Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sareak eta Hitzez baserriko emakumeen elkarteak jaso dute Berdintasunerako Emakunde saria
Iñigo Urkullu lehendakariak Berdintasunerako Emakunde Sariaren entrega egin die gaur arratsaldean Donostiako Kursaal jauregian landa eremuko emakumeen eskubideen alde lan egiten duten bi entitateri: Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez Baserriko Emakumeen Elkartea.
Epaimahaiak landa eremuan emakumeen eskubideen eta berdintasunaren aldeko lanak aurkitzen dituen zailtasun eta oztopo bereziak kontuan izanda eman die saria. Epaimahaiaren iritziz, bi entitateek garrantzia eman diote elkartze lanari eta honek lagundu die berdintasun ezaren kontzientzia hartzeko prozesua abiatzen, banako eta talde modura indartzen eta baita euren eragin soziala handitzen.
Honekin batera Epaimahaiak azpimarratu du sarean eta beste entitate eta elkarte batzuekin elkarlanean egindako bidea landa eremuko emakumeen eskubideak aldarrikatzeko, bereziki emakumeen titulartasuna ustiategi eta nekazal produkzioetan eta duela gutxi onartua izan den Landa Eremuko Emakumeen Estatutuan parte hartzean.
Sari honen bitartez, landa eremuan lan egiten duten emakume guztiei egin nahi izan zaie aitortza, kontuan izanik egiten duten ekarpena landa eremuen mantentze lanean, bertan bizi diren pertsona guztien bizi kalitatean eta beraien eredu jasangarriago baten alde. Honekin batera, sariaren bitartez ikustarazi nahi da emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lana bizitzako arlo guztietan ematen dela.
Sariaren helburua
Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak ere. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da. Kasu honetan, entitate bakoitzak 7.200 euro jasoko ditu.
Emakunde Sariak lau alorretan banatzen ziren 2006ko ediziora arte. 2006an Emakundek pentsatu zuen egokia zela arloen aniztasunaren ikuspegia sartzeko beste modu batzuk antolatzea; hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ekarpen bakar bat saritzea erabaki zuen, nabarmenena, edozein arlotakoa izanda ere. Sari bakarra ematen denetik hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola 2006an, Bagabiltza elkartea 2007an, Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an, Lilaton taldea 2009an, 2010ean Teresa del Valle, 2011an Irun eta Hondarribiako alarde mistoak, 2012an Bilboko Modulo psikosozialak. 2013an La Posada de los abrazos elkartea, 2014an María de Maeztu Fórum Feminista, eta 2015ean Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez Baserriko Emakumeen Elkartea.