Aholku Batzordea

EAEko emakumeen elkarteek Emakunderekin duten solaskidetzagunea da Aholku Batzordea.

• 1998an sortu zen, ekainaren 9ko 103/1998 Dekretuaren bidez. 25 urtetik gorako lan-ibilbidea metatu du.

• Euskadin emakumeen eta gizonen benetako berdintasun eraginkorrerantz aurrera egiteko Emakundek bultzatzen dituen arau eta planen diseinuan, jarraipenean eta ebaluazioan parte hartzen du.

• Bere lan-prozeduren bitartez, emakumeen elkarteek eskaintzen duten jakintza Eusko Jaurlaritzaren emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikan txertatzen da.

• Lan-esperientziak denboran zehar bilakaera egokia izateko aukera eman dio Aholku Batzordeari, bai eta solaskidetza soziopolitikoko bere eredu feminista definitzeko eta gauzatzeko ere.

• Aholku Batzordeak izan duen ibilbide historikoan barrena Euskadiko emakumeen elkarte ugarik hartu dute parte, mugimendu honen aniztasuna erakutsi dutelarik. Erakunde horiek guztiek eskaini dute beren denbora, jakintza, ahalegina eta ilusioa denon proiektu baten alde, ahalduntze indibidual eta kolektiboan lagunduz. 

• Aholku Batzordea 2005etik da Emakundeko Zuzendaritza Batzordeko kide.

Emakunderekin batera, Aholku Batzordeko kide dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumeen elkarteetako ordezkariak. Elkarteetako ordezkari horiek Lurralde Historiko bakoitzean aldizka egiten diren Elkarteen Batzarretan proposatzen eta berresten dira.

Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten duen EAEko emakumeen edozein elkartek parte har dezake Aholku Batzordean, baldin eta genero-ikuspegia duen solaskidetza soziopolitikoko bere ereduak eskatzen duen prestakuntzako eta laneko prozesuarekiko konpromisoa hartzea erabakitzen badu.

Parte hartu nahi duzu?

Aholku Batzordearen komunikazioa elkarrekin lotuta dauden hainbat guneren bidez artikulatzen da.

Elkarteen Batzarrak: Aholku Batzordearen euskarri eta iturri diren eragilea eta oinarria osatzen dute. Horietan EAEko emakumeen elkarte guztiek parte har dezakete.

Aholku Azpibatzordeak: Lurralde Historiko bakoitzean Aholku Batzordearen lanerako gune eragileak dira.

Lurraldearteko Batzordea: hiru Lurralde Historikoetako elkarteetako ordezkarien arteko baterako erabakiak hartzen diren gunea osatzen dute.

Aholku Batzordearen Osoko Bilkura: Aholku Batzordearen erabaki-organo gorena da. Emakundek eta elkarteetako 12 ordezkarik osatzen dute (Lurralde Historiko bakoitzetik 4). Emakundeko Zuzendaria du buru.

• Aholku Batzordeak honako gune instituzionaletan ere hartzen du parte: Emakunderen Zuzendaritza Kontseilua, Begira Batzordea, Berdintasunerako Emakunde Sarien Epaimahaia eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua.

 

Lanerako sistema

Komunikazioa eraginkorra izan dadin, Aholku Batzordeak egiten duen solaskidetza-lan guztia arautua dago eta sistematizatu egiten da. Gainera, urtero, Aholku Batzordeak bere lehentasunak erabakitzen ditu, bere jarduerak programatzen ditu eta bere jarduera biltzen duen urteko memoria bat lantzen du.

Prestakuntza

Aholku Batzordeak eraginkortasunez parte hartu ahal izan dezan premisetako bat zera da, feminismoan eta berdintasun-politiketan prestakuntza. Elkarteetako ordezkari guztiek hartzen dute parte prestakuntza-prozesuetan, eta hala, haien bitartez, beren solaskidetza eraginkorra izateko ezagutzak, trebetasunak eta erremintak eskuratzen joaten dira.

2023. urtean, "Lidergo feministak eraikitzen emakumeen elkarte-mugimenduaren bidez" izenburuarekin, Aholku Batzordeak bere 25. urteurrena ospatu zuen. Horretarako, hainbat ekimen jarri ziren abian, honako helburu hauekin:

• 25 urteko lana balioan jarri eta ikusaraztea.

• Taldean eraikitako prozesu baten memoria soziala indartzea.

• Etorkizunerako legatu bat uztea eta bere historia eta denboran zehar izan duen bilakaera ezagutaraztea.

• Proiektua elkarbanatzea, ikaskuntzei eta lorpenei merezi duten balioa emanez.

• Berdintasunerako solaskidetzagune gisa dauzkan hurbileneko erronkak identifikatzea.

• Beste elkarte batzuk motibatzea Aholku Batzordean parte har dezaten eta errelebuen kudeaketa eraginkorra egin dezaten.

• Prozesua elkarbanatzea eta emakumeen elkarteekin, erakundeekin eta Euskadiko gizartearekin ospatzea.

• Prozesuan parte hartu duten elkarteetako ordezkari guztien lana aintzatestea.

Informazio gehiago topatuko duzu hemen: