2010eko martxoaren 8ko kanpaina
ORDU ASKO ETA DENBORA GUTXI, AURTENGO MARTXOAREN 8KO KANPAINAREN LELOA
Deskargatu: Horma-irudia (PDF, 150 KB) | Entzutekoak (MP3, 850 KB)
Emakundek aurtengo martxoaren 8rako prestatu duen kanpainaren leloa “Ordu asko eta denbora gutxi” da eta bere mezua da gizarte osoaren elkarlana beharrezkoa dela gure buruarentzat, lagunentzat, familiarentzat eta lanerako dugun denboraren arteko oreka lortzeko. Honekin batera, gogoratzen du emakume eta gizonek egiten duten denboraren erabilera ezberdinak berdintasunean ondorio zuzenak dituela.
Kanpainak honako egoerak ditu abiapuntu:
- Pertsonek euren buruarentzat, lagunentzat, familiarentzat eta lanerako duten denboraren artean desoreka handia dago.
- Eremu pribatuan eta publikoan gizon eta emakumeek egiten duten denboraren erabileraren artean ezberdintasunak daude.
- Etxeko lan eta zaintza lanetan dagoen denboraren erabileraren desorekak ondorio zuzenak ditu eremu publikoan emakume eta gizonek egiten duten denboraren erabileran.
- Etxeko lan eta zaintza lanetan dagoen denboraren erabileraren desorekak ondorio negatiboak ditu emakumeen estatusean, autonomia ekonomikoan, bizi baldintzetan eta osasunean. La
- Emakume eta gizonek egiten diten denboraren erabilera ezberdina oztopo bat da berdintasunaren helburuan aurrera egiteko.
Emakunderen iritziz, gure buruarentzat, lagunentzat, familiarentzat eta lanerako dugun denboraren artean dagoen desorekak gizartearen eskaera bat sortarazi du lan orduak beste modu batera antolatzearen alde, eta baita zerbitzu komunitarioen sorkuntza edo egokitzapenaren alde, bizitzaren arlo guztietara heldu ahal izateko. Horregatik sortu du kanpaina hau, hain zuzen ere: azpimarratzeko gizarte osoaren elkarlana beharrezkoa dela emakume eta gizonek eremu publiko eta pribatuan egiten dituzten erabilera ezberdinen artean oreka lortzeko.
EUSTATek dituen denboraren erabileraren azken datuen arabera (2008), emakumeek etxeko lanetan 3 ordu eta 33 minutu erabiltzen dituzte bataz beste. Gizonekin konparatuta, emakumeek egunero 2 ordu eta 4 minutu gehiago erabiltzen dituzte etxeko lanetan. Azken urteotan askorik aldatu ez den datua, kontuan izanda 2003an emakumeek gizonek baino 2 ordu eta 6 minutu gehiago erabiltzen zituztela eremu pribatuko lan hauetarako. Pertsonen zaintzari dagokionez, pertsona helduak zein umeak, emakumeek 2 ordu eta 18 minutu erabiltzen dituzte honetan, eta gizonek ordu bete era 41 minutu.
Bat egin Emakunderen kanpainarekin facebook-en