen bortxaketa larri kontsideratzea. Gizarte-arazoa da, egiturazkoa, lehen mailako osasun publikoaren arazoa eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen larriena.
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzarako Legea garatzea, birbiktimizazioa saihesteko aurreikusitako neurriak martxan jartzea eta biktima diren / bizirik atera diren emakumezkoen erreparazioa bultzatzea.
Emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria matxistaren aurrean instituzioen arteko koordinazioa eta esparru publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza indartzea eta lankidetza horretan sakontzea.
Haurrak oso txikiak direnetik indarkeria matxista saihestea, gizonezkoek eta mutikoek esku-hartzea bilatuz. Era berean, indarkeria mota ezkutukoenak hobeto antzematea eta horien aurrean ematen den arreta hobetzea. Indarkeria mota horien artean daude ziberindarkeria, sexu-indarkeria, indarkeria ekonomikoa eta emakumeen eta neskatoen salerosketa.
Erraztea haurrek oso txikitatik ikastea pertsona guztiok berdinak garela eta emakumeen eta gizonen desioek, itxaropenek, ekarpenek, iritziek eta ekintzek balio eta ikusgarritasun bera izan behar dutela.
Hezkidetza bultzatzea hezkuntza-komunitatetik desberdintasunak txikitzeko, gizartetik datozen emakumeen eta gizonezkoen izaerari eta portaerari buruzko agindu eta estereotipoak desegiteko, baita neskatoen ahalduntzea bultzatzeko eta mutikoen etorkizuneko berdintasunaren aldeko aldaketen eragile izateko inplikazioa ere.
Baldintza aproposak sortzea belaunaldi gazteenek ikasteko desberdintasunak eta emakumeen aurkako bereizkeria (baita ezkutukoenak ere) identifikatzen, egoera horien kontra ekiten eta haien aniztasunean duten berdintasunerako eskubidea erabiltzen. Aipatutako desberdintasun eta bereizkerien artean daude sare-sozialetan egiten direnak.
Emakumeen giza eskubideen eraikuntzan eta garapenean aurrekari eta erreferentzia izan ziren emakumeak ezagutzea, haien lorpenak finkatzea eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean egindako lorpenak ziurtzat ez jotzea. Horrez gain, berdintasunerako belaunaldien arteko trukea eta elkarrizketa bultzatzea eta arrastoa uztea berdintasun handiagoko herri baten eraikuntzan belaunaldi gazteagoek prozesu horretan erreleboa har dezaten.
Zaintzek —ordaindutakoek edo ordaindu gabekoek— bizitzari eusteko, pertsona guztien ongizaterako eta elkarbizitzarako duten berebiziko garrantzia aitortzea eta zaintzaren etika eta praktika zabaltzea bultzatzea, norberaren zaintza barne, batez ere gizonezkoen artean.
Alderdi publiko eta pribatuan emakumeen eta gizonen arteko zaintzen erantzukizun partekatua bultzatzea, zaintza publikoari geroz eta indar handiagoa emanez eta pertsona guztiak independenteak garela eta zaintzen beharra dugula, etapa batzuetan besteetan baina gehiago, kontuan hartuz.
Zaintzen errespetua eta banaketa zilegiagoa bultzatzea etxeetatik eta familia-eremutik atera daitezen batez ere emakumeek egiten dituzten zaintza asko eta gizonek, erakundeek, enpresek, eragile sozial eta ekonomikoek, komunitateak eta orokorrean gizarteak ere horren erantzukizuna har dezaten.
Zaintzen sektoreari duintasuna ematea eta horretan lan egiten dutenen baldintzak hobetzea, lan mota hori batez ere prekarizatuta dago etxeko langileen kasuan.
Etxeko lanak eta zaintzak egiten dituzten pertsona zaurgarrienek ere norbere zaintzarako, bizitza osasuntsuak izateko eta lana bezalako baliabideak izateko eskubidea ere izateko neurriak bultzatzea. Pertsona horien adibide dira guraso bakarreko familiak.
Desberdintasunak eta jerarkia dituen gure gizarte-ereduan, gizonezkoek gizarte-talde bezala pribilegioak ematen dizkien botere egoera eta maila bat dutela kontuan hartzea eta ezinbestekoa dela pribilegio horiek eta emakumeengan, gizartean eta gizonen hazkuntza pertsonalean eta giza-garapenean sortzen dituzten ondorio negatiboak desegitea.
Ohartzea berdintasunerako aurrerapena ez dela emakumeen zeregina bakarrik, gizonezkoena ere badela, eta horregatik haiek parte hartzen duten espazio guztietatik inplikatzea eta ekitea ezinbestekoa dela.
Agerian jartzea berdintasunak ez dela emakumeen eta neskatoen mesederako bakarrik, gizonen eta mutikoen eta gizartearen onurarako ere badela.
Maskulinitate-eredu tradizionala zalantzan jartzea eta beste maskulinitate batzuk bultzatzea, aniztasunarekiko errespetuz, emakumeen eta gizonen berdintasunaren bidean aurrera egiteko konprometituta eta indarkeria matxistaren kontra.
Emakumeek eta emakumeen erakundeek eskaintzen duten jakintza gehitzea lurraren berotzearen eta Euskadin dituen ondorioen aurrean konponbideak bilatzeko prozesuari. Ondorio horien artean daude lurraren berotzeak sor ditzakeen migrazio-prozesuek sor ditzaketen generoen arteko desberdintasunak.
Jasangarria eta bidezkoa den energia-eredu baterantz aurrerapausoak emateko politika publikoak eta gizarte osoaren esku-hartzeak bultzatzea. Eta politika eta esku-hartze horiek gauzatzea ekologiarekiko menpekotasuna kontuan izanda eta muinean pertsonak jarriz, emakumeek pairatzen dituzten desberdintasunak handitu gabe.
Ekonomia "berde"ak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzea, baita naturarekin lotutako jarduerak ere horrela emakumeen jarduera tasa eta enplegu tasa handitzea.
Pertsona guztiek klima-aldaketa eta horrek generoaren arabera dituen ondorio ezberdinak uler ditzaten informazio eskuragarria sortzea. Gainera, sustatzea portaera-ohiturak aldatzea eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatuko duen garapen iraunkorraren aldeko konpromisoak.
Teknologia digitalak aprobetxatzea generoen arteko berdintasunerantz aurreratzea ahalbideratuko duten ereduak bultzatzeko eta ikuspuntu feministatik abiatuta indarkeria matxista gutxitzeko.
Neskato eta emakumeek STEAM "zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak" hezkuntzarekiko duten interesa eta konpromisoa handitzea bultzatzeko ekintzak sustatzea.
Diseinuan, ekoizpenean, berrikuntzan, eta teknologien lidergoan ari diren emakumeak bistatzeko ekintzak bultzatzea.
Kontuan hartzea pertsona guztiak ez direla puntu beretik abiatzen digitalizazio-prozesuan eta arrakala digitalak gehiago eragiten diela emakumeei, batez ere adina, hezkuntza-maila eta egoera ekonomikoa kontuan hartzen badira.
Aintzat hartzea emakumeek eta feminismoak Euskadiren garapenean eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz aurrera egitean izan duten rola.
Baliabideekin laguntzea emakumeen erakunde, talde eta sareak, edota emakumeen eta neskatoen eskubideak defendatzen dituztenak, horien elkarrizketa soziopolitikorako eta haien proposamenen eraginerako erraztasunak emanez.
Desberdintasun handiagoak dauden errealitateen (migrazioa, desgaitasuna, indarkeria matxista, landa-bizitza) ordezkari diren emakumeen taldeei haien ahotsa entzutea ahalbideratuko dieten espazioak sortzea.
Emakumeen mugimenduekin, feministak diren eta Euskadin berdintasunaren alde lan egiten duten taldeekin aliantzak sortzea.
Euskal botere publikoek garatzen dituzten politika eta ekintza guziek maila eta fase guztietan behar eta egoera anitzak eta emakumeen eta gizonen interesak kontuan hartzen dituztela ziurtatzeko ezinbesteko estrategia gisa genero-ikuspegia txertatzeko aukera kontuan hartzea.
Arlo guztietan emakumeen kontrako desberdintasunak mantentzen dituzten kausen ikerketa bultzatzea eta sexuak bereizten dituen datuekin pertsona guztien errealitatea ikustea.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunera bideratutako baliabide pertsonalak, ekonomikoak eta materialak handitzea.
Instituzioen artean berdintasunaren aldeko lankidetza eta koordinazioa bultzatzea.
Berdintasunerantz aurrera egiteko egiten den lanaren eta horren ondorioen kontu ematen dela ziurtatzea.