Enplegua eta errealitate berriak
Etorkizuneko enplegua: espazioak, denborak, sektoreak, enpresak, lanpostuak, aukerak…

Enpleguaren espazio eta denbora berriak: globalizazioa
Globalizazioa dela-eta, handituz doan nazioartekotze-prozesu batean sartuta gaude. Merkatuak eta enpresak hedatzen ari dira, eta herrialdeen mugak gainditzen dituen dimentsioa hartzen. Ekonomiaren eta enpleguaren espazioak nazioarteko bihurtzen ari dira.
Bestalde, bizi-denbora bikoiztu egin da, baina horren banaketa desorekatu. Hiru herenen gizartean -hezkuntza, lana eta erretiroa-, pertsona batzuek sobera dute denbora, eta beste batzuk, berriz, ez dira ailegatzen. Hori horrela izanik, lan-aukera berriak sor daitezke (denbora kudeatzea; batzuen denbora betetzea eta beste batzuen lana arintzea); aitzitik, aplikatutako balioen arabera, egonkortasuna gal dezakete, bai adineko pertsonek -bakardadeagatik-, bai adin ertaineko emakumeek eta gizonek -denbora faltagatik-.
Sektore berriak: hirugarren sektorea
Nekazaritzak gero eta pisu txikiagoa du herrialde garatuetan. Industria krisi- eta birmoldaketa-prozesuetan sartuta dago. Une honetan, zerbitzuen sektorea da munduko ekonomiaren eragilea. Mendebaldeko ia herrialde guztietan, zerbitzuen arlokoak dira azken urteotan gehien hazi diren eta dinamismorik handiena izan duten sektore gehienak. Gainera, polarizazio hori hazi egingo da ezagutzaren gizartean.
Ezagutzaren Gizartea eta bazterketa-arriskua
Manuel Castellsek -munduan informazioaren gizarteari buruz gehien dakiten adituetako batek- esan bezala, hau da gizarte-sistema berri horren ezaugarria: gizarte-desberdintasuna, -polarizazioa eta -bazterketa eragiteko joera; hau da, hazi egingo dira, bai gizarte-eskalaren gailurra, bai oinarria. Lau dira hori eragingo duten faktoreak: lan-profilen arteko bereizketa -Castellsek lan autoprogramagarria eta lan generikoa deitzen die horiei-, lan-jardueraren indibidualizazioa, Ongizate Estatuaren gutxikako desagerpena eta, azkenik, gizabanakoen deslotura, bai gizabanako moduan, bai kapitalismo informazional globalaren dinamikako langile/kontsumitzaile moduan.
Enpresak: nork sortzen du enplegua?
Enpresa handiek eta sektore publikoak jada ez dute enplegurik sortzen lehengo erritmoan. Enplegua txikitzen ari da, dimentsio txikiko unitateetan antolatzen eta banan-banan sortzen. Beraz, enpresa txikiek eta ertainek daukate egun enplegua sortzeko benetako ahalmena.
Halaber, gero eta enpresa gehiago sartzen dira bat egiteko prozesuetan. Bankuen sektorea enpresa-kontzentrazio horien adibide argia da.
Eta zer motatako enplegua sortzen da?
Jada, ez da ohikoa bizitza osorako enplegu egonkorra. Malgutasun handiak bereizten du ibilbide profesionala, bi zentzutan: lanpostu batetik bestera aldatzean eta, lanpostu berberaren barruan, eskatutako gaitasunetan.
Lanpostuaren ideia berriak ia behartu egiten gaitu zerbitzu profesionalen emaile bihurtzera. Horretarako, ekintzaileak izan behar dugu geure ibilbide profesionalean, lan-arloko aldaketek eta ziurgabetasunek gure kokapenari kalterik egin ez diezaioten. Horrez gain, etengabe prestatzeko prozesuetan sartu behar dugu gure lan-bizitzan; ez gaitasun teknikoak barneratzeko soilik, baita enpleguaren eta enplegagarritasunaren arloan kokapena hobetzeko jarrerazko eta trebetasunezko gaitasunak geureganatzeko ere.
Gainera, hauekin lotutako lanbide eta enplegu-arlo berriak agertzen ari dira:
• Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (e-lanpostuak).
• Turismoa. Aurreikuspenen arabera, turismoa ehuneko lau haziko da 2020. urtea bitartean.
• Ingurumena. Zalantzarik gabe, ingurumenaren ikerketa, ikuskapena eta kudeaketa etorkizuneko enplegu-arloak dira -ordena horretan-.
• Pertsonekiko zerbitzuak. Haurrak eta adinekoak zaintzea, segurtasuna, aisia, osasuna, etxebizitza, kultura, gizarteratzea... Zer esanik ez, biztanleen zahartzeari buruzko errealitate eztabaidaezina eta aurreikuspenak ikusita.
Gure ekonomia- eta enplegu-eredua: agortzen ari den eredua
Munduko egoera zein den ikusita, eta azken urteotako hazkuntza-datuak positiboak izan badira ere, arlo honetako aditu nagusiak ohartarazten ari dira gure ekonomia- eta enplegu-eredua ahula dela.
Hazkuntza-eredu iraunkorrena bizitegi-kontsumoan, eraikuntzan eta abarretan oinarritzen da, gero eta konplexuagoak diren produkzio-errealitate berriekin bat datozen sektoretan eta jardueretan baino gehiago. Gure lurraldeetan, ekonomia manufaktura tradizionaletan espezializatuta dago; ez da oso intentsiboa teknologia aldetik eta eskulana ez dago ongi prestatuta -beraz, ordezka daiteke-. Nolanahi ere, eskulana jada ez da merkea, eta, horrenbestez, ezin du Txinarekin edota Europako Ekialdeko herrialdeekin lehiatu.
Azkenak gara ikerketan eta berrikuntzan, eta urrun gaude informazioaren eta ezagutzaren gizartean leku bat izatetik.
Erronka horri aurre egitea erabat funtsezkoa da gure ekonomia eta enplegua suspertzeko, eta, horretarako, goi-mailako hezkuntza eta teknologiak dira gakoa. Hain zuzen ere, emakumeek jauzi handia egin dezakete testuinguru horretan, bai sortzen ari diren lan-merkatuetan leku onean kokatzeko, bai leku horretatik aldaketarako eta berdintasunerako eragile izateko.
Gainera, adituek esan bezala, bi gaitz dauzkagu: 'oinarrian hornitu gabeko lan-merkatua' eta gaixotasun kroniko bat, ezkutuko ekonomia. Gaur egun, arraila handia dago hezkuntza- eta errenta-mailan izugarri hazi den biztanleriaren lan-itxaropenaren eta lanpostuen errealitatearen artean -gero eta eskasagoak eta ezegonkorragoak baitira-. Oso gai garrantzitsua da hori, eta etorkinen etorrerarekin lotzen da. Kudeatu beharreko erronka konplexua da.
