Kideitu Glosarioa

Ekintza positiboa

Berariazko talde edo kolektiboei zuzendutako ekintzak, sexu, arraza, jatorri, erlijio eta abarrengatik jasaten dituzten desberdintasunak orekatzeko. Ekintza horiei “diskriminazio positibo” ere esaten zaie.

Genero-analisia

Esparru jakin batean, gizon eta emakumeen arteko baldintzen, beharren, oztopoen eta aukeren desberdintasunen analisia; desberdintasun horien azpian gizon eta emakumeei egokitu ohi zaizkien eginkizunak daude.

Aukera-berdintasuneko agentea

Profesional horren ardura genero-ikuspegia programen eta politiken diseinuan, kudeaketan, kontrolean eta ebaluazioan sartzea da. Lanbide hori 80ko hamarkadan sortu zen, Europar Batasunak bultzaturik. Lanbideen Estatuko Sailkapenean (LES) onartuta dago

Datu bereiziak sexuaren arabera

Datuak, adierazleak eta estatistikak sexuaren arabera banakatzea. Horrek aukera ematen du informazioa aztertzeko, genero-berezitasunak kontuan hartuz.

Genero-desberdintasunak

Emakumeei eta gizonei egokitu ohi zaizkien eginkizunetan eta estereotipoetan sorburu duten desberdintasunak.

Zuzeneko diskriminazioa

Pertsona bat bere arraza, etnia, erlijio, ezintasuna, adina edo joera sexuala direla eta, beste bat baino okerrago tratatu dutenean edo trata dezaketenean sortzen den egoera da.

Zeharkako diskriminazioa

Itxuraz neutralak diren lege, araudi, politika edo jarduerek pertsonengan –horien arraza, etnia, erlijio, ezintasuna, adina edo joera sexuala direla eta– aurkako eragina dutenean sortzen den egoera da. Ez dira zeharkako diskriminaziotzat hartuko baldin eta xedapen, irizpide edo jarduera horiek bidezko helburua dutela objektiboki justifika badaiteke.

Lanaren banaketa sexuala

Gizon eta emakumeen arteko lan ordainduaren eta lan ez ordainduaren ohiko banaketa da. Banaketa horren arabera, emakumeei etxeko lanen ardura dagokie eta gizonei jarduera publikoa eta ekonomikoa.

Lanaldi bikoitza

Emakumeek lan ordainduaz gain, ugaltze-lanak eta etxeko lanak dakartzaten zereginak egiten dituztenean eta haien bikote edo mutil-lagunek dagokiena egiten ez dutenean sortzen da.

Etxeko espazioa

Hazkuntza, maitasuna eta mendeko pertsonen zainketa egiten diren ugaltze-eremua; hau da, behar pertsonalak asetzen diren lekua. Espazio horretan kokatu ohi zaie emakumeei.

Espazio pribatua

Beste inori ematen ez zaion norberaren espazioa eta denbora da, pertsonek beretzat eskuratzen dutena, etxeko espaziotik edo espazio publikotik kanpo. Espazio horretan lantzen du gizakiak bere burua, ondoren eremu publikora proiektatzeko.

Espazio publikoa

Produkzio- eta jarduera-eremua da, bertan egiten du lan pertsonak, bai eta bizitza soziala, politikoa eta ekonomikoa egin ere. Espazio horretan kokatu ohi dira gizonak.

Genero-estereotipoak

Emakumeak eta gizonak nolakoak diren adierazten duten irudi mental oso sinplifikatuak eta aldez aurretik pentsatuak dira.

Eraginaren ebaluazioa, generoaren arabera

Politikek eta programek emakume eta gizonengan duten eraginaren azterketa da, ondorio diskriminatzaileak indargabetzeko eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko.

Feminismoa

Pentsamendu-korronte bat da, sexu bien arteko eskubide- eta aukera-berdintasunaren alde egiten duena. Mundua, botere-harremanak, gizarte-egiturak eta sexuen arteko harremanak ulertzeko modu desberdina da.

Generoa/sexua

Gizon eta emakumeen arteko ikasitako gizarte-desberdintasunari erreferentzia egiten dion kontzeptua da. Emakumeek jasaten duten diskriminazioa eta desberdintasunak azaltzeko balio du.

Gerda Lernerrek hauxe dio generoaz: “gizarte eta une jakin batean, sexuen jokaera egokiari buruzko definizio kulturala da”. Carole Patemanek hau adierazten du: “Emakumearen posizioa ez dago naturaren, biologiaren edo sexuaren mende; aitzitik, amarru politiko eta sozialaren mende dago”. Alicia Puleoren iritziz, generoa “gizarte bakoitzak maskulinoaz eta femeninoaz duen iritziari buruz kulturalki eraikitako izaera da”. Joan W. Scottek hau azpimarratzen du: “generoa esperientzia egituratzen eta itxuratzen laguntzen duten jarduerek gauzatzen dute. Generoa sexu biologikoen eraikuntza diskurtsiboa eta kulturala da”.

Emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasuna

Gizartean, gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunak ezabatzea da, biek parte-har dezaten eta onura berdinak lor ditzaten arlo guztietan: ekonomian, politikan, gizartean, erabakiak hartzean eta jardueretan.

Genero-adierazleak

Emakumeek eta gizonek gizartean duten egoera desberdinaren berri eman eta deskribatzen duten azterketa-aldagaiak dira. Generoari loturiko aldaketak denboran zehar aztertzeko aukera ematen dute, berdintasun-maila neurtzeko.

Genero-mainstreaminga/Genero-ikuspegiaren integrazioa/Zeharkakotasuna

Emakumeen eta gizonen egoerak, lehentasunak eta beharrak politika guztietan sistematikoki integratzea da, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko. Halaber, politika eta neurri orokor guztiez baliatzea da, berdintasuna lortzeko, kontuan izanik, plangintza-fasetik bertatik, politika eta neurri horiek gizon eta emakumeen egoeretan dituzten eraginak aplikatzen, ikuskatzen eta ebaluatzen direnean (COM –96– 67 batzordearen adierazpena, 1996.2.21). Terminoaren itzulpena zeharkakotasuna ere bada.

Berdintasunari buruzko araudia

Oztopoak ezabatzeko berariazko arau eta arau-zatiak dira, emakumeek garapen osoa eta gizarteko arlo guztietan sartzea lor dezaten.

Emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatua

Botere-posizioak eta erabaki-hartzeak emakume eta gizonen artean banatzea da (% 40 eta % 60 artean, sexuka) bizitzako arlo guztietan, baldintza garrantzitsua baita gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako. (Kontseiluaren 96/694 gomendioa, 1996ko abenduaren 2koa, DO L 319).

Genero-ikuspegia

Politika, programa edo proiektu baten edozein jardueratan, emakume eta gizonen arteko desberdintasunak kontuan hartzea da.

Genero-eginkizunak

Kultura batek sexuei ematen dizkien zeregin eta jarduerak dira genero-eginkizunak.

Lan-merkatuan bereiztea

Emakumeak eta gizonak jarduera- eta enplegu-maila desberdinetan biltzea da. Emakumeek gizonek baino lanbide-aukera murritzagoa dute (bereizketa horizontala), bai eta maila baxuagoko lanbideak ere (bereizketa bertikala).

Bereizketa horizontala

Emakumeak eta gizonak berariazko sektore eta enpleguetan biltzea da.

Bereizketa bertikala

Emakumeak eta gizonak berariazko erantzukizun- edo postu-mailetan biltzea da.

Sexua

Arra eta emea bereizten dituzten ezaugarri biologikoak dira. Biologiari eta naturalari bakarrik dagokio: pertsonen arteko desberdintasun biologikoei.

Genero-sistema

Ohiko eginkizun maskulinoak eta femeninoak iraunarazten dituzten gizarte- eta ekonomia-egiturak dira, bai eta gizon eta emakumeekin betidanik loturiko guztia.

Kristalezko sabaia

Emakumeek beren bizitza profesionaleko une jakin batean aurkitzen duten barrera ikusezinari esaten zaio. Barrera horrek ez die uzten postu garrantzitsuak edo erantzukizun handikoak eskuratzen, gizonek menderatzen dituzten erakundeen egitura konplexuen ondorioz.

Definizioak leku hauetatik atera dira: