Prostituzioan eta gizarte bazterketako egoeretan dauden emakumeekin lan egiten duen Askabide elkartearentzat 2020ko Emakunde Saria

 

 

Berdintasunaren aldeko Emakunde Sariaren Epaimahaiak aho batez erabaki du Askabide elkarteari ematea Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria 2020ko edizioan. Elkarte hori irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta Euskadin prostituzioan diharduten emakumeen eta gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeen kolektiboaren normalizazioaren eta gizarteratzearen alde lan egiten du.

Epaimahaiak azpimarratu duenez, sari hau 35 urte baino gehiagoko ekarpenari ematen zaio, prostituzioari emakume bakoitzaren nortasunen eta bizi-esperientzien dimentsio indibidualetik eta, aldi berean, dimentsio sozio-komunitario batetik heldu dion esku-hartze baten bidez, konplexutasun horri guztiari erantzuten saiatzen diren estrategia malguak diseinatu dituelako Askabidek.

Askabidek ibilbide luzea du. 80ko hamarkadan hasi zen Bilbon, boluntario talde batek auzo batzuetako prostituzioaren errealitateari buruz zuen kezkagatik. Garai hartan egoera hori larriagotu egin zen, emakumeen kolektibo horrek gizarte-estaldura eskasa zuelako eta HIESaren gaixotasuna agertu zelako.

Harrezkero, hainbat ekintza eta proiektu garatu dira, Euskadiko prostituzioaren ingurunetik datozen emakumeen bizi-kalitatearen alderdi esanguratsuak hobetzeko. Berdintasun-printzipioarekiko eta genero-ikuspegitik egindako lanarekiko konpromisoa oso errotuta dago Askabiden, prostituzio-testuinguruetan emakumeen autonomia, berdintasuna eta ahalduntzea sustatzera bideratzen baitu bere esku-hartzea.

Entrega ekitaldiaren albistea, argazkiak eta bideoa

Miriam Santorcuato elkarteko presidenteari elkarrizketa Emakunde aldizkarian

BIDEOAK:
Askabide elkartea
Bazterketa soziala eta prostituzioa
Bazterketa soziala COVID garaian