"NI FEMINISTA NAIZ" izango da Martxoaren 8ko kanpainaren leloa, feminismoak gizarteari egiten dion ekarpena aldarrikatzeko
"Ni feminista naiz" da Emakundek, hiru foru aldundiek eta EUDELek bultzatzen duten martxoaren 8ko erakundeen arteko kanpainaren leloa. Goiburua "Feminismoa zurekin doa" esaldiarekin osatzen da, eta feminismoak gizarteari egiten dion ekarpena aldarrikatu eta berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenei balioa eman nahi die. Honekin batera, feminismoaren balioek pertsonen eguneroko bizitzan botere eraldatzailea dutela erakutsi nahi du. Mundu mailan ematen ari den ultraeskuinaren erreakzio-testuinguru batean, zeinak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza ukatzen duen, emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzen duen eta berdintasun-politikak mespretxatzen dituen, euskal erakundeek beharrezkoa ikusten dute feminismoaren pedagogia egitea eta nabarmentzea haren ekarpena ongizateari eta eguneroko bizitzaren hobekuntzari.
Aurten, berdintasun-politikak garatzeko erabakigarriak izan diren bi mugarri ospatuko dira. Alde batetik, Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena ospatzen da, mundu osoko emakume eta neskatoen ahalduntzerako programarik garrantzitsuena. Halaber, 20 urte bete dira Euskadin Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lehen Legea onartu zenetik. Ildo horretan, berdintasun-politiken bidez eskubideetan egindako aurrerapenei balioa eman nahi die kanpainak.
Kanpaina otsailaren 22tik martxoaren 8ra bitartean egongo da martxan kanpoko euskarrietan, egunkarietan, irratietan, sare sozialetan eta telebistan. Gainera, sare sozialetako istorioetarako txantiloi bat sortu da filtro formatuan, #NiFeministaNaiz traolarekin. Honen bidez, erabiltzaile bakoitzak selfie bat egin eta bere sare sozialetan partekatu ahal izango du.
BIDEOAK
KARTELAK
Elebiduna (PDF) | Euskaraz (PNG) | Gazteleraz (PNG)