Batzordeak eta sareak
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordea, abenduaren 26ko 261/2006 Dekretuaz arautua, berdintasunaren arloan Eusko Jaurlaritzak egiten dituen jarduerak koordinatzeko organoa da.
Batzordeak laguntza eta aholkularitza emateko talde tekniko bat du, Sailarteko Talde Teknikoa izenekoa. Beste lantalde tekniko batzuk ere ezar daitezke, berariazko edo sektoreko gaiak landu behar direnean.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakundearteko Batzordea, urtarrilaren 16ko 5/2007 Dekretuaz arautua, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan erkidegoko, foru eta toki administrazioek egiten dituzten politikak eta programak koordinatzen dituen organoa da.
Batzordeak laguntza eta aholkularitza emateko talde tekniko bat du, Erakundearteko Talde Teknikoa izenekoa. Beste talde tekniko batzuk ere ezar daitezke, berariazko edo sektoreko gaiak landu behar direnean.
Berdinsarea Emakundek eta Eudelek bultzatu dute, lankidetza-hitzarmen baten bidez. Xede du udalerrien arteko lan-gune izatea, gune arin eta eraginkorra, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka toki administrazioetan kudeatzen diren programak eta zerbitzuak bultzatu, indartu, koordinatu eta ebaluatzeko. Horretarako, jarduera eta ebaluazio irizpide bateratuak zehaztu behar dira, eta zeregin hori jarduera orohartzaile batean sartu behar da; tokiko ekintza publikoaren maila guztietan iragazteko modukoa izango da, eta udalerriz gaindiko beste erakunde batzuen arteko lokarri ere izango da.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Publikoen Sarea
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Publikoen Sarea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatu du, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren lankidetzarekin, Berdintasunerako Administrazio Unitatearen eta Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren bitartez.
Sare honen helburu nagusia da erakunde publikoetan berdintasunari buruzko neurriak eta politikak ezartzen aurrera egitea, dauden baliabideak optimizatuz eta erakunde bakoitzak egindako lana eta esperientzia elkarrekin baliatuz.
Sareak baliabide hauek eskaintzen dizkie erakunde parte hartzaileei: elkarlanerako online plataforma bat baliabideak, materialak, … partekatzea ahalbidetzen duena; laguntza metodologikoa eta teknikoa, materialak, gidaliburuak, araudia, azterlanak eta interesgarri izan daitezkeen beste dokumentu batzuk medio; langileen kudeaketara eta zerbitzuak garatzera bideratutako berdintasun-planak ezarri nahi dituzten erakundeei aholku ematea, hala behar dutenean; eta, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko ezagupenak, esperientziak, jardunbide egokiak, baliabideak, jakintzak eta prozesuak trukatzea eta bateratzea.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Publikoen Sarean parte hartu ahal izateko, erakundeek irizpide hauek bete behar dituzte: zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, sozietate publikoa, fundazioa edo partzuergoa izatea, eta Eusko Jaurlaritzak gutxienez % 50eko partaidetza edukitzea.
Hezkuntza arloan, Emakundek parte hartzen du INTERCAMBIA Sareak antolatzen duen urteroko topaketan. Emakumearen Institutuak eta Hezkuntza Ministerioak sare hau bultzatzen dute autonomia-erkidegoetako berdintasun-antolakunde eta hezkuntza-administrazioen lankidetzarekin.
Emakunde Egiturazko Funtsen eta Kohesio Funtsaren berdintasun-politiken sare 2007-2013ko kidea da. Sare hori honako hauek osatzen dute:
- Estatuko Administrazio Orokorraren Europako Funtsak kudeatzeko eta genero berdintasun politiken organo arduradunak.
- Autonomi-erkidegoetako Europako Funtsak kudeatzeko eta genero berdintasun politiken organo arduradunak.
- Europa Batzordea.
Emakundek parte hartzen du 2007-2013rako Europako Gizarte Funtsaren (EGIF) Programa Eragilearen Jarraipen Batzordean eta 2007-2013rako Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) Programa Eragilearen Jarraipen Batzordean.
Halaber, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin (EGIFeko Bitarteko Erakundea) eta Ekonomia eta Plangintzako Zuzendaritzarekin (EGEFeko Bitarteko Erakundea) elkarlanean jarduten du. Helburua da bi funts horiekin, batarekin zein bestearekin, finantzatutako programak garatzen dituzten entitateek berdintasuna indartzea.