Azken eguneratzea: 2008/02/27
KIDEITU proiektuaren amaiera
Hiru urteko ibilbidea; lorpen ugari
2007ko abenduan amaitutzat eman genuen EQUAL KIDEITU proiektua; ikasgai eta ikaskuntza ugariz betetako proiektua izan da.
Equal Kideitu / Emakunde

KIDEITU proiektua iritsi da amaierara. Ikaskuntzaz, lorpenez eta erronkez betetako proiektua izan da, parte hartu dugun erakundeetan berdintasunerako etapa bati hasiera emateko.

Gure proiektua itzal handiko ekimena izan da enplegu-erakundeen eta agenteen artean berdintasun-printzipioa txertatzeko; pertsona askoren lankidetzari, lanari, ahaleginari eta profesionaltasunari esker lortu da hori, bai eta parte hartu duten erakundeen konpromisoari eta bultzada politikoari esker ere.

Programari esker ikasi dugu, berdintasun-printzipioa erakundeetan eta programetan txertatzeko, lehenengo, agenteak kontzientziatu behar ditugula –politikoak nahiz teknikariak–, kontura daitezen horrek berebiziko garrantzia duela lana eta kalitatea hobetzeko. Halaber, ohartu gara horrelako prozesuak geldoak direla, adostasun egokiak lortu behar baitira. Hobe da pauso txikiak baina sendoak ematea, handiak eta egonkortasunik gabeak baino.

 Hirugarren eta azkeneko ikaskuntza bat nabarmendu nahi dugu, ikaskuntza garrantzitsua, alegia: emakumezkoen eta gizonezkoen aukera-berdintasuna lor daiteke, baldin eta hori posible egiten duten pertsonak badaude. Pertsona horiek saiatu, ahalegindu, motibazioa sortu eta helburu zail horretan aurrera egiteko gogoa jartzen dute, eta egunero zalantzak sortzen zaizkie, esperimentatu eta aukerak bilatzen dituzte –beren enplegu-bulegoetan, garapen-agentzietan, prestakuntza-geletan...–, gizarte justuagoa eta demokratikoagoa eratzeko, emakumeak eta gizonak erabat onartuak izan daitezen eta parte-hartze osoa izan dezaten.

Badakigu, halere, ezin garela hemen geratu. Berdintasunak eta enpleguak hobetzen eta aurrera egiten jarraitzeko eskatzen digute. Erein dugu "hazia" erakundeetan eta horien agenteengan, baina eutsi egin beharko zaio horien sentikortasunari, konpromisoari eta lanari, emaitzak lortzen jarraitzeko.

EQUAL KIDEITUn espero dugu, Emakunde erakunde koordinatzailea izanik, eta beste bitarteko eta bide batzuen bitartez, zuekin guztiekin lankidetzan jarraitzea, eta berdintasuna lortzeko ahalegin guztiei eustea.

Berdintasunerako bidean egingo dugu topo. Laster arte.