Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea

Lankidetza Erakundeen eskaera

"Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea" aitorpena eskuratu ahal izango dute emakumeen eta gizonen berdintasuna areagotzea eta berdintasuna eragozten duten oztopoak kentzea ahalbidetzen eta sustatzen duten jarduerak egiten dituzten erakundeek.

Aitorpena 11/2014 Dekretuak, otsailaren 11koak, arautzen du, 424/94 Dekretua, azaroaren 8koa, ordezkatzen duenak.

Lankidetza Erakundea izateko beharrezkoa da:

  • Erakunde publiko edo pribatua izatea, administrazio publikoak izan ezik.
  • Jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egitea.
  • Erakundearen zuzendaritza eta administrazio-kudeaketa EAEn gauzatzea.

Eskaera orria Emakunde- Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari bidali behar zaio, eta berdintasun konpromisoa sinatu.

Horrez gain, baloratzeko aurkeztu beharko dira langile guztiei azaldu zaizkien diagnostikoa eta berdintasunaren alorreko jarduera-plana; eta gainera, ezarri beharko dituzte neurri espezifikoak erakundearen barruan gertatutako sexu-jazarpenei eta sexuan oinarritutako jazarpenei aurre egiteko eta aurrea hartzeko.

Aitorpena emateko, bereziki aintzat hartuko dira lan-baldintzetan emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasuna bermatzeko jarduerak, eta enpleguarena kalitateari dagozkionak; eta baita kanpora begira egindako jarduerak ere.

Emandako aitorpenak indarrean jarrai dezan, erakundeak jarraipen-txosten bat egin beharko du aurreko urteetan abian jarritako ekintzei buruz eta horiek egoeraren diagnostikoaren adierazleetan izandako ondorioei buruz, bi urtean behin.

Plan bakoitzean zehaztutako indarraldia amaitzen denean, aitorpenarekin jarraitu ahal izateko, erakundeak honako hauek aurkeztu beharko ditu: egoeraren diagnostiko eguneratua, berdintasunaren alorreko jarduera-plan berria, eta aurreko planean jasotako neurriak urte horietan ezartzean eragindako ondorioei buruzko balioespena.

Eskabideak urte osoan zehar aurkez daitezke, denbora-mugarik gabe, hurrengo estekaren bitartez:

Lankidetza Erakundeen jarraipena

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza entitateen aitorpena arautzen duen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak 14. artikuluan ezartzen duenez, erakundeak bi urtean behin txosten bat egin behar du aurreko urteetan abian jarritako ekintzen eta horiek egoeraren diagnostikoaren adierazleetan dituzten ondorioen jarraipena egiteko. Txosten horrek planean aldi horretarako diseinatutako ekintzen % 70 baino gehiago gauzatu dela frogatu behar du, bai eta Diagnostikoan jasotako abiapuntuko adierazleen egoeran izandako aurrerapenak ere, baldintza horiek ez betetzea justifikatzen duten arrazoi objektiboak daudenean izan ezik.

Plan bakoitzean zehaztutako indarraldia amaitzen denean, erakundeak egoeraren diagnostiko eguneratua eta berdintasun-arloko jarduera-plan berria aurkeztu beharko ditu, aurreko planean urte horietan jasotako neurriak ezartzeak eta aurreko diagnostikoan aztertutako adierazleetan izandako ondorioen balioespenarekin batera, aitorpenari eusteko. Hau da, plana 2021eko abenduan amaitu bazen, erakundeak 2022ko abenduaren 31 baino lehen bidali behar ditu aipatutako dokumentuak.

Lehenengo jarraipen-txostena aitorpenetik bi urte igaro ondoren bidali beharko da, hurrengo urteko lehenengo hiruhilekoan, eta horrela hurrenez hurren ondorengo bi urtean behingo jarraipenetan. Hau da, aitorpena 2021ean eman bazen, lehen txostena 2024ko lehen hiruhilekoan entregatu behar da, eta hurrengoa 2026ko lehen hiruhilekoan.

Otsailaren 11ko, 11/2014 Dekretuaren 15. artikuluaren  2. atalaren arabera, aitorpena baliogabetu daiteke erakundeak bi urtean behin egin beharreko jarraipen-txostena ez badu bidaltzen dagokion eran eta ohiko epean, eta, hala dagokionean, ezarritako ezohiko epean; eta jarduera-plan berria ez badu bidaltzen aurreko plana bukatu ondoko urtearen barruan.

Jarraipena egiteko dokumentazioa egoitza elektronikoaren esteka honen bidez bidali beharko da:

Lankidetza Erakundeen zerrenda