Diagnostikoak eta berdintasun-planak

Enpresa edo entitateetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-maila zein den jakiteko egiten diren azterketa xehatuak dira diagnostikoak, eta xede dute egoera nola hobetu detektatzea eta berdintasunaren aldeko esku-hartze globala diseinatzea.

Diagnostikoa egiteko, gizarte-ikerketarako tresna kuantitatibo eta kualitatiboak konbinatu behar dira, eta, horretaz gain, langileek parte hartu behar dute eta langileen ordezkariekin negoziatu behar da. Gainera, plan guztiak erregistratu behar dira REGCONen.

Diagnostikoak honako hauei buruzko informazioa jaso behar du:
● Erakundearen profila, jarduera-eremua eta ingurunearekin dituen harremanak.
● Langileen ezaugarriak (sexua, adina, ikasketa-maila, lanbide-kategoriak, sailen eta hierarkia-mailaren araberako banaketa, antzinatasuna eta ordainsariak lanbide-kategoriaren arabera, kontratu eta lanaldi motak, erantzukizun pertsonalak eta familiarrak, eta abar).
● Pertsonen kudeaketa (langileen hautaketa-prozesua eta kontratazioa; prestakuntza; lanbide-sustapena; lan-baldintzak; ordainsari-politika, emakumeen eta gizonen arteko soldata-auditoria barne; bizitza pertsonalaren, familiarraren eta lanekoaren eskubideak modu erantzukidean baliatzea; emakumeen ordezkaritza txikiagoa; ordainsariak; lan-osasuna; komunikazioa; eta genero-indarkeriaren, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren egoerak aztertzea).
● Entitatearen produktu eta zerbitzuen eta beste antolaketa-plan eta -politika batzuen azterketa.
● Langileen iritziak eta proposamenak (langileek berdintasuna bultzatzeko duten inplikazioa eta onarpen-maila; genero-rol sozialek lanean duten eraginari buruzko balorazioa; sexu-jazarpeneko, sexuan oinarritutako jazarpeneko eta beste indarkeria mota batzuetako kasuak ezagutzea).

Diagnostikoa osatzen duten gai bakoitzari buruzko datu eta adierazle guztiak sexuaren arabera bereizita egon beharko dira, eta lortutako informazio guztia genero-ikuspegitik aztertu beharko da.

Diagnosia egiteko prozesuan laguntzeko, Emakundek eskuragarri jarri du tresna metodologiko kuantitatibo hau. Hala ere, beste tresna batzuekin osatu beharko da.

● Enpresetan berdintasunari buruzko diagnostikoak eta planak egiteko metodologia (PDF, 1 MB)

Tresna behar bezala aplikatzeko, beharrezkoa da entitatean kudeaketari, lan-baldintzei eta jarduerari buruzko informaziorako sarbidea duten langileek esku hartzea bai eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko prestakuntza dutenek parte hartzea ere, jasotako datuen eta tresnak ematen dituen emaitzen genero-azterketa egokia egin ahal izateko.

Berdintasunerako jarduera-plana egoeraren diagnostikoa egin ondoren hartutako neurrien multzo ordenatu bat da, enpresan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna lortzeko eta sexuagatiko diskriminazioa desagerrarazteko. Halaber, neurri horiek diagnostikoaren analisian hautemandako hobekuntza-arloei erantzuteko dira.

Berdintasun-planak honela egituratuko dira, eta elementu hauek izango dituzte gutxienez:
• Berdintasun-planaren helburu kuantitatiboen eta kualitatiboen zehaztapena.
• Esku hartzeko arloen arabera egituratuta, eta neurri zehatzen deskribapena, gauzatze-epea eta neurrien arteko lehentasuna.
• Neurri bakoitzaren bilakaera zehazteko adierazleak.
• Bitartekoak eta baliabideak (bideratutako aurrekontua eta ekintza bakoitza gauzatzeko ardura duten pertsonak/sailak).
• Plana ezartzeko, jarraipena egiteko eta ebaluatzeko jardueren egutegia.
• Espero diren emaitzak, emakumeen eta gizonen arteko aldeak murrizteari dagokionez.
• Planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema.
• Kanpo-proiekzioa berdintasuneko erakunde bultzatzaile izateari, kanpo-kontratazioari, erosketei eta zerbitzuak eta produktuak emateari buruzko jarduketetan.
• Berdintasun-planen jarraipena, ebaluazioa eta aldizkako berrikuspena egiteaz arduratuko den batzorde edo organo paritarioaren osaera eta funtzionamendua.

Berdintasunerako diagnostikoa eta plana egiteko, oso garrantzitsua da berdintasunean adituak diren pertsonen laguntza edukitzea. Horretarako, Emakundek eskuragarri jarri du berdintasun-gaietan laguntza teknikoa emango duten aholkularitzako enpresa homologatuen zerrenda.

http://www.emakunde.euskadi.net/enpresa-erakundeak/-/informazioa/aholkularitza-enpresak-homologatuak/

Horretaz gain, Emakundek eskura ditu laguntzeko hainbat material:

http://www.emakunde.euskadi.net/enpresa-erakundeak/-/informazioa/dokumento-lagungarriak/