Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 8ko kanpainak nesken eta mutilen artean desberdintasunak eragiten dituzten mezuen gainean ohartaraziko du (Gobernu Bilera 2016-03-07)

imagen_consejo_gobierno.jpg

2016.eko martxoak 08

Aurtengo leloa, «Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu», berdintasuna lantzeko aldarria da.

Botere-harremanak bere horretan betikotzen dituzten mezuen hartzailetzat jotzen ditu neska eta mutil gazteak.

Aurtengo martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, Emakundek arreta jarri du neskek eta mutilek egunero jasotzen dituzten mezu sexistetan, generoen arteko botere-harremanak bere horretan betikotzen dituztelako.

Kanpainaren leloa honakoa da: «Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu. Aldatu dezagun. Egin dezagun berdintasuna». Kanpainak salatzen du neskek, besteak beste, edertasunari, ontasunari, diskrezioari, zaintzari eta otzantasunari buruzko mezuak jasotzen dituztela, eta mutilek, berriz, agresibitateari, arrakastari, anbizioari edo sentimenduak ukatzeari buruzkoak.

Kontu beragatik neskei «ez zaitez marisarjento izan» esaten zaie eta mutilei, berriz, «liderra izateko gaitasuna» dutela. Neskak, nagusiki, ederragatik balioesten dira, eta besteekin atsegina izateko hezten dira («Bai polita nire neska!»); mutilek, aldiz, ahalduntze-mezuak jasotzen dituzte («Nire txapelduna!»). Neskak babesa behar duten ustean hezten dira; mutilak, buruaskiak direnekoan. Neskei esaten zaie ezer baino lehen daudela maitasuna eta zaintza; mutilei, sentimenduak ukatu behar dituztela («Mutilek ez dute negar egiten») eta esparru publikoan arrakasta lortu behar dutela.

Emakundek azpimarratu duenez, gazteek egunero jasotzen dituzten mezuez jabetu behar gara, nortasuna eraikitzen dutelako jasotako tratuaren arabera: emakume eta gizon izaten ikasten dute eragile gizarteratzaileek –hala nola, familiak, eskolak, lagunek, komunikabideek, publizitateak eta abarrek–, helarazitako mezuen bitartez.

Gizarteratze-prozesuak bizitza osoan irauten du, baina eragin handia du bereziki haurtzaroan eta nerabezaroan, adin horietan ikasten direlako batzuengandik eta besteengandik espero diren jokabideak, onartzen direnak eta zigortzen direnak. Emakundek nabarmendu du antzeratze- eta identifikazio-mekanismoen bitartez ikasten dugula pertsonek eta familiak horretan duen garrantzia azpimarratu du, lehen eragile gizarteratzailea den aldetik.

Kanpainak martxoaren 1etik 15era iraungo du eta helburua da egunez egunekoan dauden desberdintasunak hautematea. Aurreko kanpainetan erabilitako claimari eutsi zaio, «Berdin gehiago da», berdintasunak gizarte osoari onura ekartzen diolako ideia azpimarratzeko.