Enpresetan diagnosiak eta planak egiteko homologazio-prozesua
- Eskaera: Informazioa | Eskaera egin
- Jarraipena: Informazioa | Jarraipen eskaera egin
- Enpresetan diagnosiak eta planak egiteko aholkularitza-enpresa homologatuen zerrenda
Emakundek homologazio prozesu bat jarri zuen abian 2004an, gizon-emakumeen arteko berdintasun gaietan laguntza teknikoa emango zuten aholkularitzei zuzendua. Homologazioa zeregin horretarako da, ez beste ezertarako.
Esandako homologazioa ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuak arautzen du (abenduaren 28ko 348/2010 Dekretuak aldatzen duena); hau da, enpresa eta erakundeetan gizon-emakumeen arteko berdintasun gaietan laguntza teknikoa emateko aholkularitza erakundeen homologazioa arautzen duen dekretuak. Prozesu horretarako deialdia 2018ko azaroaren 9ko Ebazpenaren bitartez egin zen.
Homologazioaren eskaera
Homologaziorako deialdia urte osoan dago irekita:
Ondorengo hauek dira homologaziorako bete beharrekoak:
1) Enpresa izen batekin, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez lantoki bat izatea.
2) Beste enpresa edo erakunde pribatu batzuei aholkularitza zerbitzuak ematea, honako alor hauetan: zuzendaritza orokorrean, pertsona kudeaketan, plangintza estrategikoan, kalitate kudeaketan edo berdintasun politikak garatzeko egokitasuna egiaztatu duten alor guztietan.
3) Gutxienez, enpresako pertsona batek honako akreditazio hauetako baten jabe izan behar du: emakume eta gizonen berdintasuneko aholkularitza prestakuntza egin izanaren akreditazioa, Emakumearen Euskal Erakundeak emana. Besteren kontura kontratatuta badaude, kontratu mugagabea eduki beharko dute.
4) Emakunderen Emakumeen eta gizonezkoen aukera-berdintasunerako Lankidetza Erakundea aipamena eduki beharko dute Berdintasunerako Erakunde Kolaboratzaile gisa, edota, hamar pertsona edo gutxiagoko enpresa izanik, adierazi beharko du aukera berdintasunaren printzipioa errespetatzen duela, bai barne antolakundean, bai zerbitzuak ematerakoan.
5) Proiektu bat aurkeztu beharko dute; hartan bilduko dira bestelako enpresekin garatu beharreko laguntza eta aholkularitza lana, batetik, ekintza positiboko neurriak garatzeko, eta, bestetik, genero ikuspegia txertatzeko, bai pertsonak kudeatzeko politikan, bai produktu eta zerbitzuen garapenean. Proiektuan argi eta garbi azalduko dira, batetik, enpresa batean emakume eta gizonen berdintasuneko diagnostiko bat egiteko laguntza prozesuaren deskribapena (gutxienez, honakoak bilduko ditu: helburuak, metodología, erabili beharreko teknikak, aztertu beharreko aldaerak, beharrezko baliabideak, epeen zehaztapena eta aurreikusitako aurrekontua), eta, bestetik, ekintza positiboko plan bat diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko laguntza prozesuaren deskribapena (gutxienez, honakoak hartuko ditu barne: helburuak, metodologia, erabili beharreko teknikak, beharrezko baliabideak, ebaluazio irizpide eta tresnak, epeen zehaztapena eta aurreikusitako aurrekontua).
Urteko jarraipena
105/2004 Dekretuak, berdintasunaren aholkularitza entitateen homologazioa arautzen duenak, 10. artikuluan ezartzen du entitateak urteko jarraipena aurkeztu behar duela homologazioari eusteko.
Hori dela eta, urtero-urtero, lehenengo hiruhilekoan honako dokumentazio hau auzkeztu behar du: emakume eta gizonen berdintasunaren alorrean emandako laguntza teknikoari dagokion jardueren zerrenda; enpresaren aurtengo berdintasunerako jarduera plana; bai eta gutxienez persona batek kontratu mugagabea duen akreditazioa ere, 2.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.